GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Euskal erlojuaren alde

Burujabetzaren aldeko euskaldunok hasiak gara erabaki propioak hartzen. Horra martxoak bere bederatzigarrenean ekarriko duen hauteskundearen aurrean hartu erabakia: euskal erlojuaren alde egin eta hemengo eguna noiz luzatu berton erabakitzea. Hau honela, 2008an ez dugu urriaren 26a arte itxaron beharko erlojua ordu bat atzeratuta egun horretan ordu bat gehiago izateko. Ez horixe! Martxoaren 9an egingo dugu hori, egun horretan ordu bat irabaziko baitugu, normalean botoa ematen eman beharreko denbora hain zuzen ere. Kontuak atera. Etxean boto-txartela bilatu, gainera legez kanpokoa izanda, ezkutuan mantentzen duzu, tenperatura eta hezetasun egokietan. Gero, botoa sakelan sartu eta hara!, ikastetxerantz, baina beti topatzen duzu bat edo beste bidean eta, badakizu, kafea hartu ere, ebakia nire kasuan. Tira, laguna agurtuta kalbariorako aldapatik segitzen duzu eta hara!, hantxe ikastetxeko atea. Ertzainek ematen dizute horren arrastoa, laino gauetan kostako itsasargiak kostarena itsasontziei eman bezala. Azkenean kaletik atera eta ikastetxera sartzen zara, demokraziaren sehaskan zaude! Horren seinale da zenbat jende dagoen bazterretan demokraziari hanka arteko oihalak aldatzen. Total, korridoreko paperak gainetik begiratu ondoren gela batera sartzen zara, oraindik ere boto-txartela sakelan bero duzula; denboratxo bat lerroan emanda, gela okerrean zarela jakin arazten dizute irribarre konstituzional batez. Bazoaz handik eta gela zuzenera sartu, bai, hauxe omen! Lerroan zara berriro, zu, betidanik ez-lerratua izan nahi izan duzun hori, non eta lerroan! Denbora ematen duzu inguruko hormetan eskegita dagoenari begira, gurutzeari batez ere. Tira, zure txanda da, libreta ateratzen duzu poltsikotik aurrezki-kutxan ez zarela konturatu baino lehen. Orain bai, sakelatik ateratzen duzu boto-txartela, hainbeste denbora pasatuta etxeko bero hura epeltzen hasia. Nortasun-agiria eskatzen dizute eta zuk EHNA luzatu; ezetz, horrek ez duela balio, Athleticenak beharbada bai, baina horrek ezetz. Orduantxe konturatzen zara eurek nahi duten agiri zer hori ez duzula aldean, eta segundo batzuk geroago etxerako bidean zara... eta lagun bat topatu, eta kafea hartu... Etxean agiri bila hasi, topatu, hautsa kendu eta berriz kalbarioko aldapatik... Ordu bat baino gehiago irabaziko dugu egun horretan. Osasuna ere bai!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo