GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-12
Gorka KNÖRR | Abeslaria
«Disko hau amari dedikatu diogu, zorretan baikeunden berarekin»
Gorka Knörrek, Natxo anaiarekin batera, disko berria kaleratu berri du bere azken musika lana egin zuenetik sei urte pasatu direnean. «Animaren zubiak» izeneko diskoan gaztelaniazko, katalanezko eta euskarazko kantak bildu ditu, eta horietako gehienak poesia edo kantagintzako izen ezagunen moldaketak dira, hala nola, Joan Manuel Serrat, Leonard Cohen, Salvador Espriú edo Mohamed Sidatirenak.

Gasteizko zenbait musikarirekin batera grabatu du Gorka Knörrek bere lan berria, hala nola, Hasier Oleaga, Iosu Izagirre, Estibaliz Oraá eta Koldo Uriartere- kin, beste batzuen artean.

­Sei urte pasatu dira zure azken diskoa kaleratu zenuenetik. Zergatik hainbeste denbora hurrengoa kaleratu arte?

Orain arte ez da nire lehentasuna izan nahiz eta kantatzen ibili garen. Oraingo honetan anaiak eta biok katalanez grabatzeko gogoa genuen. Santa Susanna herri katalanean egiten den Shakespeare jaialdira gonbidatu gintuzten 2004ko irailean eta han gauzatu zen ideia. Hango alkatearen laguntzarekin estudio txiki batean sartu eta grabatu genuen. Gerora Gasteizko Sonora estudioetan egon ginen lantzen. Aritu garen musikarien artean Koldo Uriartek eginiko moldaketa oso garrantzitsua izan da. Disko hau amari dedikatua da. Amarekin zorretan baikeunden berarengatik jaso dugulako hizkuntza katalana, baita hainbat erreferentzia eta ńabardura ere.

­Diskoa zuk zeuk katalanez lehenengoz idatziriko abestiak irekitzen du, ezta?

Bai, horrela da. Lehenengo aldia da katalanez idazten dudana, nahiz eta katalanez mintzatzen euskaraz baino lehenago ikasi nuen. Guztira sei hizkuntza dakizkit, gaztelania, katalana, frantsesa, euskara, italiera eta ingelesa. Euskara eta ingelesa ia batera ikasi nituen.

­Jaume Sisa, Vicent Torrent, Leonard Cohen, Raimon, Salvador Espriú, Juan Miguel Irigarai eta Mohamed Sadiren kantak edo poemak moldatu dituzu lan honetan. Zeren arabera egin duzu aukeraketa?

Gure gustukoak diren kantak aukeratu ditugu. Bide batez nire aurreko diskoetako kantak berriz grabatzeko ere aprobetxatu dugu. Kanta batzuen freskotasuna mantendu nahi izan dugu, hala nola, ahotsa soilik agertuz. Joan Manuel Serraten abestiari dagokionez, “Paraules de amor”, gipuzkera peto-petoan zen bertsioaren moldaketa da. Baina aukeraketa kantari garrantzitsuenen kanten edo euren poesien arabera egin da. Adibidez, Raimonen, “D’un temps, d’un país”, oso kantu erreibindikatiboa da. Europako Fronte Polisarioko Mohamed Sadi nire lagun handiak testua eskura eman zidan eta galdetu zidan ea zergatik ez nuen zerbait egiten horrekin. Azkenean Gasteizko saharar batzuekin grabatu genuen.

­Zure jaioterria izateaz gain (Tarragona, 1950), zer erlazio mantentzen duzu Kataluniarekin?

Betidanik izan ditudan harremanak mantentzen ditut. Harreman horietako asko azkenengo urtetan politika ekintzei loturikoak izan dira batez ere. Eta memento honetan are gehiago, datorren uztailean banoalako Kataluniara bizitzera eta lan egitera.

­Nola eraman duzu orain artean politika eta kantagintza binomioa?

Kantagintzan buru-belarri murgilduta izan nintzen 1984ra arte eta handik aurrera bigarren mailara pasatu zen. Halere, beti jarraitu izan dut kantatzen, batez ere ongintzazko jaialdietan. 1999an Europako Parlamentuan nengoela erabaki nuen berriz grabatzera bueltatzea. Batez ere jendeak galdetzen zidalako. Baina grabaketan sartzeko gogorik ez nuen, jendeak disko baten atzean dagoen lana ez baitu ikusten. Hortaz, disko bat grabatzeko aukera ez ezik animoak ere behar dira.

­Hortaz, orain politika utzi duzula, musikak hartuko al du lehentasuna zure bizitzan?

Ez dut nik politika utzi, berak ni baizik (barreak). Ez, egiatan, ez dut sekula politika abandonatu. Memento honetan alderdirik gabeko pertsona naiz eta, egia esan, minduta nagoen arren, politika beste modu batez bizitzen saiatuko naiz. 68ko maiatzean 18 urte genuenok politika abandonatzea ez dut uste gauza erraza dugunik. Beraz, beste era batera bizi naizela esatea askoz ere egokiagoa dela uste dut. Legebiltzarretik atera nintzenean, nolabait esateko, lasaitu ederra hartu nuen. Ez duzu eguneroko esklabotza bizitzen, hark zer dioen edo egunkari hark zelan hartu dituen zuk esandakoak, etab. Alde horretatik oso lasai eta askoz ere libreago sentitzen naiz lehen baino.

­“Arimaren zubiak” izenburuak zeri erantzuten dio?

Diskoaren azalak erakusten duen moduan bi errealitate oso ezberdin dira Euskal Herrikoa eta Kataluniakoa. Mediterraneoa itsaso barea da eta gure Kantauri Itsasoa, ordea, harrotua. Bai musikan, bai politikan, baita gizartearen adierazpide askotan ere, itsasoetan bezala gertatzen da. Musikaren bitartez hori islatu nahi izan dut eta bi herrien arteko zubia ezarri nahi izan dut. Nire bizitzaren erakusgarria dena neurri batean ere.

Josune VELEZ DE MENDIZABAL


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La guerra como razón de Estado
Euskal Herria
«Herritarron hitza eta erabakia praktikan jartzeko unea da»
Mundua
El Ejército israelí «es el más ético del mundo», asegura el sucesor de Sharon
Mundua
El fin de un mito
Kirolak
Luperini y un podio de lujo elevan el prestigio
Kirolak
Robben acerca a Holanda a octavos
Kirolak
Irán echó por la borda su buen trabajo
Kirolak
Los penaltis se interponen en la hazańa
Mundua
El relator de la ONU contra la Tortura denuncia el «cinismo total» de EEUU
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea