GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kotoiarenak egin du!

Egunotan imajinak etenik gabe datozkit burura, tantaka batzuetan, kolpera gehi-enetan. Gogoan dut nire aita zenak haurra nintzela sarritan esaten zidan hura: jakiteak ez du buruan lekua betetzen. Horren ustean luze izan banaiz ere, bestelakoa dut oraingo ustea; nire buruan sartzen den albiste berri bakoitzak zahar bat bialtzen du burutik, nonbait gaindituta baitaukat buruaren jasate-ahalmena. Aparkalekuetan bezala nire buruan ere «konpleto» kartela jarri beharko nuke, ipintzeko lekua banu sikiera. Tira, edozelan ere, imajina bat kanpora joan arte ezin beste bat barrura sartu. Kontua, baina, zera da, ez dudala nik neuk erabakitzen zein imajina sartu eta zein atera, ez horixe! Nire burua egoera normalizatuan ez dagoen seinale. Egunotan sartzen zaizkidan horiek nire gogoaren kontra sartzen dira, indarrean diren legeek bultzatuta. Eta amorratu egiten nauena da ezin dudala buru-sarreran ertzainik ipini, azaldu beharrik ez duen arrazoiagatik. Horra, kasuko, sartu zaizkidan azken imajinen arteko bat: Aral itsasoarena. Itotzear dago hori, ganorazko ur-jariorik ezean; lehortze horren arrazoia, berez, naturaz, haraino heltzen ziren ibai handien arroetako lur idor zabal-zabalek nahitaez kotoia ekoiztu zezaten behar zuten ur piloa ibaiotatik etenik gabe hustu izana da; etenik gabe eten arte, jakina! Zer? Zertara datorren Araleko imajina hau? Kotoia, kontxo! Kotoia da giltza. Kotoia garbitasun froga egiteko erabilia izan da munduan zehar mendeetan, eta ez bakarrik sukaldeko azulejoetan, gure beheko Estatuak bere Epaitegi Nazionalari ukitu sozialista eman zion arte. Hortik aurrera akabo sukaldea, sukaldeko lana eta garbitasun frogen beharra. Akabo. Are gehiago, kotoia ETAk sartu zuen Europan, Euskal Herriko selekziorako elastikoetan nahastuta batez ere. Hau akabua! Kotoiarenak egin du! Aralen onuran bada, gaitzerdi! Probak ez datoz jada kotoi-bidetik.

Horra beste imajina: eraikuntza sektoreak gora egin du beheko Estatuan, burtsek azalduaren kontrara. Hain dira engainuzkoak burtsako balioen baloreak! Arrazoia? Hango Epaitegi Nazionalean jende piloa sartu berri da inputazioak nonahitik eraikitzeko. Froga modura sartu omen dira, baina inputazio onak eraikitzen dituztenak finko egiteko promesean. Tira, kapaz dira horiek 9ko proba 9rik gabe egiteko, 1ekin nahikoa dute, 1 hori handi eta librea izanda, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo