GARA > Idatzia > Jo puntua

Kirmen Uribe Idazlea

Eskelak

Emakume harentzat eskelak ere egutegi erraldoi batetik zetozen, herriko pertsona guztien izenak dituen alegiazko egutegi handi batetik

Eskelei buruz ari garela, ondo gogoan dut amak duela urte batzuk kontatu zidan gertaera. Ez zait berehalaxe ahaztuko.

Ohiko tokian eskela berria jarri zutela konturatu eta ea nor hil zen ikustera hurreratu zen ama eskela jarrita zegoen tokira. Eskelari begira zegoela, norbait hurbildu zen amaren ondora. Biak ala biak geratu ziren eskelako izenari eta argazkiari begira. Ondoan zuena herriko ezindu bat zen eta bere kezka azaldu zion amari. Ezinduak esan zion ez zituela gustuko eskelak, gorroto zituela halakoak. Esan zion zenbat eta eskela gehiago jarri horman orduan eta hurbilago sentitzen zuela heriotza. «Horrelako martxan, nire txanda ere laster iritsiko da», esan zion kexu. Ama hura lasaitzen ahalegindu zen, «baita zera ere, oraindik gaztea zara eta», esan zion.

Baina amaren lagunaren kezkak ez ziren uxatu. Burumakur zegoen. Haren irudiko, eskelak egutegi bateko orrien modukoak ziren, egunean-egunean orria kentzen diezun egutegi horien antzekoak. Urtearen hasieran lodi lodiak izaten dira egutegiok, hirurehun eta hirurogeita bost orrialde dituzte eta, horrexegatik izaten dira lodi. Aitzitik, urtearen hondarrera iritsi orduko, fin-fin geratzen dira egutegiok.

Bada, emakume harentzat eskelak ere egutegi erraldoi batetik zetozen, herriko pertsona guztien izenak dituen alegiazko egutegi handi batetik. Eta beldur zen eskelak jarri ahala, bere izena duen eskela agertzeko aukera gehiago zeudela. Heriotza gero eta hurbilago sumatzen zuen, ez baina urteak joan urteak etorri gorputza zahartzen sentitzen zuelako, eskelak aurrera zihoazelako baino.

Denbora neurtzeko modua zen harentzat eskelena; zenbat eta eskela gehiago, orduan eta zaharrago.

Beti izan dut gogoko ezindu haren pentsatzeko era. Bere logika du, zalantzarik gabe.

Asteon baina, eskelekin lotutako beste jazoera bat izan dut. Herrian geratzen den zapatagile bakarrak kontatu zidan. Zapatagilearen aurretik igaro eta lantegitxora sartzeko eskatu zidan. Behin haren lantegitxoan geundela, kartoizko kutxa bi atera zizkidan. Nonbait etxeko liburutegia berritzen ari da zapatagilea, eta bi kutxa handi haietan gaztelaniazko liburu zaharrak sartu zituen. Liburu haiek kendu eta euskarazkoak jarri nahi ditu egongelako apaletan. Izan ere, atsegin du zapatagileak euskaraz irakurtzea.

Garai batean ez omen zuen ohiturarik, eskolan ez baitzioten erakutsi euskaraz irakurtzen eta idazten. Gauza arrunta haren adineko jendearentzat, euskara debekatua zegoen-eta orduan.

Kutxak zabaldu zituen. Begiratzeko agindu zidan, eskuetan hartzeko liburuak. Haren gaztelaniazko liburu zaharrak niri oparitzeko gertu zegoela esan zidan eskuzabal.

Bitxiena da nola hasi zen euskaraz irakurtzen zapatagilea. Eskelak euskaraz irakurtzen hasi eta horrelaxe trebatuz joan zen gizona, pixkanaka-pixkanaka, eta gaur egun egunkaria irakurtzen du, baita liburuak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo