GARA > Idatzia > Ikusmira

Aberri Egun itxaropentsu baten ondoren Euskal Herria Bai koalizioa aurkeztu dute

Zazpiak Bat izena hartu duen herri ekimenari esker azken urteotako Aberri Egun bateratuena burutu ondoren, Euskal Herria Bai koalizioaren aurkezpenak itxaropen berria sortu du. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko hautesle abertzale orok horrela irudikatzen dute ABk, Batasunak eta Eusko Alkartasunak egin duten hautua. Alde batetik, erabaki errealista delako -Estatu frantsesak inposaturiko hauteskunde sistema indarrean dagoen bitartean, beste edozein aukera hartzeak abertzaleen esparrua ezabatze bidean jartzen du-, baina bereziki alderdien arteko elkarlana ezinbesteko ikusten delako Parisek Euskal Herriari azaltzen dion mespretxu historikoari aurre egiteko.

Frantziako presidente berria aukeratzeko martxan dagoen kanpaina horren adibide garbia da. Ezker muturreko hautagai batzuk eta Jose Bove altermundialista alde batera utzita, Eliseoan sartzeko aukera gehien duten politikariek bizkarra eman diote herri eta nazioen eskubideak onartzeari. Gehienez ere, «erregioen» hizkuntzak babesteko konpromiso arinak azaldu dituzte. Hortik aurrera, deus ez. Legebiltzarrerako hauteskundeek ez dute aukera handirik eskaintzen, ez gutxienez ordezkariak lortzeko, hauteskunde sistema dela medio, estatu mailako alderdiek soilik baitute aukera garbia Asanblada Nazionalean eseri ahal izateko. Dena den, abertzaleen ahotsak beste balio bat hartzen du, eztabaida askotarikoagoa espero daitekeelako. Cortin sinaturiko adierazpenak agerian uzten duenez, estatu frantsesaren menpe diren herriak beren eskubideak aldarrikatzeko pausoak emateko prest dira. Errespetua, ezagupena, erabakia, dira akordio horren gako nagusiak.

Euskal Herria Bai ezberdinen arteko indarrak biltzeko prozesua sendotzera dator. Beren indarrak batuz, herritarren nahiari erantzun diote sinatzaileek. Izan ere, aurrera begira beren konpromisoa sakontzea nahi lukete herritar askok. Lapurdiko, Zuberoako eta Nafarroa Behereko egoera ikusita, egitasmo eraginkorrak ezinbestekoak dira. Lur zoruaren auzia, ekonomia krisia, euskararen ofizialtasuna, unibertsitatea... abertzaleak eztabaida guztietan izatea guztiz komenigarria da. Bakoitza bere ikuspuntuak defendatuz, baina oinarrizko aferetan elkar ulertzeko gaitasuna erakutsiz. Herri hauteskundeak hurbil dira, eta benetako erronka hantxe dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo