GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-09-03
Eragile askok babestuta hasiko dute auzipetuek epaiketaren azken txanpa
2005eko azaroaren 21ean hasi eta iragan uztailaren 18an eten zen epaiketa berriro hasiko da bihar, nahiz eta euskal gizarteak eta Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalek behin eta berriz eskatu duten behin betiko bertan behera uzteko. Azken lekukoen ostean, perituen eta txostenen txanda izango da epaiketako azken saioei ekin aurretik, eta litekeena da abendura arte irautea. Edonola ere, auzipetuek babes zabala izango dute Madrilera itzultzean.

GASTEIZ

Euskal gizarteak hilabete hauetan guztietan egindako eskaerari entzungor egin, eta Auzitegi Nazional espainolak hitzordua jarri die bihar goizean 18/98 auziko inputatuei, iragan uztailaren 18an etendako epaiketari berriz ekiteko.

Epaiketa behin betiko eteteko galdeginez utzi zuten auzipetuek Casa de Campoko egoitza, baina bertara itzuli beharko dute epaileek hala erabaki dutelako. Ez dira bakarrik egongo, ordea, hainbat eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkariak ere Madrilera joan baitira babesa adieraztera, iragan ostiralean hedabideen aurrean adierazi zuten legez.

Besteren artean, Batasuna, Ezker Abertzalea, EA, Ezker Batua, AB, Aralar, Zutik, ELA, LAB, ESK, EHNE, Etxerat, Askatasuna, Askagintza, Bai Euskal Herriari, Elkartzen eta Segi taldeko kideak izan ziren 18/98+ plataformak deitutako prentsaurrekoan, eta bertan eskatu zuten epaiketa hau eta honen ostean etortzekoak direnak bertan behera utz ditzatela.

Orain arte egin bezala, auzi hauek salatzeko ekimen gehiago egingo dituztela azaldu zuten plataformako eledunek.

Perituen txanda

Epaiketari berari dagokionez, udako etenaldiaren aurretik deklaratu gabe geratu ziren lekukoen txanda izango da aste honetako lehen egunetan ­hogei bat daude deituta­, eta, horiek bukatuta, akusazioak eta defentsak aurkeztutako perituen ordua helduko da.

Polizia espainolaren eta Guardia Zibilaren informazio zerbitzuetako kideak dira fiskalak eta AVTko ordezkariek deitutako peritu gehienak. Defentsak, berriz, hainbat lan arlotan adituak diren lagunak deituko ditu auzitegiaren aurrean deklara dezaten.

Orotara, 60 perituk baino gehiagok deklaratu beharko dute heldu diren asteetan, eta beren testigantzak luze samarrak izango direla aurrez ikusten da, berek esandakoek epaiketetan duten garrantziagatik. Ondoren, fase dokumentala izango da, aldeen azken alegatuen garaia heldu aurretik.

Orduan iritsiko dira epaiketaren azken saioak. Akusazioek azken ebazpenak eta behin betiko zigor eskaerak egingo dituzte, eta defentsako hamaika abokatuek beren argudioak azalduko dizkiote epaimahaiari. Horiek hala, litekeena da epaiketak abendura arte, behintzat, irautea, eta, beraz, urtebeteko ibilbidea osatzea.

Denbora honetan guztian, bai auzipetuek baita sostengua adierazi dieten eragileek ere auziaren izaera politikoa salatu dute, eta ostiraleko agerraldian 18/98+ ekimeneko kideek beldurra azaldu zuten inputatuak Estatu espainolaren «gatibu» bihur litezkeelako.

Bihartik aurrera ezagutuko dugu inoiz hasi behar ez zuen auziak nolako bukaera duen.



Mozioak euskal udaletan

GASTEIZ

18/98 auziko inputatuek euskal gizartearen babesa dutela agerian geratu da epaiketa hasi zenetik ­baita aurretik ere­ Euskal Herri osoan egin diren ehunka orotariko ekimenetan; izan ere, milaka eta milaka lagunek parte hartu dute. Bide horri eutsiz, heldu diren asteetan auzi hau jorratuko duen mozio bat aurkeztuko dute udaletan, eta 18/98+ plataformako kideek ekimen horrek babes zabala lortuko duen itxaropena agertu dute. Ostiralean egindako agerraldian, auzipetuei sostengu ekonomikoa emateko beste ekimen bat abian jarriko dutela adierazi zuten, bai eta gizarteak parte har dezan mobilizazioetara deitzen jarraituko dutela.



Epaia eman aurretik oso zigor latza izaten ari den epaiketa
I.B.

GASTEIZ

Epaimahaia osatzen duten hiru epaileen apetazko erabakiak ari dira ezaugarritzen 18/98 auziko epaiketa, duela zortzi urte hasitako sumarioari jarraipena eman diona. Hilabete hauetan guztietan, Murillo, Poveda eta Martinez de Salinas epaileek fiskalaren tesiak hobetsi dituzte beti, defentsaren kaltetan, eta sarritan abokatuen lana oztopatu dute, 75/89 eginbideekin gertatu bezala.

Alde horretatik, defentsako abokatuek bi aldiz arbuiatu dute epaimahaia, eta auzia utz dezala eskatu diote. Baina epaileek berek ukatu dute eskaera. Gainera, Euskal Abokatuen Kontseiluak eta Abokatuen Kontseilu Nagusiak babesa eman diote defentsari, beren lana egiteko ezintasuna ikusita.

Epaile horiek, gainera, auzipetu guztiak behartu dituzte epaiketako saio guztietara joatera, nahiz eta aurretik adierazi zuten beren auziei zegozkien saioetara bakarrik joan beharko zutela.

Erabaki horrek kalte handiak eragin dizkie auzipetuei, bai ekonomian, bai osasunean, bai pertsonei berei ere. Alde horretatik, ezin ahaztu Jokin Gorostidi militante abertzale historikoaren heriotza eta auzipetu batzuen gaixotasun larriak. Istripuak ere ez dira falta izan hilabete hauetan.

Izan ere, auzipetuek nabarmendu dutenez, epaia zein den jakin aurretik, epaiketa bera zigorra izaten ari da berentzat.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Un menor fallece en el Gorbea por el impacto de una piedra
Jendartea
Bikote arazoak ez dira oporretan konpontzen
Euskal Herria
Cara a cara (o casi) entre Arzalluz y Garaikoetxea a los veinte años de la escisión del PNV
Kirolak
Josune Bereziartu recibe el premio Arco Rock Legend
Euskal Herria
Inicio de los juicios a más de cien detenidos en redadas «preventivas»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss