GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian bizi diren emakumeek badute jada Eskubideen Karta Herritartasun eskubideen taula

Kostata, baina jada Euskal Herrian bizi diren emakumeen eskubideak karta batean jasota daude. Emakumeen Martxarako Euskal Herriko Plataformak atzo aurkeztu zuen dokumentua. Haren bidez, diagnosia egin, printzipio nagusiak zehaztu, herritartasunaren gainean hausnartu, eta eskubide zehatzak zerrendatzen dira. Aurrerantzean gutuna bera ezagutarazten, eta Aldarrikapen Taula osatzeko ahalik eta ekarpenik gehien biltzen hasiko dira.

p024_f02_2.jpg

Maider EIZMENDI |

Euskal Herrian bizi diren Emakumeen Eskubideen Karta jada amaituta dago eta atzo aurkeztu zuten Donostian egindako agerraldian. Lan handia egin behar izan da gutuna adosteko eta eskubide zerrenda zehazteko, horregatik, seguru asko, atzo goizean horrebesteko poza eta asebetea.

Orain hiru urte eskas, Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herria zeharkatu zuen eta ehunka emakume mobilizatu ziren han eta hemen egin ziren ekimen eta protesta ekitaldietan. Ekimena 2005eko urriaren 16an amaitu zen Burkina Fason eta orduan ekin zion Mundu Martxarako Euskal Herriko Emakumeen Plataformak eskubideen karta landu eta osatzeari. Dokumentuan honakoa esaten da bere erabilgarritasunaz: «Tresna hau beharrezkoa dugu, guri dagozkigun eskubideen lorpenean aurrera egin, eta eskubideok beteko direla bermatzen duten mekanismoak exigitzeko; eta, era berean, borroka feministaren helburuak jarraitu beharreko estrategiak eguneratzeko».

Lehenengo urratsetako bat emakumeek bizi duten egoera aztertzea eta errealitatearen diagnosia egitea izan zen. Ohartarazi dutenez, mugimendu feministak errealitate patriarkala eztabaidagai izan du azken hamarkadetan eta, horri esker, «oztopoak izan badira ere, ikuspuntu formal batetik berdintasuna egon badagoela esan dezakegu». Hala eta guztiz ere, honako galdera egin dute: «Hainbeste adierazpen, lege eta egitasmo izanda, zergatik ditugu oraindik indarkeria sexista, diskriminazioa, zapalkuntza eta ikusezintasun egoerak?». Euren ustez, borondate falta da benetako berdintasun egoerik ez gauzatzearen gakoa: «honekin amaitzeko jendarte osoaren jarrera aldaketa beharrezkoa da, gizonezkoena bereziki, gizon izateagatik bakarrik dituzten pribilegioei uko egiten ikasi beharko dute-eta».

Oraindik zeinu ugari

Errealitatearen diagnosian oraindik orain emakumeek pairatzen dituzten diskriminazio adierazleak jaso dituzte. Hala, biztanlegoaren erdia baino gehiago izanda ere, emakumeak «botere eta erabaki guneetan gutxiengo» izaten jarraitzen dutela nabarmendu dute, eta balore ekonomiko eta politikoa duten arloetan ordezkaritza txikia dutela salatu: «Emakumeok gauden sektoreak oso sektore jakinekoak eta feminizatuak izan ohi dira, mailarik txikienean, gaizki ordaindutako sektoreetan eta kontraturik prekarioenetan».

Horretaz gain, biziraute eta zainketa lanen %80 emakumeek egiten dituztela gogora ekarri dute, eta salatu dute «sozialki eta ekonomikoki, ez direla inoiz aintzat hartzen pertsona guztien bizi-baldintzen ongizatea eta jendarte-antolaketa osatzen laguntzen duten jarduera bezala».

Zalantzarik gabe, ordea, emakumeen kontrako bortizkeria jo dute eskubideen urraketarik larrienetako eta hedatuenetakotzat, eta «emakume jaio izateagatik bakarrik», euren kontra egiten diren indarkeria mota guztiak sartu dituzte arlo honetan.

Diagnosi hau osatzean, halaber, emakumeen sexualitatea genero-agindu anitzek mugatzen dutela eta afektibitatea eta sexu portaerarako jarraibide zehatz batzuk markatzen dutela ohartarazi dute, besteak beste.

Noski, Euskal Herrian bizi diren emakumeek beste gaztazka bat ere bizi dutela gogorarazi nahi izan dute kartan: euskal gatazka politikoa. «Gure herriarentzako une historiko honetan, ezin dugu ahaztu beste herrialdeetako gatazka konponketetan emakumeek egin duten lana eta, beraz, argi eduki behar dugu protagonista izan behar garela hemen bizi dugun gatazkaren konponbidean ere», azaldu dute.

Behin egoera aztertuta, kartak oinarri izango zituen printzipioak zehazteari ekin zioten. Askatasuna, parekidetasuna eta elkartasuna dira horiek. «Askatasuna, guk nahi duguna eraikitzeko garaian, geuk erabaki ahal izateko, bai maila pertsonalean bai kolektiboan; parekidetasuna, sexu banaketa gainditu eta pertsona guztiak bere identitate propioarekin baloratua izateko, eskubidea eta betebehar berberekin eta emakumeon parte hartzea eta botere hartzea jendarteko eremu guztietan; eta elkartasuna, gizon eta emakumeen artekoa, herri eta nazioen artekoa, baina, batez ere, emakumeen arteko elkartasuna, gure borrokaren eta eskakizunen motorea baita». Agirian bertan hauxe gaineratu dute: «Askatasuna, parekidetasuna eta elkartasunaren baloreei lehentasuna ematen badiegu logika feministatik, bakea eta emakumeenganako justizia bermatuta daude; herritartasun maila ezberdinak ezartzen dituen gatazka sozial historikoa konpontzear ariko ginateke».

Herritartasuna aztergai

Herritartasunaren gainean sakon hausnartu, eta beharrezkotzat jo dute publiko pribatu dikotomia apurtzea, horrela bakarrik lortuko baita, euren ustez, gaur egun dagoen berdintasun formala egiazko berdintasun izatea. «Emakumeontzako herritartasunak parte hartzeko eskubidea esan nahi du, aukera berdinekin jendartearen arlo guztietan eta batik bat erabaki guneetan».

Dokumentuaren arlorik esanguratsuena da eskubideen zerrenda bera. Orotara, 19 eskubide zerrendatu dituzte, esate baterako, euren bizitza proiektua askatasunean eta berdintasunean garatzekoa, emakume izateagatik biolentziarik ez jasatekoa, edota emakumeen ekarpenak eta balore feministak izango dituen hezkuntza eredua izatekoa. (Guztiak aldameneko taulan jaso dira).

Atzoko aurkezpenean jakinarazi zutenez, hemendik aurrerako helburua da dokumentu hau ahalik eta emakume gehienen artera zabaltzea, eta euren ekarpenak jasotzea, Aldarrikapen Taula egin ahal izateko. «Aldarrikapen Taula honekin eskubideak askatasun osoz baliatu nahi ditugu formalitate huts bat izan beharrean». Epeei dagokionez, 2010. urtean egingo den Emakumeen Mundu Martxa iristen denerako amaitzear izan nahi dute, eta orduan biribildu.

Herritartasun eskubideen taula

-Eskubidea, emakumeak gure bizitza proiektua askatasunean eta aukera berdintasunean egiteko, eten eta oztopatua izan gabe edo familia eta familia unitateen eskubideei lotua izan gabe.

-Eskubidea, aktiboki parte hartzeko eta aintzat hartuak izateko jendarteko edozein arlo eta jardueratan.

-Eskubidea, emakumeok edozein diziplinetan objektu eta subjektu izateko.

-Eskubidea, emakumeok gure bidea/bizitza duintasunez egiteko, gure bizitzako etapa bakoitzeko ezaugarriak kontuan hartuz.

-Eskubidea, emakumeak izateagatik gure kontrako biolentziarik ez jasateko.

-Eskubidea, gure denbora izateko eta lanerako, aisialdirako edota norberarentzako erabili aukeratzeko.

-Eskubidea, nahi dugun harreman afektibo mota sortu eta garatzeko, eredu heterosexistaren gainetik.

-Eskubidea, gure identitate sexuala edozein izanda ere, sexualitatea askatasunez bizitzeko.

-Eskubidea, gure gorputzaren inguruan askatasunez erabakitzeko eta aukeratzeko.

-Eskubidea, lana baldintza duinetan izateko.

-Eskubidea, zainduak izateko eta emakumea izateagatik etxeko eta zaintza lanak egitera behartuak ez izateko.

-Eskubidea, lanean aukera berdintasunean parte hartzeko, sartzeko, orientatzeko eta prestakuntzarako.

-Eskubidea, emakumeon beharrei erantzungo dien osasun zerbitzu erabatekoa eta publikoa izateko.

-Eskubidea, emakumeon ekarpenak eta balore feministak izango dituen hezkuntza eredua izateko.

-Eskubidea, laguntza sozialak eta ekonomikoak jasotzeko, hauek famili unitatepean egon barik.

-Eskubidea, balore feministetan oinarritutako euskal kultura sortu, garatu eta transmititzeko.

-Eskubidea, emakumeak ikusezin bilakatzen ez dituen edo diskriminatzen ez dituen hizkuntza erabili eta garatzeko.

-Eskubidea, aktiboki parte hartzeko eta aintzat hartuak izateko jendarteko edozein arlo eta jardueratan.

-Eskubidea, emakumeok historian eginiko ekarpenak ezagutu eta transmititzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo