GARA > Idatzia > Kirolak

«Nik uste dut biharko finaleko txapela azkeneko txanda librekoan erabakiko dela"

Floren NAZABAL | Aizkolaria

Floren Nazabal prest dago bihar gauean Azpeitian jokatuko den Urrezko Aizkorako finala jokatzeko. Etxarriko aizkolariak Lopez izango du lagun, eta Larretxea eta Barberena izango dituzte aurrez aurre. Finalean faboritorik ez dagoela dio Etxarriko aizkolariak.

Jon LEUNDA |

Floren Nazabal gogotsu dago Lopezekin batera bihar gauean Azpeitian jokatuko duen finala lehiatzeko eta irabazteko.

Zer moduz zaudete biharko finalerako?

Ongi gaude eta gustura. Nahiko ongi aritu gara entrenatzen, eta ez dago inongo aitzakiarik, biok sasoiko ikusten baikara.

Azken urteetan Erdozia izan duzu lagun, baina aurten Lopez jarri dizute. Zer moduz moldatu zara berarekin?

Ongi moldatzen gara, eta gustura gabiltza. Izan ere, lehen ere asko ibiliak ginen elkarrekin, saio asko eginak genituen biok batera. Ondorioz, oso ongi ezagutzen dugu elkar eta dena oso ongi joanda.

Elkar horrenbeste ezagutzea abantaila izango da, ezta?

Bai, bai, uste dut baietz. Ez da gauza bera ongi ezagutzen ez duzun batekin aritzea, edo lehendik asko aritutako batekin bikoa osatzea. Niretzat gauzak horrela askoz errazago dira.

Gehienek diote enbor handia zutik moztea dela lehiaketa honetako zailtasun nagusia. Zuentzat ere bai?

Nik ez dut uste zailena denik. Egia da lanik arriskutsuena dela, hor epai bat oker hartzea nahikoa baita denbora asko galdu, eta gero aukerarik gabe geratzeko. Hori bai, ez dut uste lan zailena denik.

Txapelketa honetan zein da zuentzako lanik zailena?

Nik ez dut uste lehiaketa honetan saio zailik dagoenik. Hor, lehen aipatu bezala, enbor handi hori zutik moztea da arriskutsuena, denbora galdu daitekelako gaizki ibiliz gero, baina bestela uste dut saio orekatuak eta politak direla, bai guretzat, baita zaleentzat ere.

Larretxeak eta Nazabalek diote beraiek ez daudela hasi zirenean bezain ongi. Horrek zer esan nahi du: zuek zaretela faborito edota haiek presioa kendu nahi dutela?

Izan daiteke haiek presioa kendu nahi izatea, baina ez dut uste faborito garbirik dagoenik. Hemen lehia latza izango da, eta zorterik handiena duenak edo hutsik gutxien egiten duenak irabaziko du finala.

Zuek hasierako ligaxka ez zenuten jokatu. Hori kalterako izan al da?

Ez, hasieran hiru saio jokatu behar genituen, eta azkenean bi jokatu ditugu. Horrek lehiaketa moztu digu, baina ez digu inongo arazorik sortu.

Azkeneko txanda librekoa baino lehen txapelketa erabakitzeko aukerarik ikusten al duzue finalean?

Ez, zaila izango da. Litekena da azkeneko saiora minutu erdi inguruko abantailarekin heltzea, eta hori alde handia da, baina erabaki, erabaki, azkeneko proban erabakiko dela uste dut.

Aurretik erabakitzekotan, zutikako enborrean erabaki daiteke, ezta?

Bai, seguruenik bai. Aldeak ateratzekotan han atera daitezke, bai gure alde, baita gure kontra ere. Hori bai, seguruenik tarterik handienak zutikako enbor horretan izan arren, berriro diot nire ustez finala azkeneko saioan erabakiko dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo