GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > CICLISMO 2006-07-10
Atsedenik ez euskal txirrindulariak eta selekzioa bultzatzeko
Gaur Tourreko txirrindulariek lehenengo atseden eguna dute Pirinioetarako indarrak berreskuratzeko. Atsedenik ez dute hartuko, ordea, txirrindulariak eta euskal selekzioa bultzatzeko Pirinioetara joango diren euskaldunek. Bihar Euskal Jaia izango dute Soudeten eta asteazkenean, Bizikleta Martxa Santa Grazitik.

Tourra Euskal Herrira hurbiltzen ari da. Gaur atseden eguna dute txirrindulariek Bordelen, bihar Daxen esprinterrentzat aukera ezin hobea eta asteazkenean, Pirinioetan lehenengo mendate gogorrak igo beharko dituzte.

Euskaldunek bihar dute Soudetera joateko aukera arratsaldeko seietatik aurrera, ESAITek antolatutako Euskal Jaian parte hartzeko. Helburu berdinarekin, asteazkenean hamarretan Santa Grazitik abiatuko da Euskal Selekzioaren aldeko VI. Bizikleta Martxa Soudetera. Gainean hamaiketakoa eta material zozketa izango da.

ESAITek hiru bide gomendatu ditu Soudetera iristeko. Hegoaldetik Iruñea-Jaka errepidetik eta Esako urtegiaren amaieran Aret-Larra-Belagoa bidea hartu eta Aret Eski estaziora. Iparraldetik Pabe-Tolosa autobidea hartu eta 7. edo 8. irteeretan atera. Batetik, Maulera iritsi behar eta handik Atharratzeko bidea hartu, eta gero Larraine-Iratikoa. Bide horretan Kakuetako Haizpitarte eta Santa Graziko bidea hartu, handik Soudetera igotzeko. Oloronera ateratzen bada autobidetik, Aramitseko bidea hartu behar da, eta han Arette Eski estazioarena Soudetera joateko.

Asteazkeneko etapa Euskal Herriko errepideetan izango da gehienbat. Kanbotik abiatuko da (12.30), eta hau izango da ibilbidea: Helette (12.49), Irisarry (12.57), Lacarre (13.11), Larceveau (13.21), Osquich (3., 13.38), Ordiarp (13.47), Trois Villes (14.02), Laguingue (14.11), Santa Grazi (14.34), Soudet (HC, 15.08), Arette (15.32), Escott (15.51), Marie Blanque (1. 16.18), Bielle (16.29), Rebenacq (16.42), Jurançon (16.54) eta Pabera iritsiko dira txirrindulariak arratsaldeko bostetan. Azkeneko igoeratik, Marie Blanquetik, helmugara 40 kilometro daude eta Soudetetik 90 kilometro.

Leblancek iaz egindako adierazpenetan Tourra Pirinioetara astegunean etorriko zela iragarri zuen, zale gutxiago izateko eta helmugatik urruti kokatu ditu mendateak lehenengo etapan. Bigarrenean, Tarbestik abiatuko dira txirrindulariak goizeko hamaiketan. Osteguneko ibilbidea hau da: Esquieze-Sere (12.21), Bareges (12.41), Tourmalet (HC, 13.13), Campan (13.25), Aspin (1., 14.05), Arreau (14.17), Peyresourde (1., 14.56), Luchon (15.12), Portillon (1., 15.36) eta Beret-Aran (1., 16.50).

Martxel Toledo, ESAITeko koordinatzaileak azaltzen duenez, «Soudet aukeratu dugu goiko partean gure antolamendua jartzeko toki egokia dagoelako. Marie Blanquek ez digu aukerarik ematen horretarako eta gainera, ez dute usten hor kanpatzen. Euskal Herrian egitea egokia iruditu zaigu, gure etapa delako».

Iazko istiluak direla eta, Leblancen helburua zale gutxiago egotea baldin bada ere, eta horretarako Pirinio eta Alpetetako etapak astegunetan jarri baditu, Toledok euskaldunak Tourrera joatea espero du.

«Astegunetan izateak kalte egiten dio Tourrari, jende gutxiago izango delako, baina txirrindularitza gustatzen zaigunoi berdin zaigu asteguna izan edo asteburua izan, berdin-berdin joango gara, eta hor ikusiko da gure zaletasuna. Jendea Euskal Herritik joango da Tourra ikustera eta Euskal Jaian ondo pasatzera. Eztabaida sortu zen iaz Leblancek hemendik aurrera Pirinioetako etaparik ez dutela antolatuko asteburuetan adierazi zuenean, baina aurretik askotan izan dira astegunetan eta benetako zaletuak hor egon gara. Zaila da ere etapak asteburuetan bat egitea».

Eztabaida horren ondorioz, euskal zaletuen portaeraz asko hitz egin zuten, nahiz eta txirrindulariek eta zuzendariek garbi utzi euskaldunen jarrera bikaina izan dela beti.

«Arazo txiki horrek ez du zikintzen euskal zaletu guztien portaera. Bai Tourmaleten, eta hainbeste tokitan egon diren euskaldunen jarrera egokia izan da. Beti egon daiteke arazoren bat zaletu batekin, baina inor ez da guztion ordezkaria eta leku guztietan goraipatu egiten da gure zaletasuna».

Euskaltel-Euskadi da ofizialki euskaldunok ordezkatzen gaituen talde bakarra, baina ESAITetik euskal txirrindulari guztiei animatzeko deia egiten diete: «Euskal herriko zaletuek badugu euskal talde bat, baina beti esan dugu beste euskal txirrindulariak animatzera joango garela. Gainera, Tourra gure aldarrikapena plazaratzeko izugarrizko erakustokia da», dio Toledok.

Pirinioetako ESAITeko ekitaldia urtetik urtera finkatuagoa dago: «Duela sei urte hasi ginen eta beti antzeko formatuarekin. Hastea beti da zaila, baina orain jendeak badaki urtero ESAITek antolatzen duela Euskal Jaia eta Bizikleta Martxa eta gurekin dator ondo pasatzera eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egitera. Lortu dugu euskaldunen artean denok jakitea ESAIT zer den eta zertarako dagoen Tourrean».

ZABALTZEKO MEZUA

Euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena nazioartean ezagutzeko Tourra lagungarria da eta horregatik, hizkuntza ezberdinetan helburu hau azaltzen den idatzia banatu zuten iaz, eta aurten gauza bera egiteko asmoa dute. «Jendeak ikusten du herri txiki bat garela, izugarrizko zaletasuna dagoela eta gure aldarrikapena ezagutzen ari da. Badakite zer lortu nahi dugun eta zergatik aldarrikatzen dugun. Baina oraindik gure herrian hori ulertzeko arazoak baldin badaude, beste herrialdeetan gehiago».

Aurten, Soudet helmugatik urrutiegi izatea eta etapa ez dela erabakiorra arazo bat izan daiteke jendearentzat, gainera, aurten Alpeak izango dira inportanteagoak. Hala ere, ESAITekoak baikor daude euskal zaletuen erantzuna betikoa izango dela uste dute.

Tourrarekin ez dute inolako elkarrizketarik izan eta ESAITekoek nahiago dute horrela izatea. «Behin saiatu ginen ofiazialki egiten, baina laguntza baino oztopo gehiago jarri zizkiguten eta ekimena gure aldetik egitea nahiago dugu. Ez diogu inori oztoporik jartzen eta azkeneko urteetan horrela antolatu du ESAITek, baina beste talde batzuen laguntzarekin. Adibidez Zazpiak Bat taldeak bere presentziarekin kolorea ematen dio Bizikleta Martxari. Deialdi bat egiten diegu zaletu guztiei Tourrera joan daitezen, jai giroaz goza dezaten eta gure ekitaldietan parte har dezaten, eta, era berean, portaera bikaina izan dezaten. Ez dugu inolako zalantzarik, horrela izan delako beti». -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Los Miura fueron balas de casi 700 kilos
Mundua
Un avión con 201 ocupantes se estrella en el aeropuerto siberiano de Irkutsk
Kultura
Gau magiko bat Ahuzki mendian
Kirolak
Italia, mejores en situaciones difíciles
Euskal Herria
Gobierno español y ETA cerraron en febrero un acuerdo con compromisos y garantías
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss