GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-12-10
Elektrizitate sarearen gabeziak
Argindar sarea mendixkak ezin gaindituz dabil oraindik
2004an Lapurdiko zenbait herritako argindar sarea hobetzeko lanak egin bazituzten ere, ekaitzak diren aldi oroz, mozketak izaten dira bereziki Nafarroa Beherean eta Zuberoan. EDF enpresak dioenez, Ipar Euskal Herriko geografiak oztopo anitz sortzen ditu, eta berritze lanak oso garestiak dira. Sindikatuen arabera, berriz, EDF enpresa pribatu bihurtzearen ondorioz, obra horiek egiteko baliabiderik ez dute ematen.

BAIONA

Argindarra askotan moztu dute Lapurdin, NafarroaBeherean eta Zuberoan ekaitzen ondorioz. 1999. urtean, Europan izandako eguraldi txarra zela-eta, mozketak ugariak izan ziren herrialde guztietan, baina Ipar EuskalHerrian urtero izaten dira.

Arazoa nagusiki Maule eta Donibane Garazi aldean izaten dute, eta horri irtenbide bat atzemateko, behin baino gehiagotan aipatu izan dute argindarraren hariak lurpetik pasatzeko aukera.

EDF elektrizitate banatzaile enpresak Landetan 1999an ekaitz batek sorturiko arazoak ikusi eta elektrizitate sare guztia berritzea eta hariak lurpetik pasatzea erabaki zuen.Baina Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari dagokienez, obrak egin gabe jarraitzen dute. Egoera horri buruz EDFko ordezkariekin hitz egin, eta jadanik Ipar Euskal Herrian nahiko aurrerapen izan direla nabarmendu zuten.

«Herriko etxeekin batera elkarlanean, herri askotako argindar hariak lurperatu ditugu. Gehienak 2004 urtean egin ziren», erran zuten. Adibide gisa, Saran eta Senperen egindako lana aipatu zuten. Baina sare guztia berritzeko aukera aipatzerakoan, EDFko arduradunek Ipar Euskal Herriak geografikoki arazoak sortzen dituela azaldu zuten.

«Sarea hobetzeko nahiko lan egin dela iruditzen zaigu. Baina Ipar EuskalHerrian berezitasun bat dago: lurra ez da zuzena. Mendiak badira. Obrak egiteko, beraz, diru asko inbertitu behar da. Eta sare guztia egin behar delarik, diru-xahutzea oraindik handiagoa da», adierazi zuten.

Berritze programa

2004an abiatutako lana 2007. urtean jarraitzeko asmoa dutela ziurtatu zuten, halere, EDFko ordezkariek. «2004an hainbat herritako elektrizitate hariak lurperatu eta berritu genituen, eta hori egiten jarraitzeko asmoa dugu. Baina ezinezkoa da obra horiek Ipar EuskalHerriko herri guztietan egitea, geografikoki oztopo asko baititugu», gehitu zuen.

Horiek hala, 2004an egin zituzten obra horiei esker, argindar mozketa gero eta gutxiago egiten direla nabarmendu nahi izan zuten enpresako ordezkariek. «Mozketak ez dira baitezpada Ipar EuskalHerrian dauden harien berezitasunari lotuak. Gehienetan, Landak eta Bordele aldean mota bereko arazoak direlarik izaten dira. Beraz, ez du zerikusirik sarea berritzearekin», gehitu zuten kideek.

EDF enpresako erranak zalantzan jarri zituzten sindikatuek. Haien arabera, enpresak sare guztia berritzeko eskaintzen dituen baliabideak eskasak dira. Eta, alde horretatik, joan den urriaren hasieran, haizeak azkarki ufatu ondoren, Lapurdiko bi mila bat etxebizitza argindarrik gabe geratu zirela aipatu zuten.

CGTko EDF saileko sindikatuko kidea da Jean Marc Destenabe, eta hark erran zuen: «Sarea lurpean jartzeko ez dituzte beharrezkoak diren baliabideak ematen. Badakigu Ipar Euskal Herrian geografia ez dela baitezpada zuzena, eta horrek, bistan da, horrelako proiektuak zailtzen ditu. Baina arazoa ez da bakarrik sarea lurpean jartzearena, EDFk ez baitu airean dagoen sarea berritzeko baliabiderik ematen ere».

EDF enpresa pribatu bilakatzen ari den unean, «errentagarritasun» arrazoiengatik, dirua «sozietateak erosteko» baliatzea nahiago zutela aipatu zuen Destenabek.

«Argindarraren liberalizazio prozesu batean gaude, eta, Estatu Batuetan gertatzen den bezala, mozketak biderkatu baizik ez dira eginen», gaineratu zuen. CGT sindikatuaren ustez, liberalizazio prozesuan kontraesanak daude.

«EDFenpresa diruz ongi dabil, eta sare guztia berritzeko ahalak ditu. Baina pribatizazioak egoera berriak sortzen ditu. Orain artean, herritarrari ematen zitzaion zerbitzu bat zen EDF. Gaur egun, ordea, argindarra etxeetan eskuratzen duten herritarrak bezero gisa ikusten dituzte, eta ez zerbitzu baten erabiltzaile gisa», gehitu zuen.

Nolabait, azken urteotan gutun banaketa zerbitzuan, ikastetxeetan, osasun zerbitzuan eta beste hainbat arlotan izandako zerbitzu publikoen murrizketari lotu zion CGT sindikatuak EDFrekin gertatzen ari dena. Gainera, 1946an enpresa sortu zutelarik, elkartasun ideologiaren pean bultzatu zutela jakinarazi zuen.

«Enpresa pribatuek ez zuten beharrari erantzuteko ahalik, beraz, EDF nazionalizatu egin zen. Garaian, elektrizitatearen sarea ekoizpenetik banaketa arte kontrolatu nahi zuten. Europako aginduek monopolio publikoak desegin dituzte, eta EDF enpresa konkurrentziari irekitzera behartu dute», nabarmendu zuen.

Baserri eremuak kaltetuenak

Egoera berri horrek, beste zerbitzu publiko gehienekin azken urteotan gertatu den bezala, arazo gehienak baserri eremuetan sortzen dituela gaineratu zuen sindikatuko kideak. «Etxebizitzaren prezioa merkeagoa delako, gero eta herritar gehiago baserri eremuetara joaten da bizitzera. Alta, Estatua hurbiltasuneko zerbitzuak murrizten ari da etengabe. Nola biziko dira herritar horiek? 1946. urtean baserrian edo hirian bizi ziren guztiei era bereko zerbitzua eskaintzeko sortu zuten EDF. Gaur, berdintasunaren oinarrizko printzipio horiek hankaz gora jartzen ari dira», erran zuen berriz.

Argindar sarea ez berritzeaz gain, EDF enpresa barnealdean zituen egoitzak kentzen aritu zela argitu zuen. «Hurbileko zerbitzuak izatea ezinbestekoa da zerbitzu on bat eskaintzeko», nabarmendu zuen sindikatuko kideak. Agintari politikoek egiten duten politikak eraiki nahi den gizarteari buruzko galdera pausatzen duela azaldu zuen Destenabek.

Nuevas normas para gestionar el tráfico eléctrico en Europa

En respuesta al apagón que surgió en varios países europeos a principios del pasado mes la Comisión Europea aprobó nuevas normas para mejorar la gestión de los flujos interfronterizos. Esas directivas exigen que las empresas operadoras aumenten su cooperación en la gestión de los flujos y de los cuellos de botella que existen en la red de transmisión. Las compañías tendrán que usar un método común para asignar la capacidad de transmisión considerando a la red europea como un ente único. La Comisión aseguró que las normas conducirán a una armonización del tránsito internacional de electricidad por continente, con un mejor uso de las redes. Sin embargo, no existe un sistema para controlar la aplicación de esas normas voluntarias. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Esperan concluir hoy el vaciado de combustible del arrastrero encallado
Euskal Herria
Varias generaciones, el mismo sufrimiento
Mundua
Fallecen 45 mujeres al incendiarse un hospital de rehabilitación en Moscú
Kirolak
Ronaldinho y Valdés evitan otro punto
Euskal Herria
Los médicos advierten un peligro a corto plazo para la vida de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss