GARA > Idatzia > Kultura

Zubizarreta eta Jimenez irabazle, Donostia Hiria Kutxa lehiaketan

Patxi Zubizarreta, antzerkian, eta Irati Jimenez, ipuinean, izan dira 2008ko Donostia Hiria Kutxa sarien irabazleak. Gaztelaniaz, berriz, Juan Carlos Rubio eta Ignacio Ferrando nagusitu dira, hurrenez hurren. Biak ala biak madrildarrak dira. Donostia Hiria Kutxa sariek 50 urte egin dituzte aurten eta, horren aitzakian, ukitu berri bat eman diete antolatzaileek.

p060_f01_72X116.jpg

p060_f02_72X116.jpg

Martin ANSO | DONOSTIA

Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964) literaturan bide luzea egin du, gehienbat baina ez soil-soilik gazte eta haur alorrean. Donostia Hiria saria merezi izan duen «Ohe deseginak» da idatzi duen lehen antzerki lana.

«Azkenaldion esperimentatzen ari naiz, lizeraturzaleekiko beste harremana ohiko bideetatik kanpo ere bilatu nahian. Orain arte irakurraldi musikatuak eta antzekoak egin izan ditut, gidoi batzuk, nolabait esateko, eta halako batean antzerkia idazteko beharra sentitu nuen», esan dio egileak berak GARAri.

«Ohe deseginak»en, bikote harremanak eta inkomunikazioa dira gai nagusiak. «Senar-emazteak semea udaleku batera bidali dute. Etxean bakarrik geratu dira eta berriz ere ohea dute topaleku, eta hor agerian geratzen dira komunikazio-inkomunikazio arazoak».

11 izan dira aurten Donostia Hiria sariketako antzerki sailean lehiatu diren euskarazko lanak. Aurelia Arkotxa, Ana Toledo, Daniel Landart, Imanol Elias eta Patri Urkizu izan dira epaileak. Urkizuk gainerako epaileen izenean atzo esan zuenez, 11 lan horien artean era guztietako antzerkia dago... sinbolista, errealista, absurdua... baina gehienetan, nola edo hala, sexuak edo bikote harremanek protagonismo handia dute.

Epaileen iritziz, Zubizarretak «oso ondo landu du pertsonaien psikologia». Horrez gain, «Ohe deseginak» «oso ondo egituratutako lana» da eta, oholtzaratzea errazte aldera, oharrez ederki hornitu du egileak. «Lehenbailehen antzeztea desio dugu», esan zuen Patri Urkizuk, eta hori baino ez da orain Zubizarretak berak duen ametsa.

Irati Jimenez, «aho batez»

Euskarazko ipuinean, Donostia Hiria sariaren irabazlea Irati Jimenez (Mundaka, 1977) izan da. Bere «Laranja azalaren negarra» nagusitu da aurten lehiaketara aurkeztu diren euskarazko 56 ipuinen artean.

«`Laranja azalaren negarra' lanean heldutasunera iritsi den emakume baten bizipen eta sentimentuak islatzen saiatu naiz», esan du idazleak berak .

Iñaki Aldekoak nabarmendu zuenez, epaimahaikoek «aho batez» hartu du Irati Jimenezen ipuina saritzeko erabakia. Epaimahaikoek -Aldekoak bera, Miren Azkaratek, Jon Kortazarrek, Enkarni Genuak eta Mari Jose Olaziregik- mundakarraren lanean batez ere baloratu dute «sentimenduen tratamentuan egileak erakutsi dituen fintasuna eta originalitatea».

Gaztelaniaz, bai antzerkian bai ipuinean, bi madrildar nagusitu dira, Juan Carlos Rubio eta Ignacio Ferrando.

Antzerki sailean, 135 lan lehiatu dira gaztelaniaz. Horien guztien artean, epaimahaiak, aho batez, Rubioren «100 m2» izenburukoa hautatu du. Hogeita hamarren bueltan dagoen emakume bat, goi mailako profesionala, etxe bat erostera doa. Oso modu onean eros dezake, baina, trukean, saltzailea bera, edadeko emakume bat, hil arte etxean bertan onartu beharko du.

Berez, drama bat da, baina umore handiz landutakoa.

Epaileen bozeramaile Jeronimo Lopez Mozok esan zuenez, «100 m2» saritzeko erabakiak hiru arrazoi nagusi izan ditu oinarrian: jorratzen duen gaiaren interesa (gai hori bakardadea da), testuaren literatur kalitatea, eta lana oholtzaratzeari begira oso ondo taxututa dagoela.

«Aktoreen ikuspuntutik benetako pagotxa da lan hau, bonboi bat; urtebete baino lehen `100 m2' muntatuta egongo da eta antzokiz antzoki ibiliko da, seguru», esan zuen Lopez Mozok. Mikel Azpiazuk, Emilio Gutierrez Cabak, Romualdo Salcedok eta Andres Sorelek ere osatu dute epaimahaia.

Parte hartze handia

Gaztelaniazko ipuin sailean, 1.164 izan dira aurkeztutako lanak, inoiz baino gehiago. Batzuk, gainera, urrutitik bidali dituzte, esaterako, Argentina, Mexiko, AEB, Kolonbia, Kuba, Brasil, Suedia edo are Zeelanda Berritik ere. Azkenean, Alvaro Bermejo, Jose Manuel Costas, Mitxel Ezkiaga, Raul Guerra Garrido eta Antxon Obeso epaileek erabakita, saria Ignacio Ferrandorentzat izan da, «Simetrias» lanari esker.

Hona «Simetrias» ipuinaren sinopsia: Madrilgo Metroan, bagoi bate jendez gainezka, eta bikote bat bildu da. Bikotekideak, elkarren arteko harremanean, ukimenaz, usaimenaz, dastamenaz eta ikusmenaz baliatzen dira, hurrenez hurren.

«Oso ipuin sinplea da, estilo arinean idatzitakoa, baina oso ondo trabatuta, eta bukaera ere oso orijinala da», nabarmendu zuen Atxon Obesok epaimahaikoen izenean.

MAIATZEAN

Aurtengo sariak ez dira datorren urtean emango, orain arte bezala, maiatzaren 10ean baizik, espresuki antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldi horrek burutuko du Kutxak liburuaren inguruan antolatuko duen kultur aste oso bat.

Berrikuntzak egin ditu Kutxak

Kutxak antolatzen dituen Donostia Hiria eta Irun Hiria literatur lehiaketak, duten tradizioari eta sariei dagokienez, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoak dira, ezbairik gabe. Alabaina, idazle batzuek inoiz aipatu dutenez, lehiaketa horietan saritutako lanek, argitaratu ondoren, ez dute oihartzun handirik izaten. Seguru asko, hori eta beste zenbait akats zuzendu nahian, aipatutako bi lehiaketetan berrikuntzak egitea erabaki du Kutxak. Berrikuntza horietako zenbait atzo bertan aditu ahal izan zuten aurtengo saridunak zein ziren jakiteko Donostiako Andia kaleko aretoan ospatutako ekitaldira bertaratu zirenek.

Hemendik aurrera, Donostia Hiria eta Irun Hiria lehiaketak urtero ez, baizik eta bi urtean behin antolatuko ditu Kutxak, txandaka. Hots, aurten Donostia Hiria, ipuin eta antzerki alorretan, antolatu du eta datorren urtean, berriz, Irun Hiria, nobela eta saiakeran.

Halaber, sariak, diru aldetik, dezente emendatu dira. Aurten, Donostia Hiriko antzerki alorretakoak, euskaraz zein gaztelaniazkoak, 20.000 eurokoak izan dira eta ipuinetakoak, berriz, 10.000 eurokoak.

Bestalde, Alberto Martinez Aranberri Kutxako Kultura arduradunak atzo aurreratu zuenez, aurtengo sariak ez dira datorren urtean emango, orain arte egin izan den bezala, maiatzean baizik, zehatz-mehatz, hil horren 10ean egingo duten ekitaldi berezi batean. Eta ordurako, dena ondo bidean, prest egongo dira saritutako lanen argitalpenak.

Gainera, ekitaldi horretan burutuko du Kutxak literatura eta, oro har, liburugintzaren inguruan aste oso batez antolatuko duen programa bat. Martinez Aranberrik ez zuen atzo gehiago aurreratu nahi izan, baina aste osoko kultur programa hori «ustekabe atseginez beterik» egongo dela iragarri zuen.

M.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo