GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Uste baino askoz ere lan gehiago eman du Akizek

Biarritzek berriro ere itxura kaskarra eman zuen. Atzealdean taldea sendotuta dago, baina aurrean ez du minik egiten. Erasoan ezer gutxi egiten du, eta atzo ere entsegu bakar batekin konformatu ziren.

BIARRITZ 13

AKIZE 7

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek garaipena lortu zuen atzo Akizeren aurka, baina ez zuen itxura ona eman, eta ezin esan zaleak gustura etxeratu zirenik. Sailkapeneko laugarren postuan dago, eta helburuen barruan dago hori, baina halako jokoan jarraitzen baldin badu, hortik kanpo geratzea ere ez litzateke arraroa izango.

Akizeren aurkako norgehiagokak derbiak izan ohi dira, Landesetako herri hori Lapurditik oso gertu baitago, eta halako neurketak ez dira oso onak izaten baina atzokoa benetan kaskarra izan zen. Zale zuri-gorriek itxaropen handiak zituzten. Sailkapeneko azkenaurreko postuan zegoen Akize, eta bost puntuak lortzeko egun aproposa zirudien. Ez zen horrelakorik izan, ordea.

Joko handirik egin gabe, Dupuyk aitzineratu zuen talde lapurtarra bi zigor-kolpe gauzatu ostean. Irabazten ari zen, baina ez zuen Akize baino hobea zenik ematen, eta Landesetakoek lehen aukera ez zuten alferrik galdu, Williamsek entsegua egin, eta Horek transformazioa gauzatzeko. Kanpotarrak 6-7 aitzineratu ziren, eta emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatian gauzak ez ziren asko aldatu. Bi taldeetan ahulezia dezente nabari zen, eta ez zutenez entseguak egiteko aukera handirik sortzen, zaleak urduritzen ere hasita zeuden. Azkenean, bigarren zatiaren erdia gaindituta, Biarritzek erasoan jokaldi on bat egin zuen, eta Marluk lortu zuen euskaldunen entsegua. Transformazioa gauzatzeko ardura Yachvilik hartu zuen, eta zuri-gorrien jaurtitzaileak ez zuen hutsik egin, partidari buelta eman eta aurretik jartzeko. Hortik eta amaierara bitartean ez zen ezer askorik izan. Amaieran etxean geratu ziren lau puntu, baina Biarritzi askoz ere gehiago eskatu beharra dago, jokalariak baditu eta.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo