GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hiri erdialdeak bizigune bihurtu behar dira CILen arabera

Eneritz ZABALETA

Gaur egungo gizartearen beharrak aztertzeko asmoz egindako ikerketaren emaitzak azaldu zituen atzo CIL erakundeak. Gaur egungo etxebizitza sozialen eraikuntzari begira, gizarteak dituen beharrak kontuan hartzea du helburu ikerketak: «Etxebizitza politika, II. mundu gerraz geroko eskemarekin eramaten da. Eredua, lehenik alokairura eta gero hirigunetik urrun dagoen etxe partikularrera pasatzen den familiarena da», salatu zuen Muriel Boulmier CILeko arduradunak.

Ikerketen arabera, eredu hori ez da jada egokia eta hiriguneetatik urrun bizi diren pertsonen egoera ekonomikoa kaltetzen du: «Euskal Herrian garraioen egoerak, energiaren kostuak eta alokairuzko zein jabegozko etxe- bizitzen prezioen igoerak, etxekoak egoera ekonomiko petralean uzten ditu», jarraitu zuen Boumierek. Izan ere, gaur egun etxebizitza sozialak hiriguneetatik eta, beraz, laneko eta aisialdiko guneetatik urrun eraikitzen baitira. Hilabeteko ordainsariak eta kostuen igotzeak kontuan hartuta, etxekoak kostuari aurre egiteko «zailtasun gorrian» uzten ditu egoerak.

Ondorioz, CILek etxebizitza sozialen eraikitze politika berrikustea proposatzen du, hiriguneak bizi eremu bihurtu eta hirietatik urruti dauden lo-hiriak ez egiteko.

Ikerketa, lan metodo kualitatiboari jarraikiz burutu dute. Ateratako ondorioak aintzat hartuta, CILek erakunde publikoentzat «hausnarketa tresna» izatea espero du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo