GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Duela 26 urte salbatu omen zen demokrazia herrena

A lexandro Handiak, Anatoliara iritsi zenean, Gordioren uztarriko korapilo askaezina aurkitu zu- en. Augurio baten arabera, korapiloa askatzeko gauza zenak Ekialdea konkistatu ahal izango zuen. Alexandrok ezin zuen korapiloa askatu, baina ezpatari heldu eta moztu egin zuen. Baita ondoren Asia konkistatu ere.

Aste honetan EPPK-k Euskal Herria aspaldi luzean bizi den gatazkaren korapiloa askatu beha- rra aldarrikatu ez ezik, askatzeko bidea ere agertu du: ezpata barik, akordio politikoa, autoderminazioa ekarriko duena, lurraldetasunarekin eta amnistiarekin batera. Diotenez, eta zentzuzkoa denez, presoen askatze hutsak ez luke gatazka konponduko; baina, modu berean, gatazka konpontzeak ezinbestez ekarri beharko du amnistia. Eta ez litzateke nahastu behar amnistia, akordioaren -eta, beraz, gatzaka gainditzearen- ondorio logikoa, eta legeak betetzea.

Euskal presoei lege horien alderdi errepresiboa aplikatzen zaie eta, gainera, litezkeen alderdi onuragarriak aplikatu ordez, lege horiek biltzen ez dituzten neurri errepresiboak ere bai. Botere judizialak ere esan berri du Iñaki de Juanak bere zigorra beteta zuela. Eta eman lezake hori atzo goizetik dela hala, epaileak ere eskuin-muturraren miran sentitu direnetik, alegia. Zergatik orduan kaleratu beharrean heldu zioten ministro froga-eraikitzailearen jarraibideari?

Ez omen da damutu. Zer legek eskatzen du inor damutu beharra, ordea? Galindo, Vera, Amedo... ez dira damutu, eta niri bost axola; baina bete al dituzte beren zigorrak? Gaur, otsailak 23, Tejero eta enparauen balentriaren 26. urtemuga, nork du gogoan noiz atera ziren kartzelatik?

Eta berdin Estatu frantsesean, damutzearen aitzakian Filipe Bidarten zigorra luzatuta, edo Action Directeko presoak hogei urtean morroilope dituztela, legez dagokien askatasuna ukatuta. Haietako batek, Jean-Marc Rouillanek, hau esan du: «Ez dugu gure iragana gaitzesten; beraz, gure ideia politikoak direla-eta gaude kartzelan». Horra txitean-pitean preso politikorik ez dagoela esaten duten estatuen aitortza.

Euskal presoek -eta herri honetan ia inork- ez dute Asia ez inongo lurralderik konkistatu nahi, baina gordiar korapilo hori askatuz gero, balio itzeleko konkista dago denon eskura: askatasuna eta bakea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo