GARA > Idatzia > > Mundua

NVA Flandeseko alderdiak ez du negoziaketetan parte hartuko

Yves Leterme lehen ministroa sostengatzen duen koalizioko alderdi flandestar batek, NVAk, ez du Belgikako Estatuaren erreformari buruzko negoziaketetan parte hartuko. Albert II.ak izendatu zituen bitartekarien proposamenak ez dio auziari heltzen, alderdi horren iritziz.

GARA |

NVA alderdi flandestarrak gehiengo federala utzi eta oposiziora jo du, Yves Leterme lehen ministroaren kalterako.

Horrela, bada, Flandeseko Itun Berria (NVA) alderdiak iragarri duenez, ez du inolaz ere Belgikako Estatuaren erreformaren inguruan waloiekin elkarrizketetan parte hartuko.

Letermeren CD&V alderdi flandestarrak erronka garrantzitsua du datorren urteko hauteskundeei begira: NVA taldearekin koalizio berria osatzen saiatzea, beti ere flandestarren eskubideak bermatzearen haritik, edota egun dituen gobernu-ardurei premia ematea.

CD&A alderdiak hartuko duen jarreraren zain, Letermek, orain arte behintzat, baztertu egin izan du NVA alderdiarekin harremanak hausteko aukera. «Koalizioaren aita nauzue eta aitak ez du bere semeak erortzen utzi ohi», adierazi zuen abuztuaren hasieran, oporretara joan baino lehen.

NVA oso ezkor azaldu zen joan den ostiralean, Albert II.ak, erregeak, izendatu zituen hiru bitartekariek kaleratu zuten elkarrizketarako planarekin. «Gauzak dauden moduan, ezin ditugu negoziazioak bermatu», adierazi zuen, orduan, Geert Bourgeois alderdiko eledunak.

Bitartekariek data jarri zuten egungo erregioen autonomia indartzeko elkarrizketak hasteko, urriaren 14a, hain zuzen.

Hala ere, negoziazio horiek prestatzeko bi hilabete luze izan badute ere, Brusela-Hal-Vilvorde izeneko barrutiari buruzko auzia gerorako uztea erabaki zuten bitartekariek, flandestarren haserrerako. Are gehiago, akordio orok Estatu mailako «elkartasuna» bermatu behar lukeela ohartarazi zuten bitartekariek.

Oraingoz, «argitasuna» eskatu die bitartekariei Letermeren CD&V alderdiak.

KRITIKAK

NVA alderdiak ez du Belgikako Gobernuan parte hartzen, bai ordea Flandeseko Exekutiboan. NVAren erabakiak hautsak harrotu ditu alderdi flandiarren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo