GARA > Idatzia > Euskal Herria

IV. Jardunaldi Feministak apirilaren 12an eta 13an egingo dira Portugaleten

«Feministok eraldaketarako borrokan!» lema hartu dute Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministek. Datorren apirilaren 12an eta 13an egingo dira EHUk Portugaleten duen fakultatean eta bertan indarkeria sexista edota emakumearen identitatea izango dira eztabaidagai.

Datorren apirilaren 12an eta 13an Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministak izanen dira, EHUk Potugaleten duen Nautikako Fakultatean, hain zuzen ere.

Emakume Internazionalistak, Plazandreok, Bizkaiko eta Arabako Emakume Asanbladak, Medeak, Herne, 7menos20, Bilgune Feminista, Lanbroa eta Amalatz eragileek osatzen duten Euskal Herriko Koordinadora Feminista da antolatzailea; eta ekimen honekin euskal emakumeak bildu, iritziak partekatu eta eztabaida sustatu nahi dutela azaldu zuten eragile feministetako ordezkariek atzo egindako agerraldian.

Jardunaldiek hiru ardatz izango dituztela azaldu zuten; lehena, «Emakumeak Euskal Herrian eta munduan» izenekoa eta bertan eztabaidatuko diren gaiak, besteak beste, zaintza, prekarietatea edota parte hartze sozio-politikoa izango dira.

Indarkeria sexistak ere lekua izango du eta prebentzioaz, legeriaz eta eman beharreko erantzunaz jarduteko beta izanen dute Portugaletera bertaratuko diren emakumeek.

Azken atalak aldiz, «Emakume identitate eta gorputz intsumituak» izango du goiburu eta sexualitateaz, prostituzioaz edota abortuaz hitz egingo dute.

Jardunaldietan parte hartu nahi duenak, www.jardunaldifeministak.org webgunearen bidez izena eman ahal izango du datorren otsailaren 20tik aurrera. Eta bertan parte hartzeaz gain, txostenak aurkezteko aukera ere eskaintzen da, emakume taldeek agerraldian jakinarazi zutenez. Txostenak aipatu- tako hiru ardatz horien ingurukoak izan behar direla azaldu eta aurkezteko epea otsailaren 29a dela esan zuten.

Hezkidetza Gida

Bilgune Feministak, bestetik, ikastetxeetan hezkuntza hezkidetzailea garatzeko landutako Hezkidetza Gida aurkeztu zuen.

Minimoen Taula oinarritzat hartuta, hainbat alderdi jorratu dituztela azaldu zuten, hala nola: balioak eta gaitasunak, edukiak, helburuak, metodologia, materiala, ebaluazioa, harremanak, hizkuntza, ikastetxearen antolaketa eta espazioak eta denbora.

konpromisoak

Hezkidetza Gidaren erabilpena eta zabalpena sustatzeko konpromisoak lortu nahi ditu orain Bilgune Feministak, eta horretarako ikastetxeei eta hezkuntza eragileei dokumentua aurkezteari ekingo dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo