GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-05-20
Balendin Enbeitaren omenezko jaialdia gaur, haren jaiotzaren mendeurrenean
Balendin Enbeita Goiria, Muxikan, Usparitxa auzuneko Jeuri baserrian jaio zen 1906ko maiatzaren 20an. Gaur beteko da, beraz, haren jaiotzaren mendeurrena, eta egingo dira, ondorioz, haren jaioterrian, Muxikan, bertsolaria gogoratuz prestatu duten egitarauko ekitaldi nagusia, otxoteak, trikitilariek, bertsolariek eta dantzariek parte hartuko duten jaialdia, Balendin bertsolaria, dantzaria, antzerki idazlea, otxote bateko kidea eta beste hainbat gauza izan baitzen.


Mahai ingurua atzo; gaur, jaialdia
Gaur mende bat jaio zen Balendin Enbeita Muxikan, eta jaialdi handi batekin ospatuko dute eguna. Danok Bat Portugaleteko otxotea; Kepa eta Roberto trikitilariak; Onintza, Oihane, Zigor eta Xabier bertsolariak eta dantzariak izango dira. Jaialdia Ariatzako elizan egingo dute 20.00etan. «Balendin bertsolaria, idazlea, antzerkigilea, dantzaria, otxote bateko kidea eta beste hainbat gauza izan zen, eta gaurko jaialdian haren alderdi horiek guztiak erakutsi nahi ditugu irudien bidez pantaila batean, dantzariek, otxoteak eta bertsolariek beren lana egiten duten bitartean», esan zuen Jon Enbeitak. Atzo Muxikan mahai ingurua egin zuten Xabier Amuriza, Pedro Mari Aldana, Abel Muniategi eta Kepa Enbeita hizlari zirela. Bihar, 17.00etan, bertso saioa egingo dute Gorozikako pilotalekuan. Elortza, Iturriaga, Amets Arzallus, Lujanbio, Colina eta Jon Enbeita izango dira kantuan. Eta ondoren herri afaria eta trikitilariak izango dira. Irailean beste ekitaldi batzuk izango dira haren heriotza gogorarazteko.
Balendin Berriootxoa beato egin zuten egunean jaio zen Balendin Enbeita. Mutila izanez gero, Agustin izena zuten gurasoek pentsaturik; baina, gertaera horregatik, Balendin deitzea erabaki zuten. Balendin zortzi neba-arrebatan zaharrena izan zen.

Bere aita, Urretxindorra, guda aurrean bezala, guda ostean bera bihurtu zen erreferentzia, Bizkaian bereziki, ez bertsolariena bakarrik, euskaltzale eta abertzaleena ere bai. Bere seme Jon Enbeitak omenaldiaren aurkezpenean kontatu zuenez, zazpi urterekin hasi zen eskolan, baina laster utzi behar izan zuen gurasoei baserriko lanetan laguntzeko. Arotz ikasketak egin eta ofizio horretan aritu zen lehenik, eta garraiolari ibili zen gero anaia Imanolekin. 1935ean ezkondu zen Klara Ealorekin horren Ormaetxe baserrira, eta hurrengo urteko urriaren 24an jaioko zen lehenengo semea. Baina iritsi zen zoritxarreko gerra, eta kamioia eramateaz gain, baserria ere goitik behera hustu zioten. «Etxea bera lepoan eroateko astuntxua nonbait eta lehengo lekuan egoan», idatziko zuen bere liburuan.

Gernika garretan

Baserri aurretik ikusi zuen Gernika garretan. Etxea utzi eta alde egin behar izan zuten. Aitaginarreba Loiun behiekin geratu zen, eta bera, emaztea eta haurtxoarekin, Bilbora. Baina laster eurek ere banandu behar izan zuten. Bizkargiko frontera bidali zuten lotura moduan.

Zaurituta erori zen, Lezaman. Sendatu zenerako, bere batailoia etsaien esku eroria zen. Italiarrak izango ziren lehendabizi eta gero ‘nazionalak’. Lehendabiziko ‘kontzentrazio eremutik’ atera eta Laredoko frantziskotarren komentura sartu zituzten. Gero Laredotik Duesora, Puerto de Santamariara... lau urtean. «Espetxetik itzuli zenean, baserriko lanari ekin behar izan zion, baita beste sei seme-alaba munduratu ere, bost seme eta alaba bat. Azken egunera arte jardungo zuen baserriko zereginetan», esan zuen Jonek. Ume-umetatik murgildu zen Balendin bertsoaren magian: bost urte inguru izango zituen aitarekin, Bizkargin, ikasitako bi bertso abestu zituenean.

«Baina, nahiz eta lehenengo bertsoak aitaren eskutik abestu, aitona izango zen, plazaratu arte, bere benetako irakaslea. Urretxindorrari errespetu eta lotsa handia zion Balendinek. Hemezortzi urte igaroko ziren aitarekin plazan kantatzera ausartuko zenerako. Hogeita hiru urterako, irabazle izango dugu Mungian antolatutako txapelketa batean. Hurrengo urtean, berriz, Getxon eratu zuten beste sariketa bat, eta berriro, bera hautatuko dute txapeldun», esan zuen haren semeak, Jon Enbeitak.

Plazak ugaritzen hasi zitzaizkion, modako bertsolaria bihurtzen ari baitzen. Herrietako jaietatik aparte, hauteskunde garaian, ez zen gelditu ere egiten. Behin, egun berean, sei mitinetan parte hartu beharra izan omen zuen. Aita eta Uriarte izaten zituen gehienetan bertsolari lagun, eta Agirre, Lauaxeta... eta abar, hizlari. Hogeita sei bat urte izango zituen, Bilboko Eusko Gazteriak antolatutako bira baten, Basarrirekin Ipar Euskal Herrira joan zenean. Indartsu zetorren, baina gerrak dena eten zuen. Hamabost bat urte igaroko ziren berriro argia ikusten hasi orduko.

«Apurka-apurka, bertsoetarako aukerak zabaltzen hasi ziren, baina Bizkaian bera zen ia erreferentzia bakarra. Beretzat bertsoa ez zen hitzen jolas hutsa, euskararen eta herriaren zerbitzura jarri behar zen ezinbesteko tresna baizik. Alfontso Irigoien txapelketak antolatzen hasi zenean, bera izango zen irabazle lehenbiziko bietan: 1958an eta 1959an», adierazi zuen Jonek. Bat-batekoan bakarrik ez, idatzi ere asko egin zuen Balendinek. Berdin zen, igande zein astegun, kalean zein baso edo soroan, bere alkandoraren poltsikoan ez zen ez blok ez boligraforik faltako inoiz. Irabazi ere hainbat sari irabazi zituen. Liburu bi ere utzi dizkigu Balendinek: “Nere apurra” eta “Bizitzaren joanean”. Grabaketak ere bai, kasete eta diskoetan.

Lehen bertso eskola

Bere inguruan sortu zen lehenengo euskal bertso eskola, Ariatzan, 1959an, koinatu Pedro Ajuriaren tabernan. Denbora askorik iraun ez bazuen ere, ez zuen ez oihartzun gutxi izan. Abeslari boskote bat ere bazen Garrikon, Balendin tartean zela. Kirolaria ere izan zen. Atletic-ek zeukan txirrindulari taldean ibili zen. Antzerkigile moduan ere egin zituen ahalegin batzuk. 1953an “Jesusen bizitza” izeneko antzerki bat aurkeztu zuen, dena bertsoz egina. Baina gauza guztien gainetik, abertzale eta euskaltzale izan zen Balendin, eta «euskeraren arnasa» zelako maite zuen bertso. Haren izaera hitz bitan laburbiltzekotan «beti gazte» bat izan zela esan dateke. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
La Ertzaintza responde a Segi con once detenidos
Euskal Herria
Mexikok estraditatu dituen sei presoak espetxera bidali ditu Grande-Marlaskak
Ekonomia
Sindicatos cifran en el 80% el paro, que Osakidetza apenas aprecia
Mundua
El futuro se encara al pasado en las urnas
Kirolak
Crean una comisión para impulsar la oficialidad
Euskal Herria
Batasuna advierte de la «extrema gravedad» de los ataques al proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea