GARA > Idatzia > Kultura

«Ukitu, entzun eta ikusteko" moduko liburu batekin hornitu duen diskoa kaleratu du Keak

999 aletara mugatutako argitalpena hautatu du Kea Ahots Taldeak azken lana plazaratzeko. CD bat du oinarrian, baina hitzekin eta Jon Santosen margoekin hornitutako liburu batean txertatuta dator.

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Azken mendeko abesbatza musika zabaltzeko asmoz eratu zuten Kea Ahots Taldea 1997ko ekainean, eta Euskal Herrian helburu hori duen talde bakarra da egun. Taldeko abeslariak hainbat euskal abesbatzatakoak dira, eta atzoko aurkezpenean Enrique Azurtza zuzendariak gogorarazi zuenez, orok musika eta ahots heziketa zabala dute -musika arloko profesionalak dira asko eta asko-.

Moira Zeberio, Miren Garikano eta Mª Jesus Ugalde sopranoek, David Azurtza eta Omar Bartolome kontratenoreek, Arantxa Irazusta kontraltoak, Javier Alberdi, Aitor Imaz, Patxi Tardio eta Esteban Urzelai tenoreek, Jesus Garcia Arejula eta Josu Lopez Soraluze baritonoek, eta Xabier Sarasola baxuak osatzen dute, hain zuzen, Ahots Taldea.

Keak ibilbidea abiatu zuenetik emanaldi ugari egin du, bai Euskal Herrian, baita atzerrian ere. Eta, besteren artean bakarren bat aipatzearren, 2001. urteko irailean Maasmechelenen (Belgika) Nazioarteko Abesbatza Lehiaketan bigarren saria irabazi zuen ganberako abesbatzen atalean.

Urteotan, bestalde, bi disko kaleratu ditu taldeak. Baina orain sortu berri duena ezberdina da, Azurtza zuzendariaren esanetan. «Lehenbiziko biak oinarrian berdintsuak ziren monografiak zirelako; oraingoa, aldiz, antologia bat da, hamar urteotan gehien gustatu zaigun musikaren aukeraketa bat», zehaztu zuen.

«Pieza zailak; emaitza ona»

Orotara, bederatzi kanta bildu dituzte disko berrirako, eta horietako lau dira euskal musikaren erakusle: Jesus Maria Sagarnaren «Kriatura bat», David Azurtza taldekidearen «Banuazü» eta «Sicut lilium», eta «Priez pour Paix», Aita Donostiarena.

Osterantzean, eskandinabiar musika ere presente dago, «oso gustuko» dutelako, eta «oso soinu moderno eta berriak» direlako. Beste pieza bat frantsesa da, 12 ahotsetarako prestatutakoa.

Enrique Azurtzak azaldu zuen pieza oro direla «konplikatuak, abesteko zailak, batik bat armonia eta testuengatik», baina erronkari eutsi eta «oso pozik» agertu zen atzo lortutako emaitzarekin. Disko berriaren soinuaren kalitatea ere aipatu zuen adibidez, eta Estatu frantsesetik horretan laguntzera etorritako soinu teknikariaren laguntza eskertu zuen espresuki.

Nolanahi ere, lanak berritasunik ere badu. «Asmoa pintura eta musika nahastea zen, produktu berri bat ateratzeko», esan zuen zuzendariak, eta hala izan da. Hain zuzen, CDa «ukitu, entzun eta ikusi ahal izango den» liburu batean kaleratu baitute. Hori hala, atzoko aurkezpenean Azurtzak Jon Santos izan zuen aldamenean, margoen egilea. Azkenak azaldu zuenez, berak prestatu dituen ilustrazioek musika bera baino gehiago «Enriqueren zuzentzeko modua» izan dute ardatz, bere mugimenduak islatu nahian: «Finean Enriqueren eskuen dantza erabat lotuta doa musikarekin».

Disko bakoitza ezberdina da

Argitalpena «originala eta berezia» da, bere esanetan. Eta, 999 aletara mugatua izateaz gain, disko bakoitza ere ezberdina da, berdinak diren bi ilustrazio ezin baitira aurkitu. Bestalde, erosle bakoitzak bere posta elektronikoan prentsa artikuluak, kontzertuetako datak, arte erakusketak eta lan horrekin zerikusia duten beste hainbat kontu jasoko ditu. Santosen esanetan, bildumagileak ez baitira erosleak bakarrik, lanaren milaren batean akziodun jabeak baitira.

Taldearen izen bera hautatu dute lanerako («Kea»), Xabier Lizardiren poema batetik hartutakoa. Zuzendariak azaldu zuen diskoa aurkezteko kontzerturen bat egingo dutela, baina ez zuen egunik zehaztu. Ahots Taldea, bestalde, Mexikora joango da abenduan bira bat egitera.

Ficha

Grupo: Celsius 32

Discografía: «Alas» (Biga Biga)

Integrantes: David Gandara (voz), Mario Oneka (guitarra), Samuel Cerrato (teclado), Pino Almagia (batería), J.Ander Garamendi (bajo)

Presentación en directo: 9 de marzo. Pub Pippers (Algorta)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo