GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iparretarrak taldearen historia egin zutenen ahotik jaso du Bidegainek liburuan

Urte batzuk igaro diren arren, oraindik hain berria den historia kontatzea zaila da oso. Eneko Bidegain ausartu egin da, eta lau urteko lanaren ondoren, «mugimendu abertzale osoan eragina» izan duen IKrena jaso du.

p028_f01_148x104.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Gatuzain argitaletxearen enkargua bete, eta «Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia» izenburudun liburua eman du argitara Eneko Bidegainek; IKren sorrera eta bilakaera jaso dituen liburua.

Sorreran edo bilakaeran egondakoak, mugimendu barruan edota inguruan ibilitakoak, denen lekukotasunak hartu ditu Bidegainek oinarri, bere hitzetan «oraindik oso freskoa den historia» hau idazteko. Lau urte eman ditu kazetariak datuak biltzen, elkarrizketa luzeak egiten - IKren aurka aritutako polizia eta jendarme batzuei ere- liburuaren 317 orriak bete arte.

Ez du ukatu batzuen testigantza biltzea beste batzuena baino zailago izan zaionik, baina zalantzan jarri du hemendik hogei urtera errazagoa izango ote den. «Uste dut zenbaitek bazuela historia honen memoria nonbait jasoa geratzeko gogoa», adierazi zuen Baionan egindako aurkezpenean.

Hari kronologikoari heldu dio hogei edo hogeita hamar urteko (oraindik inork ez baitio bukaera ofizialik eman) erakundearen nondik norakoak azaltzeko. Lehen ekintza armatua 1973an egin bazuen ere, 70eko hamarkadaren hasieran kokatu du IKren sorrera. «Ezer gutxi ezagutzen da taldearen sorreraz. Izena bera ere nondik datorren ez da orain arte inon agertu. Horrelako hainbat datu berri eman ditut liburuan», esan zuen Bidegainek. Horretaz gain, IK-k eta Gobernu frantsesak 1989-1990 urteen artean izandako harremanei buruzko zehaztasunak jaso ditu. Idazlearen esanetan «preso batzuen egoera eta antzekoak izan zituzten mintzagai, baina ez zen emaitza esanguratsurik izan». Alta, jakin ahal izan du garai hartako Ipar Euskal Herriko hainbat hautetsi -Baionako auzapeza zen Henri Grenet, esaterako- «elkarrizketa horiek blokeatzen» ahalegindu zirela. PSkoek ere ez omen zituzten ongi ikusten harreman haiek.

Erakundearen bilakaeraz gain, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mugimendu abertzalearena ere azaltzen da orriotan. Bidegainek adierazi zuenez, «oinarri politikoa zuen erakundea izaki, begi bistakoa da mugimendu abertzalean eragina izan duela, Euskal Herri osokoan gainera».

Belaunaldi berriei

IKren garaiak ezagutu dituztenei, baina bereziki, belaunaldi berriei begira, idatzi beharreko historia zela adierazi zuen egileak: «Engaiamendu politiko eta humano baten historia da, eta aldi berean, ekarpen politiko ukaezinarena ere bai. Espero dut nire liburua gure herriaren historia ulertzeko baliagarria izango dela».

Kontakizuna 2002an amaitu du idazleak, «aurrerago egiteko historia freskoegi dagoelako». Oraindik amaitu gabe dagoela uste du: «IK-k azken ekintza erreibindikatu zuenetik urte asko igaro dira, baina aurten ere, lurraren espekulazioa dela eta ez dela, Euskal Herriaren ukazioari erantzuteko bide bortitzak aukeratzen dituenik ere badela ikusi izan dugu».

ELKARRIZKETAK

Orotora 40 bat elkarrizketa egin ditu Bidegainek. Militante izandako zenbaiti, baina baita IKren aurka aritutakoei ere, esaterako, Saenz Jendarmeriako kapitainari edota Irene Stoller fiskalari.

AURKEZPENAK

Gaur, arratsaldeko 17.00etan Baionako Elkar Megadendan Eneko Bidegain eta Bixente Vrignonek beren liburuak aurkeztuko dituzte. Biek argitaratu dute liburu bana IKren garaiak azalduz. azalduzrgitaratu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo