GARA > Idatzia > Kultura

«Gizona, lurraren minbizia..." gaia umorearekin marrazkiaren bitartez aztertua Marrazkirrin

Euskal Herri osoko marrazkilari amateur eta profesionalen elkargunea da urtero Marrazkirri erakusketa. Aurten, XVIII. edizioa izango du, eta hogei bat lagunen lanak elkartuko ditu martxoaren 24a arte.

Ainize BUTRON | IZURA

«Gizona, lurraren minbizia...» gaiaren inguruan umorezko marrazkiak landu behar izan dituzte aurten Marrazkirri erakusketako parte-hartzaileek. Gaur gauean hasiko da, izan ere, Izurako Haize Berri kultur etxean erakusketa, eta ondoko martxoaren 24a arte Euskal Herri osoko marrazkilarien lanak egongo dira bertan.

Kolorez edo zuri-beltzez landurik, Marrazkirrin, berriz ere, lekuko artista ospetsu edo amateur askok parte hartu dute. Aurten, hogei bat artistak asmakizun eta umorez beteriko obrak landu dituzte. Horien artean, urtero ekitaldi horretan elkartzen diren komikigile edo margolari ospetsuak daude, hau da, Marko Armspach, Asisko Urmeneta, Mikel Duvert, Piarres Erdozaintzi edo Jon Manzisidor.

Horiekin batera, beste ezezagun ugariren lan ezin hobeak elkartu dira, besteren artean, Janber Iribarnerenak, Alain Pessans-enak, Xabi Lopeperenak, Eneko Iriart-Arkotxarenak edo Arantxa Idiederrenak. Urtero bezala, Donaixtiko Erdozaintzi Etxart ikastegiko ikasleek egindako lanak ere ikusten ahalko dira. Aurten, Marrazkirrik XVIII. edizioa du. Horregatik, antolatzaileek ekitaldiaren espiritua aipatu zuten berriz ere, eta lehiaketarik ez dela eta denei irekita dagoela azaldu zuten. Mota horretako arte formaren elkargune nagusia izaten jarraitzen du, beraz, Marrazkirrik.

Urtero bezala, erakusketa horretatik at, gaur gauean marrazkilariek prestaturiko estreina gaua izango da, eta ekimenaren ekitaldi nagusia da. Marrazkilariak bertan izango dira, eta erakusketan parte hartzen dutenekin batera, aurten gonbidatu berezia izango dute: Mikel, Buffalon sortu eta Italian bizi den marrazkilaria.

Gaualdi berezia

Gaualdiaren lehen partean, bertsolariak, marrazkilariak, antzerkilariak eta musikariak bertan elkartuko direnei «barrea eragitera» joango dira.

Ondotik, urtero bezala, komikigile baten lana aurkezteko tarte bat baliatuko dute. Aurten, Peio Gutierrezek «Knossosseko ondarea» komikiaren berri emango du. Jon Maia eta Igor Elortzaren bertsoei, urtero bezala, Asisko Urmenetak eta Marko Armspach-ek marrazkiekin erantzungo diete.

Azkenik, Beñat Bidegainek eta Jean Mari Irigoinek antzerki labur batzuk emango dituzte, eta aurreko urteko pertsona ospetsuen umorez beteriko portretak egingo dituzte. Marrazkia, antzerkia eta bertsoak elkartuko dituen gaualdi hori apairu eder baten bidez igaroko da.

ARTE ELKARGUNEA

Jon Maia eta Igor Elortza bertsolariak, Marko Armspach eta Asisko Urmeneta komikigileak eta Beñat Bidegain eta Jean-Mari Irigoin antzerkilariak elkartuko dira gaur arratseko zortzi eta erdietan izango den gaualdi berezian.

Fitxa

Non: Izurako Haize Berri kultur etxea.

Noiz: otsailaren 23tik martxoaren 24a arte.

Antolatzailea: Haize Berri kultur etxea eta marrazkilariak.

Ordutegiak: arratsaldero irekia edo hitzordua eskatuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo