GARA > Idatzia > Kultura

Ingurumenarekin bat egitera gonbidatzen duen Xiru jaialdia asteburu honetan gure artean

Ostiraletik igandera Gotaineko ingurune naturala baliatuta artearen bitartez Zuberoako txoko miresgarriak sorkuntzaz eta jai giroz jantziko dira. Apirilaren 1ean Guanes Etchegarayren azken lana aurkeztuko dute.

Idoia ERASO | GOTAINE

Kultura herrian sustatu nahi du Xiru jaialdiaren antolatzaile Abotia elkarteak. Musika eta sorkuntzaren bestaldiaren 18. edizioan, aurreko urteetako ohiturari jarraiki, entzumenez gain bestelako zentzumenekin gozatzeko aukera emanen da. Jaialdi parte-hartzaile horrek familia guztiendako egun artistikoa antolatuko du igandean.

«Herriak sorkuntza eta berritasun beharra du, arnasa behar du. Zuberoan badaude instituzioak, maskarada eta pastorala bezala, baina berriztapen beharra ere bada», adierazi zuen antolatzaile eta musikari Mixel Etxekoparek. Xede horrekin igandean Gotaineko gazteluaren parkean, Ütürzabalean zehar, egingo duten kontzertu ibilaldian Guanes Etchegarayren «Txorta» eskultura berria agertaraziko da.

Tanta edo txorta batean inspiratuta eskultore nafarrak egin 300 kilo inguruko eta bi metro baino gehiagoko arte lanak Ütürzabala ibilbidearen partea izatera pasatuko da. Behin han ezarrita ibilbidean geldituko da betirako, azken hiru edizioetako lanekin batera. Lehen urtean Maitena Lougarot mauletarrak egin zuen kirolaren mundua gogora ekartzen zuen lana. Jose Le Piezen lan bikoitzak lagundu zuen Ütürzabalako espazioa bigarren urtean eta iaz Gonzalo Etchebarria eta Eric Gelosek metal, harri eta egurrarekin horizontaltasunari buruzko lana ezarri zuten.

Guanes Etchegaray artelanaren kokapenarekin oso pozik agertu da: «Asko gustatu zitzaidan Mixel Etxekoparek lekupenaz galdetu zidanean. Alde batetik tokia babesten du; bestalde lekua biziarazten du. Aldi berean eskultura garaikideari landa inguruan ere tokia ematen zaio eta hori kultura bizirik atxikitzeko garrantzitsua dela usten dut», esan zuen.

«Txorta»

«Artelana sortzeko sinbologiaren aldetik zenbait lan eraman ditut: alde batetik eguzkia, ilargia, ura eta airea landu ditut, euskal kulturaren elementuak direnak, eta nik nire erara interpretatu ditudanak. Bestalde ibaiaren ondoan dagoenez eta ur iturri bat denez, tanta edo txortaren gainean lan egin dut» adierazi zuen eskulturaren egileak.

Izan ere, «Txorta» Gotaineko lurretan sortu du artistak bertan egindako egonaldian, eta bertako jendearen kolaborazioa jaso du sorkuntzaren prozezuan. «Harria, egurra eta metalarekin egiten dut lan, lurrak ematen dizkigun materialekin hain zuzen ere. Hilarri diskoidal baten antza du eta metaleko inguru guztia herrian urteetan ibili izan den gurdi baten erroberekin egin dut» nabarmendu zuen Guanes Etchegaray artista nafarrak.

Musika, pilota eta herri bazkaria egun osoan

Guanes Etchegarayren lana aurkeztuko den egunean beste hainbat gauza egiteko eskainiko ditu Xiruk. Goizeko 10:30ean pilota partida izanen da hasteko, bertsolariak eta dantzariak segituta. Kontzertu ibilaldiaren ondoren herri bazkaria eginen da kanpoan eta bukatzeko ikusgarri-topaketak izango dira, eta Christian Vieussensek Arkaxoneko istorioak kontatuko ditu eta Vagabontu fanfarriak Errumaniako kantuak emango ditu ezagutzera.

Lehen egunean Garindainen herri guztia hartuko duen ikusgarria eginen dute. Larunbatean hainbat talderekin kontzertu handia izanen da.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo