GARA > Idatzia > Euskal Herria

Garraioa Euskal Herrian eztabadagai, Trenbide Sozialaren Sarearen eskutik

Bestelako garraio eta gizarte eredu baterantz abiatzeko xedez hitzaldi-eztabaida sorta antolatu du datozen hilabetetarako Trenbide Sozialaren Sareak. Hitzaldiak Bilboko Burtsa Kultur Aretoan izango dira eta Euskal Herriko garraioaren inguruko eztabaida piztu nahi dute.

Kepa PETRALANDA |

Trenbide Sozialaren Sareak joan zen urtean argitaratu zituen bere hausnarketak ``Garraioa Euskal Herrian. Hurbilketa egungo egoerara eta etorkizunerako proposamenak'' izeneko dokumentuan. Bertan, hausnarketen ondorioetako bat euskal trenbide sarearen egungo zein etorkizuneko egoeraren edozein azterketak garraioaren azterketa orokorra behar duela izan zen.

Atzo aurkeztutako hitzaldi-eztabaida sortak hiru helburu izango ditu, Trenbide Sozialaren Sareko bozeramile Iñaki Barcena eta Janire Dominguezen esanetan: «iaz aurkeztutako dokumentuaren edukia handitzea, garraio sozialaren eredurako irizpide eta proposamenen identifikazioan aurrera egitea, euskal gizarteko sektore gehiagorekin ideiak trukatu eta bestelako garraio eta gizarte ereduak lortzeko zein portaera eta eredu aldatu beharko liratekeen identifikatzea».

Apirilaren 19an izango da lehenengo hitzaldia ``Zelan gutxitu dezakegu joan eta etortzeko beharra'' titulupean eta David Hoyos ekonomialariaren eskutik. Maiatzaren hiruan, ``Garraio pribatutik publikora'' izenburupean mintzatuko da Mikel Murga garraio aholkularia. Roberto Bermejo indsutria ingeniariaren txanda maiatzaren 10ean izango da eta ``Garraioa eta energia'' aztertuko du. ``Garraioaren mitoa garapen ekonomikoan'' izango da Ekologistak Martxan taldeko Paco Seguraren gaia, ekainaren 7an.

Manifestazioa Hendaian

Euskal Herriko Berdeek bestalde, lurra eta gizakien defentsan datorren larunbatean, Hendaiako Santiago zubian 17.00etan izango den manifestazioarekin bat egin dute.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) inguruan Euskal Herrian zein ondoko herrialdeetan «informazio falta nabaria da», Berdeen esanetan, eta proiektuari buruz «arduradunak egiten ari diren politika» gogor salatu dute. «Populazioaren %1ek baino ez luke erabiliko tren hori eta benetan energia, baliabide publiko eta lur irenslea dugu Abiadura Handiko Trena», gaineratu dute. Proiektuak alde soziala ez duela betetzen esaten dute gainera, eta balorazio hori plazaratu eta gero, manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu dute Berdeek.

ekaina bitarte

Trenbide Sozialaren Sareak antolatutako hitzaldi-eztabaida sorta Bilboko Burtsa Kultur Aretoan izango da, betiere 19.00etan. Datorren astean hasita eta ekainaren 14a bitartean izango dira ekimenak.

larunbatean

Larunbatean iragarrita dagoen manifestaziora joateko deia zabaldu dute Berdeek. Hendaiako Santiago zubian, 17.00etan hasiko da eta informazio falta eta egiten ari diren politika salatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo