GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Buruz Burukoa

Sorhuetek ezustea eman, eta larri utzi du txapelduna

Sorhuetek hobeto jokatu eta, partida kontrolpean izan zuen, baina presaka aritzeagatik, garaipenak ia ihes egin zion, baina amaieran zuzendu zuen

p058_f01.jpg

SORHUET 40

EZKURRA II 38

Jon LEUNDA | MAULE

Txapelketako lehen ezustekoa heldu zen herenegun gauean Maulen, egungo txapeldunak, Paxkal Ezkurrak, galdu egin baitzuen Sorhueten aurka. Hala, finalerako bidea asko okertu zaio Urruñakoari.

Sorhuetek merezita irabazi zuen neurketa, nahiz eta oraindik ere finala jokatzea ez daukan erraza. Oso neurketa ona egin zuen, batez ere defentsan, baina oker handi samar bat ere egin zuen, eta horrek ia partida galarazi zion. Abantaila handia lortu zuen, eta ez zuen horrekin jokatzen asmatu, partida presaka amaitu nahi zuela-eta, erasoan egin zituen hutsek bizia eman zioten Ezkurrari.

Txapelduna 0-1 aitzineratu zen, botetik lortutako tantoari esker, baina Sorhuetek izkimotz batekin berdindu ostean, pilota aldatu zuen, eta horrekin alde handia jartzea lortu zuen, 11-1 aitzineratu baitzen.

Pausuakoak erraz egiten zuen pilotan, eta Ezkurra jokotik atera zuen. Defentsan ezin zuen gainditu, eta kintzea ongi amaitzen zuen. 33-19 aitzineratu zenean, partida erabakita zegoela zirudien, aldea handia baitzen.

Baina hortxe etorri zen Sebastienen hankasartzea. Partida lasaitu eta presarik gabe jokatu beharrean, kintzea fite amaitu nahi izan zuen, eta hori nahi izateagatik, erasoan hutsak egiten hasi zen, eta Paxkalek ez zion barkatu. Urruñakoa berriro ere jokoan sartu zen, eta bere buruarekin konfidantza hartzen hasi zen, baita bere jokoa egiten ere, eta 17-6ko partziala lortu zuen, neurketa 36-36 berdinduz. Ezkurrak, ordea, aitzinera jo zuen, eta 36-38 aurreratu zen. Ezinezkoa zenak egia bihurtzeko itxura zeukan, txapelduna behetik gora etorri baitzen, zailena egina zuen, eta Sorhuet, berriz, behera zetorren, eta bazirudien Ezkurrak lortuko zuela garaipena. Baina Pausuakoak eskura izan zuen partida hori ez zuen galdu nahi eta izkimotz batekin aurkariaren bolada ona hautsi, eta pilota gurutzatuz berdindu zuen. Azkeneko bi tantoak ere bereak izan ziren, eta Sorhuetek lehen ezustea eman zuen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo