GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Thierry Etxeto eta Andde Kurutxari aterako dira ligaxkako lehen jardunaldia irabazteko faborito

J.L. | DONOSTIA

Finalerdietako ligaxka gaur abiatuko da Lekorneko trinketean. Multzo bakoitzeko partida bana jokatuko da, eta lehen jardunaldi honetako azkeneko bi partidak bihar izango dira Donibane Garazin.

Lekorneko trinketean abiatuko dira finalerdiak, eta gaur 17.00etatik aurrera izango da lehen partida. Lehen multzoko norgehiagoka izango da hasteko, eta bertan Sorhuet eta Etxeto lehiatuko dira. Lehia honetan dauden pilotaririk onenak izango dira, eta partida gehienetan aurreikuspen garbirik ez da izango, hemen izango ez den bezala. Bi pilotariak ongi daude, eta edonork irabaz lezake, nahiz eta dirua Etxetoren alde atera litekeen. Lehen puntua eskuratzea oso garrantzitsua izango da bi pilotarientzat.

Bigarren partida, berriz, beste multzoko neurketa izango da, eta hor Idiart eta Kurutxari lehiatuko dira. Panpi oso pilotari ona da, bakarka oso ongi moldatzen den horietakoa da. Kurutxari ere horrelakoxea da, iaz finala oso gertu izan zuen, eta Pauen irabazteko beldurra izan ez balu Modernen izango litzateke. Irabaziz hastea oso garrantzitsua da, eta biak gogor ahaleginduko dira. Hemen ere aurreikuspen garbirik ez dago, baina dirua Kurutxariren alde.

Lehen jardunaldi honetako beste bi partidak astelehenean izango dira, 16.00etatik aurrera Paxkal Ezkurra eta Jean Claude Dermit neurtuko dira. Partida honetan egungo txapelduna, Ezkurra II.a, lehen aldiz ikusteko parada izango da, eta agian lehen jardunaldiko aurreikuspenik garbiena ere hemen egin daiteke, Paxkalek ez bailuke garaipena erdiesteko arazorik izan behar. Dermit lehen fasetik datorren pilotaria baldin bada ere, jokatu gabe heldu da, Larretxearen lesioaz baliatu baita dagoen lekura heltzeko.

Bigarren partida, berriz, oso erakargarria da, Ozafrain eta Waltari neurtuko baitira. Bankakoak irabazi berri du Superprestigioa, baina lehen partida izango du. Kubatarra, berriz, lehen fasetik dator, jokatu dituen hiru norgehiagokak erraz irabazita. Hala ere, zaleek Patrick Ozafrain jotzen dute faborito.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo