GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-04-30
Joxean Agirre - Askatasunako kidea
Gerturik daukagu odola

Jokin Gorostidi hil zela jakinda, zuri-beltzeko irudien itzalak pinportu zigun azala. Kolore anitzez margoturik hasi zen urtarrila Euskal Herrian, presoen alde aspaldi egiten zen manifestazio handienaren lekuko. Indarrez beterik zeharkatu genuen otsaila, torturaren kontra eta 18/98 sumariotzarrean auziperatuen elkartasunez milaka eta milaka herritarren arnas biziberrituak lagunduta. Eta udaberria lehertu zen martxoan, bai egutegian, bai Bilboko kaleetan Konponbide Demokratikoaren demandan batu ginen jatorri ezberdineko ibiltarien erritmoan.

Trosta txikian, apurka genbiltzala, ETAk jarri zuen askapen prozesuari bultzada emateko hondar ale baliotsua. Eta, horretan ari ginela, trenbidea izan zen zure bihotz menderaezinaren pausaleku. Hainbeste metafora ahalbidetu duen trenean eten egin baitzen zure taupa alaia.

Tolosan jaio eta Deban errotu bitartean, bidaiari borrokatua izan genuen Jokin. Konprometituenen bidaide; izan ere, beti erakutsi baitzigun bidea ibilian urratzen dela, eta bidezidorrak borrokaren menturaz hartu behar direla, ez nekearen beldurrean. Ez zen nolanahikoa haren eskarmentua, eta, ordainean, errepresaliatuen gazi-gozo ia guztiak ezagutu zituen bizitzan zehar.

Gaur egungo demokrata ahobero asko frankismoaren neurrira afanatzen ziren garai zailene- tan, Euskal Herriaren alde jardun zuen suharki. Isilpeko apaltasunetik, lau hamarkadako historiaren kapitulu ahaztezinak idazten lagundu zuen klandestinitatetik. ETAren lehen ekintzetan parte hartuz, egin dugun bideari ematen zion perspektiba bere testigantzak: borrokak ekarri gaitu honaino, ez saldukeriak. Herri zahar honek izan duen erantzun gaitasuna, erakutsi duen harrotasuna, ikasi duen autodefentsa dira gaur egun dugun kapital politiko handiena. Gure memoria kolektiboaren sotoan dugu gordeta irakas- pen horren giltzarria.

Itziarrekin batera atxilotu zuten lehenengoz, eta elkarrekin ere jasan behar izan zuten torturaren latza. Oraindik orain gure errepideetan zelatan ohi ditugun okupazio indarrek eraman, eta, Ibonek eta Sandrak bezala, aurrez aurre ezagutu zuen sei mila euskal herritarren patu berbera: kalabozoetako min hezea, aitormena edota inkulpazioa helburu duen basakeria. Meliton Manzanas-en oinordekoek jarraitzen dute kasernetan, eta goardia zibilak eta polizia nazionalak ez ezik, Ertzaintzak ere torturatzen du. Berrogei urte igarota, protokoloak arautzen du sufrikarioa.

Eta gero, kartzela. Zortzi urtez bazterretik bazterrera, dispertsio politikaren aurrekaria ezagutu zuen larru-azalean. Murtziako presondegian egon nintzenean, kartzelari zahar bat hurbildu zitzaidan hara iritsi berria nengoenean. Hitz aspertutan hasita, Jokin ezagutu zuela esan zidan. Hogeita bost urte lehenago hura ere izan zen haren atezaindari; Francoren heriotzak ezer gutxi aldatu zuen beste froga bat. Hala eta guztiz ere, kartzelari triste-zatar haren gazigabeko bizitzan, Jokin Gorostidi ezagutu izanak ematen zion distira. Zer kontatua.

1977ko maiatzean utzi zuen kartzela, baina erbestera bidali zuten Bruselara. Orduz geroztik, milaka euskal herritar bihurtu dira ikusezin edo hartu diote neurria herriminari. Oraindik bi mila iheslarien argazkiak daude euskal sutondo gainetan. Haren itzulera, ordea, intsumisio ekimen zoragarria izan zen, Askatasunaren aldeko Ibilaldiaren altzoan, Durangon hautsi baitzuen ­Telesfororen ondoan­ erbestearen zigorra.

Ondorengo urteetan Herri Batasunatik, hautagai eta hautetsi, mahaikide zein parlamentari, lotu zitzaion betiko bideari. Nazioarteko lanetan, Cabo Verde-ko deportatuekin egonda, larriki gaixotu zen, baina horrek ez zuen bere bizitza testigantza eten. Biziaren soka luzean isilpeko zeregin askotan murgildu zen: beti Euskal Herria helburu. Xakiren aurkako operatiboaren ondorioz, berriro inputatuen aulkira eraman zuen Garzonek. Heriotzak Madrilgo Auzitegi Nazionaleko makroepaiketatik erauzi du, eta izar berri bat piztu du gure ortzimugan. Baina hunkiturik gaude, Jokin, Euskal Herriaren kontrako epaiketa guztiak irabaziko ditugun arren, garaipena zure ondoan ospatzea lapurtu digute.

Errepresaliatuen ondoan beti, errepresioaren jomugan eman zuelako bizitza. Askatasuna antolakundeak Euskal Herriaren eskubideen defentsan eta errepresalia- tu politikoen eskubideen alde jarduten du. Horregatik daukagu hain gertuko Jokin Gorostidiren bizitza-ibilera. Guretzat premiazkoenak diren lorpenak barne. Amnistia eta askatasuna behar ditu herri honek, eta baldintza demokratikoak prozesu horren garapena egin ahal izateko.

Aukera historiko baten atarian jarri gaitu urteetako borrokak. Askatasuna eskura dugu, eta Euskal Herria da subjektu eta helburu. Jokinek eta Itziarrek, beste askok bezala, argia ematen digute ataka honetan. Ez ditzagun ahantzi trenbide- aren azken geltokian itzeleko testigantza hauek. Burgosko Prozesuan, bi heriotza zigor ezarriko zizkiotela jakinda, epai- mahai militarrari Eusko Gudariak abesten erantzun ziotenak.

Egon zaitez lasai, herri honek ere gerturik baitauka odola askatasunaren aldez emateko. Azken unera arte bihotz ondoan eraman duzun argiontzia pizturik mantenduko dugu. Hitza hitz.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Montejurra, 30 de años de impunidad sobre la matanza con más testigos
Mundua
Prodi araña las dos presidencias del Parlamento y Berlusconi capitula al fin
Kirolak
Poco punto para tantas oportunidades
Kirolak
Biarritzek ez du Avironekin inongo gupidarik izan
Euskal Herria
«El foro multipartito se constituirá posiblemente después del verano»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea