GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gudari kementsuaren irudia gogora ekartzea, sasetari omenaldia

Askok. Milaka euskaldunek galdu zuten bizia 36ko altxamendu faxistarekin hasitako guduan, tartean, Kandiko Saseta hondarribiarrak eta harekin batera Aracesen (Asturias) hil ziren ehun gizonek. 70. urteurrena izaki, herritarrek omen egingo diote Sasetari.

Maider EIZMENDI

Urteurren mordoxka ospatuko da aurten ere gurean. Atseginagoak bateren batzuk; gaurkoa bezalako urtemuga tristeagoak, berriz, tartean-tartean. Hirurogeita hamar urte atzera egin beharra dago bihar 11.30ean Hondarribiko hilerrian egingo duten ekitaldiaren zentzua ulertzeko. Orduan, altxamendu faxista bete-betean zegoela, Areceseko (Asturias) gudu-zelaian borrokan ari ziren ehundik gora gudari hil ziren tropa frankisten aurkako borrokan, 55 Euzko Indarra batailoikoak. 20 hildakoren gorpuak soilik aurkitu eta lurperatu zituzten euren herrietan. Hil eta aurkitu gabeko gudarien artean zen Kandiko Saseta hondarribiarra; Euzko Gudarostearen komandate nagusia, alegia.

Euskal gudariak orduan borroka betean zeuden; izan ere, Asturiasko fronteari laguntza ematera joan ziren Valentziako Gobernuak hala eskatuta eta Agirreren Gobernuak bahimenduta. Orduko kronistek kontatzen dutenez, Areceseko gudua gogorra izan zen oso. «Arecesera iritsi ziren otsailaren 23an; bertan errepidea amaitzen zen... Bertan mendi bateriaren erasoa eta marokiar indarren kontraerasoa jaso zuten; bonbardaketa itxiko borroka honetan, kopetan tiro bat jasota hil zen Kandiko Saseta komandantea, eta haren alboan Euzko Indarreko hainbat gudari zendu ziren», deskribatzen dute orduko oharrek 32 urteko gudari hondarriarraren heriotza.

«Mikeleteetan sartzea amets»

Saseta 1904ko abenduaren 13an jaio zen Biteriko eskoletan. Mikeleteetan sartzea zuen helburik behinena, eta horregatik abiatu zuen ibilbide militarra. Ez zuen, ordea, bere xedea erdietsi, eta ordura arte ikasitakoa baliatu zuen Armadako Intendentzia kapitaina izatera iristeko.

36ko altxamendu faxista hasi bezain laster, Errepublikaren eta Euskal Herriaren defentsan lan egiteko asmoa erakutsi zuen, eta boluntarioekin Euzko Gudarostea osatzeko agindua jaso ostean, batailoi horren komandante nagusi izendatu zuten. Hilabete gutxi geroago, heriotzarekin egin zuen topo Asturiasen. Hala eta guztiz ere, izen handiko pertsona bilakatu zen. Gisa honetan deskribatu zuen Manuel de Irujok Saseta: «Kapitain jaun Sasetak, itxura eskasa izan arren, hainbat birtute zituen: oso prestua zen, leiala, balio handiko pertsona, baretasun harrigarrikoa, bere ahaleginean nekaezina, gogorra borrokan, erresistentzia fisiko handikoa, gainditzen zaila den lanerako ahalmenduna... Bere izaera atseginak eta gertutasun tratuak guztien begikortasuna irabazten lagundu zioten, eta autoritatea eta izen ona eman zioten. Haiek oinarrizko izan zituen, milizia haietan izena eman zuten gazteei egun gutxitan antolaketa ezartzeko». Basarri bertsolariak gisa honetan definitu zuen olerki batean: «Mendi gora ibiltari bizkor arteza. Mutilak alaitzeko ta sutzeko pare gabea. Zuzendari burutsu eziñ egoki-agoa. Ausardia ta trebetasunean geiagorik ezin alakoa. Abertzale zuzen, zintzo ta txalogarria! Zer alderdi on etzuan Saseta handiak?».

Jose Antonio Agirre orduko lehendakariak ere erakutsi zuen Sasetarenganako estimua. Parisen 1956an egin zuten Euskal Mundu Kongresuan gogora ekarri zuen Sasetak Asturiasera abiatzeko bere burua eskaini zuelako. «Zure aginduetara, zuk bidaltzen nauzun lekura», esan omen zion gudari hondarribiarrak Agirreri, heriotzarekin topo egin baino egun batzuk lehenago. «Bere oroitzapenean utzidazue esaten inguratzen gintuzten militarren artean, konfidantza handienetarikoa ematen zidan gizona zela, ez soilik guk errepresentatzen genuenerako, baizik eta bere gurasoen lurrerako zuen leialtasunarengatik». «Ez dut bizi bitartean ahaztuko», adierazi zuen lehendakariak.

Aginduetara zituen gudariek ere oroitzapen onak gorde zituzten, buru paregabea zela hainbatetan gogorarazi baitzuten. Horrelaxe aipatu zuen Ceferino Jemeinek «Euzkadi en Gerra 1936-1937» liburuan: «Bere gudariek gurtu egiten zuten».

Hirurogeita hamar urte betetzen diren egun honetan, Saseta Arecesen hildakoa omendu eta bere gudariak gogora ekarriko dituzte. Hainbat eta hainbatek gogoan eta presente izan dituzte 70 urte hauetan egunez egun. Bihar goizean Hondarribiko hilerrian egin asmo duten ekitaldiarekin, ordea, Sasetaren irudia beste hainbaten oroitzapenera ekarriko dute, borrokan bizia galdu zuen gudari kementsuaren irudia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo