GARA > Idatzia > Pilota

OSTIRAL GAUEAN

Asier Olaizolak bere pilotarekin erabaki zuen Legutioko norgehiagoka

ASIER-OTXANDO 22

OLAZABAL-LASA 11

A.A. | DONOSTIA

Asier Olaizolak eta Iñaki Otxandorenak lehiaketako hirugarren puntua eskuratu zuten ostiral arratsean Legution jokatutako neurketan. Asegarceko bikotea galtzen ibili zen lehen tantoetan, baina erdialdetik aurrera Olaizola I.ak erakustaldi ederra eman zuen, beste guztiak baino gehiago izan zen eta, hamabost tanto segidan eginda, 7-11tik 22-11ra joan ziren zuzen-zuzenean irabazleak.

Hala ere, aipagarria benetan Mikel Olazabal Aresoko pilotari gaztearen jokoa partidaren lehen zatian. Aspekoak oso ongi ekin zion norgehiagokari eta lauzpabost tanto ikusgarri egin zituen. Erremate on bat edo bi, gainera, oso gutxigatik joan zitzaizkion zabalera. Defentsan segurtasun handiz ibili zen eta erasoan, batere beldurrik gabe, suelto sartu zen airera ere.

Aipaturiko 7-11koan, ordea, gorriek pilota aldatu zuten eta hortxe amaitu ziren urdinen ametsak. Mugitzeko askoz zailagoa zen materialarekin, Asier Olaizolak sekulako zuloak irekitzen zituen. Oskar Lasak bazuen nahikoa lan atzera eta aurrera ibiltzen, eta Olazabalek ere nekez sartzen zuen pilota frontisean. Alde nabarmen hori ongi baliatu zuen Goizuetako aurrelariak eta aurreko zuloan oso ongi amaitu zituen dozena bat tanto.

«Ongi hasi naiz, baina beraien pilotarekin aldea asko nabaritu dut. Atzera irtetzen nintzenean pilotak behera alde egiten zidan. Frontoia ere oso gogorra da. Gogotsu etorri naiz, baina ezin izan diot partidari eutsi», onartu zuen Olazabalek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo