GARA > Idatzia > Ikusmira

Nafarroako industri krisia, multinazionalen mendeko industri eredu baten krisia

Herenegun, Mepamsako langileek multinazionalaren zuzendaritzako zenbait kide atxiki izana haien haserre eta ezintasunaren irudia da. Atzo, langile horiek, BSHkoak eta Inquinasakoak Nafarroako Parlamentuko Industria Batzordean agertu ziren. Beren lantegiak ixteko, langile kopurua murrizteko edo lekuz aldatzeko arriskuan daude, eta bat etorri ziren Nafarroako Gobernuari erantzukizunak eskatzearekin, enpresa horiei laguntzak ematen dizkielako baina trukean konpromisorik exijitzen ez dielako.

Enpresen jarrera, ordea, jauntxokeriaren irudia da, langileek jakinarazi dutenez, informazioa ezkutatzen baitiete edo, Mepamsaren kasuan, agindutako moduan eztabaidatzeko proposamenak aurkezteko konpromisoari muzin egin baitiote.

Nafarroako industria krisiaren kausak aztertuz gero, neurri handi batean bertako industria ereduaren krisia dela esan liteke, eta industri politika propio baten faltaren ondorio.

Nafarroan aspaldi luzeko aldarrikapena da industri dibertsifikazioa. Eta krisi horren kausa, batez ere, dibertsifikazio falta horren eta atzerriko kapitalaren mendean egotearen ondorio da. Erraza, errazegia da globalizazioaren efektuak argudio gisa erabiltzea. Eta globalizazioak ondorio kaltegarriak dakartzala egia izanda ere, deslokalizazioa esaterako, alde handia dago industria ehundura misto baten eta multinazionalen menpekotasun ia erabatekoa duenaren artean.

Administrazioaren erantzukizuna handia da. Oso erakargarria da multinazional bat norbere lurrean ezartzea, lanpostu ugari sortuko duela jakinda. Baldintza ekonomikorik onenak, era guztietako laguntzak eta albantailak eskainiko zaizkio, baina multinazionalek ez dute administrazioen logikan funtzionatzen, beren logika propioan baizik. Eta haien logika ahalik eta etekin handiena pilatzea baino ez da. Hartara, nahi dutenean, komeni zaienean, galerarik ez izan arren, alde egingo dute inori azalpenik eman gabe, ez langileei ez hainbeste erraztasun jarri dizkion administrazioari. Administrazioak ez baitie inolako konpromisorik exijitzen. Ez hasieran ez ondoren.

Beharbada gehiegizkoa da Gobernu horretako arduradunak, beste batzuetan pankarta atzean jarri zaleak direnak, honelako kasuetan ere kalean, langile kaltetuen ondoan eta multinazionalen bidegabekerien aurka agertzeko eskatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo