GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-12-10
Lau bizkar-zorro bete literatura egiteko lehengai
«Bidaiatu nahi erara» goiburupean, Josu Iztueta, Jon Maia, Jon Arretxe eta Ander Izagirre mahai baten inguruan elkartu zituzten atzo, txangoak orrialde zurira ekartzeko esperientziaren gainean mintzo zitezen. Abentura batean sartzeko arrazoiak edozein direla, bizkar-zorroak bete idazteko material dakartzatela aitortu zuten lau hizlariek.

DURANGO

Jon Abril kazetari nafarra aritu zen moderatzaile Elkartegian egin zuten tertulian. Mahai berean, Ander Izagirre berriemaile donostiarra, JonArretxe idazlea, Jon Maia bertsolaria eta Nairobitarra autobuseko gidari eta beste hainbat abenturetan ibilitako Josu Iztueta eseri zituzten. Egin dituzten bidaiei buruz euskaraz idatzi dute laurek, eta DurangokoAzokan aurki daitezke euren lanak.

Beste hirurek ez bezala, Maiak ez du bere burua bidaiaritzat, ‘‘Apaizac obeto’’ espedizioan parte hartu bazuen ere. Quebec eta Red Bay arteko bi mila kilometro nabigatu zituen txalupa batean, XVI. mendeko balea arrantzaleen modura. Gure itsasoaren inguruko memoria historikoa berreskuratzen parte hartzeak eta abentura bat lehenengo pertsonan egin ahal izateak eraman zuten proiektu horrekin bat egitera.

Bidaiaren ondoren liburu bat egiteko asmoa zegoen, eta bera ibili zen koadernotxo batean oharrak hartzen. «Txalupak berak idazten zuen liburua urazalean; arraunkada bakoitzean txalupa ari zen sortzen liburua». Idaztea izugarri kostatzen zaiola aitortu zuen bertsolariak. «Ez da gozamena»; izan ere, bat-batean sortzen ohituta baitago Maia.

Josu Iztuetak ere ez du bere bizipenak paperera eramatea gehiegi maite, «formazioz paper ingenieria banaiz ere», esan zuen. Nahiago du entzuleari ibilitakoa diapositiben bitartez helaraztea.

Abiatu aurretiko dokumentatzeaz galdetu zien moderatzaileak, eta Josu Iztuetak adierazi zuen hogei lagunekin basamortura autobusez joaten hasi zirenean oso datu gutxi zegoela helmuga zuten tokiaren inguruan: «Misiolariren bat, bakarren bat han ibilitakoa, gidarik ez zegoen, maparik ere ez, eta bertan jasotzen genuen informazioa. Gaur egun liburu asko daude, mapak eta bertan egondako jendea. Sensazioekin idatz daiteke bidaia liburu bat eta, orduan, ez dago dokumentazio askoren premiarik, baina balea arrantzaleen historia kontatu nahi bada, dokumentazioa beharrezkoa da», adierazi zuen.

JonArretxek esan zuenez, beste barik doa kanpora. Batzuetan hegazkinean bertan erabakitzen du ondorengo asteetan egingo duen ibilbidea. Edonon aurkitzen du bere arreta erakartzen duen zerbait. «Jendea da gehien interesatzen zaidana. Herrialde batzuk oso turistikoak dira; monumentuak dituzte, paisaje ederrak, baina interesanteagoa iruditzen zait paisanajea, jendea».

Baina zerk egiten du bidaia bat literario? «Errealitatea zelangoa izan den eta errealitate hori kontatzeko trebeziak. Argi dago, bidaia batean zenbat eta putada gehiago izan, orduan eta interesgarriagoa izango da liburua.Ez denean ezer gertatu, ezer ez idaztea dago edo, bestela, imajinazioa erabiltzea», gomendatu zuen Arretxek.

Ander Izagirre disfrutatzera abiatzen da baina, era berean, idazteko materiala eskuratuko duela jakinda. Koadernoa gainean ibiltzen da beti. «Idazteko beharrak bidaia aberasgarriago egiten du. Idazteko orduan nire lehengaiak bidaiak dira. Ikusi dut konbinazio oso ona egiten dutela, biekin disfrutatzen dudala eta batak ez diola besteari lekurik kentzen», agertu zuen.

Haren iritziz, bidaia liburuak kazetaritzatik literaturatik baino hurbilago egon behar luke. «Batzuentzat zilegi da ustez gertatutakoa kontatzen duen liburu batean pertsonaia bat asmatu eta horren bidez kontatzea, abisatu gabe. Ni ez nator bat horrekin. Javier Reverte gaztelaniaz asko saltzen duenak askotan egiten du; pasarte batzuk fikzio bilakatzen ditu egia batzuk hobeto kontatzeko. Nik bere liburu bat irakurri eta episodiorik ikaragarrienean duda daukat hori benetan gertatu den ala ez», esan zuen Izagirrek. Argi du kazetariak: fikzioa eta kronika bereizi behar dira «irakurleari iruzurrik ez egiteko».

Guztiarekin, euskaraz idatzitako bidaia literatura ez da oso askotarikoa. Maia, behintzat, «eredurik gabe» zen ‘‘Apaizac obeto’’ri buruz idatzi zuenean.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Esperan concluir hoy el vaciado de combustible del arrastrero encallado
Euskal Herria
Varias generaciones, el mismo sufrimiento
Mundua
Fallecen 45 mujeres al incendiarse un hospital de rehabilitación en Moscú
Kirolak
Ronaldinho y Valdés evitan otro punto
Euskal Herria
Los médicos advierten un peligro a corto plazo para la vida de De Juana
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss