GARA > Idatzia > Mundua

Guatemalako presidente izateko hautagaitza berretsi du Menchuk

Presidente izateko hautagaitza berretsi du Rigoberta Menchuk, Encuentro por Guatemala talde politikoarekin akordioa hartu ostean. Martxoaren 22an aurkeztuko dute modu ofizialean. Herriari esperantza ematea eta aldaketa ahalbidetzea dira helburu nagusiak.

GARA |

Irailean egingo dituzten hauteskundeetan Guatemalako presidente izateko hautagai gisa aurkeztuko dela berretsi du Rigoberta Menchu Bakerako Nobel saridunak Encuentro por Guatemala talde politikoaren buru Nineth Montenegrorekin akordioa sinatu ostean. «Herriari esperantza ematea da gure asmoa», plazaratu zuen Menchuk. Martxoaren 22an, Encuentro por Guatemalaren batzar nagusian, Menchuren hautagaitza aurkeztuko dute talde politikoak oniritzia eman dezan.

«Ideiak partekatzeaz gain, bi lan-talde zoragarri ditugu. Horregatik, aurtengo hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartu dut», helarazi zuen.

Montenegroren ustean, Guatemala «aldaraziko duen prozesu arrakastatsua» izango da orain abian ipini dutena.

Orain, Encuentro por Guatemalak eta Winaq-ek (osatze bidean dagoen talde politiko indigena) hautagaien zerrendak eta horietan bakoitzak izango duen ordezkaritza hitzartu beharko dituzte. Winaq-eko bozeramaile lanak Ricardo Cajasek egiten ditu, eta hark azaldu zuenez, Montenegroren taldearekin bat egin badute, 2011. urterako alderdi politiko propioa osatzeko asmoa izaten jarraitzen dutelako egin dute.

2012ko hauteskundeetan parte hartzeko nahia aspaldi iragarri zuen Nobel saridunak. Esanahi bereziko urtea da maia herriarentzat. Aspaldiko iragarpenen arabera, Guatemalako jatorrizko herrientzat aldaketa handia gertatuko da. Egun, indigenak populazioaren %40 dira. Bozen bitartez boterea eskuratzen saiatuko dira.

Izen handiko bi emakume

Hala, Rigoberta Menchu presidente izateko hautagaitza aurkezten duen lehen emakume indigena da. 1992an eman zioten Bakearen Nobel saria herri indigenen eskubideak babesten egindako lanagatik. Bere aita 1981ean hil zen, Poliziak Estatu espainolaren enbaxadari eraso eta su eman zionean. Aldez aurretik, hainbat nekazari sartu ziren enbaxadan.

Montenegro legebiltzarkidea da. 80ko eta 90eko hamarkadetan giza eskubideen alde lan handia egin zuen. Desagertutako atxilotuak bilatzeaz arduratzen zen gobernuz kanpoko erakunde baten buru izan zen. Senarra 1984an desagertu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo