GARA > Idatzia > Kultura

Hemezortzi bertsolari lehian, Nafarroako txapela helburu

Etxarri Aranatzen jokatuko dute bihar 2007ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrea. Beste bi ere izango dira, martxoaren 3an Goizuetan eta martxoaren 10ean Berriozarren, hurrenez hurren. Guztira, hemezortzi bertsolarik kantatuko dute sailkapen saiootan, martxoaren 24an Elizondon izango den finalerako txartelaren bila. Antolaketa aldetik, aldaketa handirik ez da izango azken 28 urteotan huts egin ez duen txapelketa horretan.

Martin ANSO | IRUÑEA

Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza eta Eneko Lazkoz arituko dira bihar, 18.00etatik aurrera, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Datorren larunbatean, berriz, Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta «Etxabe», Diego Riaño, Iñigo Ibarra, Jon Elizetxe eta Iñaki Alemanen txanda izango da, Goizuetako udaletxean. Martxoaren 10ean, azkenik, Xabier Silveirak, Erika Lagomak, Miel Mari Elosegi «Luze»k, Oskar Estangak, Aritz Saraguetak eta Alazne Untxalok kantatuko dute Berriozarko Musika Eskolan. Beraz, hemezortzi dira, guztira, egun Xabier Silveirak daukan Nafarroako txapelaren bila arituko diren bertsolariak.

Elizondoko finalean, zortzi

Finala Elizondoko Lur dantzalekuan jokatuko dute, martxoaren 24an. Bertan, zortzi bertsolarik kantatuko dute: finalaurreetako hiru irabazleek -finalaurre bakoitzeko bat- gehi puntu gehien dituzten gainerako bostek.

Antolaketa aldetik, aurten ez dago aparteko aldaketarik txapelketan. Esaterako, epaile taldea iazko bera izango da; Jon Abrilek, Mikel Bujandak, Saioa Mitxelenak, Gaizka Sarasolak eta Joxe Urrozek osatutakoa, alegia. Gaiak jartzen, berriz, Alaitz Rekondo, Miren Bidarte, Manu Legarra eta Nerea Bruño arituko dira. Alaitz Rekondok berak egingo ditu saioetan aurkezlearenak.

Txapelketa beteranoa izan arren -aurten 28garrenez jokatuko dute, urte bakar batean ere huts egin gabe-, parte-hartzaileen adinari erreparatuta, gero eta gazteagoa dela esan daiteke. Gaztetasun horren lekuko da Alazne Untxalo iturendarra, aurten lehen aldiz parte hartuko duena. Iaz, hemezortzi urtez azpiko Nafarroako txapelduna izan zen Untxalo.

Txapelketa urtero antolatzeak, berriz, aurreko urteetan utzi zutenei berriz parte hartzeko aukera ematen die. Iaz Iñigo Olaetxea itzuli zen, eta aurten Aritz Saragueta bueltatu da. Eneko Lazkoz ere, iaz huts egin arren, aurten sailkatu egin da.

Txapelaren bila doazen bertsolarien jatorria begiratuta, berriz, Bortziriek bost ordezkari dituzte; Baztanek, 4; Iruñerriak, 3; Leitzak eta Araitzek, bina, eta Sakanak eta Malerrekak, bana.

Bestalde, txapelketak «Bertsoberriz» zikloari hasiera emango dio. Ziklo horrek, Bertsozale Elkarteak udal, kultur batzorde eta hainbat elkarterekin batean antolatzen duenak, Nafarroan bertsolaritza urte osoan zehar sustatzea eta ezagutaraztea du helburu. «Bertsoberriz»i Berriozarko eta Iruñeko saioekin emango diote hasiera.

Nafarroako Bertsolari Txapelketari buruzko informazio gehiago eta eguneratua nahi dutenek www.bertsozale.com webgunera jo dezakete.

Biharko saioa

Bertsolariak: Iñigo Olaetxea, Jon Barberena, Bittor Elizagoien, Julio Soto, Oier Lakuntza, Eneko Lazkoz.

Lekua: Etxarri Aranazko Kultur Etxea.

Ordua: 18.00.

Sarreren salneurria: 7 euro; 5 bazkideentzat.

Bertsolariak motibatzeko eta plazaratzeko bidea

«Txapelketa urtero antolatzen bada, txapelketaren beharra nabaritzen delako izaten da», esan du Josema Leitzak, txapelketako eragileak. Txapelketa, Nafarroan euskaraz sorturiko kultur jarduera jendetsuenetakoa izateaz gain, bertsolaritza sustatzeko oso tresna ona da, bai bertsozale diren eskualdeetan, bai bertsozale ez diren eskualdeetan ere. Baina, gainera, Nafarroako bertsolariak motibatzeko eta ezagutarazteko bidea ere bada. «Izan ere -ohartarazi du Leitzak-, Nafarroan urtean 140ren bat saio egingo dira, eta horietako askotan ez da bertako bertsolaririk aritzen. Nafarroako bertsolariak arituko diren esparru berriak aurkezteko leihoa ere izan nahi du txapelketak». Halaber, Leitzak jakinarazi duenez, bertso munduan dabiltzan eragile guztien artean aurrera begira «nolako» txapelketa behar den eztabaidatzeko aprobetxatu nahi du Bertsozale Elkarteak.

M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo