GARA > Idatzia > Herri-kirolak

aizkora | Urrezko lehiaketa

Larretxeak eta Atutxak azken lanean irabazi dute

Txanda libreko ekinaldira bitarte gauzak estu joan ziren, baina amaieran egur gogorrek erabaki zuten auzia

p058_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Ez zen ezusterik izan, eta Larretxea-Atutxa II.ak lortu zuten atzo finalerdia jokatzeko txartela. Zeanurin jokatu zen kanporaketan, Lasa eta Peñagarikano mendean hartuta.

Bizkaitarra eta nafarra dira lehiaketa hau irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, nahiz eta azkeneko probara bitarte ez zen ezer erabaki. Proba hauetan enborrak erdibana eramaten dira, eta azkeneko lan horretako enbor gogorrak Lasak eta Peñagarikanok eramandakoak izan ziren, eta hortxe galdu zuten beraiek, eta finalerdietatik at geratu ziren.

Kolpekako saioan, berdinean amaitu zuten, berrogeina kolpetan erdibitu zituzten. Bi 45 ontzakoekin, gipuzkoarrek irabazi zuten, eta bost segundoko aldea lortu zuten. 60 ontzakoa zutik, txanda librean mozten, berriz, Atutxak eta Larretxeak 17 segundo kendu zizkieten. 45 ontzakoa etzanda eta zutik erdibitzen, Peñagarikanok eta Lasak irabazi zuten, eta bi segundo atera zituzten. Bi 60 ontzako mozten, berriro ere gipuzkoarrak nagusitu ziren, sei segundo atera zituzten; txanda libreko lanera Larretxea eta Atutxa aurretik heldu ziren, oso alde txikiarekin. Azkeneko lanean, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako txanda librean mozten, Larretxeak eta Atutxak 11 minutu eta 33 segundotan bota zituen, eta Lasak eta Peñagarikanok, 12 minutu eta 32 segundotan. Lan guztiak, 22 minutu eta 59 segundotan erdibitu zituzten irabazleek, eta 24 minutu eta 2 segundotan gipuzkoarrek. Gazteetan, Larretxea lehengusuek, finalerdietarako txartela lortu zuten. 17.23ean amaitu zituzten lanak, eta 18.05ean, berriz, Erasunek eta Mindegiak. Gaur, Urretxun, 12.00etan hasita, helduen final-laurdenetako azken saioa jokatuko da. Aierbe II.a eta Arrospide Ugarteburu-Azurmendiren aurka neurtuko dira. Gazteetan, Alkizalete II-Mugertza III.a, Rodriguez-Kañamaresn aurka neurtuko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo