GARA > Idatzia > Errugbia

Top 14

Jean Dauguer zelaian Avironi aurre egitea oso zaila da

Etxekoek partida bikaina egin zuten, eta berriro ere Dourthe nabarmendu zen

p052_f01.jpg

AVIRON 31

ALBI 13

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek lan bikaina egin zuen atzo Jean Dauguerren. Albiren gainetik pasa zen, joko ona egin zuen, eta bosgarren postuan itsatsita geratu dira. Gaur Biarritzek irabazten badu ere, horrela jarraituko dute, talde zuri-gorria gertu izango dute.

Aviron sasoi betean dago, agian denboraldiko unerik gozoena da berarentzat, nahiz eta etxean erakusten duen maila kanpoan ematea falta zaion. Bolada on horretan inor nabarmendu behar baldin bada, hori Richard Dourthe da. Lapurtarren jaurtitzailea oso ongi dabil, eta atzo ere bera izan zen protagonista nagusia, berak eginak izan baitziren neurketako punturik gehienak.

Zuri-urdinek sekulako hasiera egin zuten. Partida ahalik eta azkarren erabaki nahi zuten, eta oren laurdena betetzerako 16-0 aitzinetik ziren. Horietatik punturik gehien Dourthek lortu zituen, entsegua ez beste gainontzekoak bereak izan ziren.

Kanpotarrek, lehen minutu horiek pasata, apur bat aurrera egin ahal izan zuten, eta transformatutako entsegua egin zuten. Bazirudien ausardia hori ez zitzaiola etxeko taldeari gustatu, eta berriro ere erasora jo zuen, eta Dourthek beste bi zigor gauzatu zituen, eta eskerrak kanpotarrek ere bat egin zuten, bestela atseden hartzera alde handiagorekin helduko ziren. Hala ere, Aviron 22 eta 10 aurretik zela joan ziren aldageletara, atseden hartzera.

Bigarren zatian ere Aviron jaun eta jabe izan zen. Aurrera egin zuten, eta lana eta presioa handik hasten zuten, Albiri inongo aukerarik eman gabe. Hala ere, kanpotarrak ongi defendatu ziren, eta euskaldunek ez zuten beste entsegurik egiteko paradarik izan.

Talde bat entsegu marratik hurbil dabilenean, entsegurik ez bada, zigorrak izan ohi dira, eta Avironek berriro ere puntuak batzen aritzeko modua izan zuen, eta zigorretan ez omen dute hutsik egiten, eta bigarren zatian ere, denak barrura sartu zituzten, markagailuan aldea handituz.

Albik, aldiz, ez zuen inongo arriskurik sortu, eta izan zuten aukera apurrenetakoa aprobetxatu zuten markagailua apur bat itxuratu ahal izateko. Amaieran garaipen handia lortu zuen Avironek, eta sailkapeneko lehen postu horietan jarraituko du. Une honetan jaitsiera oso aparte dauka, eta agian beste helburu batzuk jartzen hasteko une egokia izan daiteke baionarrentzat.

Baja asko izango ditu Biarritzek Bourgoinen

Biarritzek gaur jokatu beharko du, eta 15.00etatik aurrera jokatuko dute Bourgoinen zelaian. Partida garrantzitsua izango da euskaldunentzat. Irabazten badute eutsi egingo lioke bosgarrengoari, Avironi, alegia, kentzen dion alde horri, eta puntu bat gehitzeko aukera ere izango dute, erasoko puntu gehigarria lortzen badute. Galtzen badute ere, laugarren jarraituko dute, baina zuri-urdinak asko gerturatuko zaizkie.

Hala ere, gaurko partidarako, zuri-gorriek baja asko izango dituzte. Kolpatuez gain, selekzio ezberdinetan ere jokalari ugari baitituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo