GARA > Idatzia > Osasuna

Partida Zaragozaren aurka

Sentsazioak gorpuztu eta puntuak lortu behar dituzte

Nafarrek Josetxo Romero eta Dady berreskuratuko dituzte Iruretaren taldeari aurre egin ahal izateko

OSASUNA-ZARAGOZA

GARA | IRUÑEA

Azken asteotako irudi onari eutsi nahi dio Osasunak gaur. Horrela, gorritxoek erakusten hasitako sentsazioak puntu bilakatzeko asmoa dute Zaragozaren aurka. Horretarako, Zigandak aurreko astean zigortuta egon ziren Josetxo eta Dady berreskuratu ditu. Gainera, bata zein bestea hasierako hamaikakoan arituko dira. Nafarra Miguel Flañoren ordez izango da defentsaren erdigunean eta Cabo Verdeko aurrelariak, Kike Solak Nou Camp zelaian bete zuen tokia hartuko du. Beraiekin batera ere, Jaroslav Plasik txekiarra hasierako hamaikakoan egongo da, bere arazo fisikoak atzean utzita, eta Natxo Monreal gaztea ere bai, atzo normaltasun osoz entrenatu baitzen.

Larraintzargo prestatzaileak 18 jokalari deitu ditu Iruretaren taldea menderatzeko. Izan ere, garaipena sekulako aurrepausoa izango litzateke beheko postuetatik aldendu nahian dabilen Osasunaren ibilbidean. Erronka ez da batere erraza izango, irundarrak Zaragozaren aulkia hartu duenetik, Aragoiko taldea, ondo jokatzeaz gain, puntuak pilatzen ari baita. Ondorioz, denboraldi hasieran jarri zuten helburua, hau da, Europarako aukera ematen duten postuetan sartzea, ziurtatzen duten postuetara hurbildu dira. Hala, Iruñean hiru puntuak eskuratuz gero, Zaragoza gehixeago hurbildu litatzeke UEFAko postuera.

Zigandaren esanetan, «egoerak irabazten saiatzea eskatzen du. Gorantz egiteko puntuak behar ditugu-eta taldearen bidea berrindartzeko. Izan ere, egia da hemendik kanpo baloratzen gaituztela, baina guk puntuak behar ditugu». Larraintzargoak gaurko partida, duela hiru aste Athleticen aurka jokatu zutenarekin parekatu zuen: «Beharren aldetik, lehia biek antza dute. Orain, jokatzen diren partida guztiak final bat dira eta, hala ere, irabaztea kostatzen zaigu. Ez dugu etsi behar eta gure helburua lortzen saiatu behar dugu. Gainera, Athleticen kontra gertatu zen moduan, gertutik datorren talde baten aurka jokatuko dugu, lehia bizia dago gure artean, eta eurek badakite Sadarren ondo jokatzen».

Azkenik, prestatzaile nafarraren aburuz, «oraindik badago denbora, Liga asko dugu aurretik eta dauden diferentziei buelta eman ahal zaie. Hala ere, Zaragozaren aurka ez irabaztea oso arriskutsua litzateke, gure adorea urratu ahal duelako. Beraz, gogor ekin behar dugu».

609 partida Iruretarentzat

Irundarrak bere marka egingo du gaur, izan ere, Sadarren Lehen Mailan zuzentzen duen 609. partida izango baita. Miguel Muñozen marka gainditu eta Luis Aragonesen atzetik -honek 757 lehia zuzendu ditu-, txapelketaren historian neurketa gehien zuzendu duen bigarren entrenatzailea izango da.

Iruretak 1987an egin zuen debuta Logroñesekin. Ondoren, Oviedo UEFArako sailkatu zuen, Racingekin ondo, Bilbon amesgaiztoa bizi izan zuen, Realean eroso, Celtan ederki, Deporren bikain eta Betisen makal; hala aritu da Zaragozara iritsi arte.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo