GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Jone edo Unai, arrosa ala urdina...

Txoko-txokoan, barrenak husteko txokoa, txokotik. Hitzei, iritziei izena eta aurpegia jarrita estreinakoz, egunerokoan alboan edota urrunxeago gertatukoei helduta; bada zer kontatua, pentsatua...

Irribarretxoa marraztuko zaio bateren bati lerrook irakurtzean, baina topikoei eta estereotipoei eta ez haietan erortzen direnei helduko diet, horretan inor ez baita guztiz salbu. Baina gehiegi hausnartu gabe, lagunartean egindako aipamentxo horiek dira askotan argigarrienak, hausnarketarako parada ematen dutenak eta momentuan amaiezin diruditen eztabaidak abiatzen dituztenak. Ideiak argi izanda ere, barru-barrutik ateratzen zaigu, tapa: «Zer prestatu dizu amatxok bazkaltzeko?». Noski, gizonek ez dakite janaria jartzen eta are eta gutxiago alaben arropa aukeratu eta mototsak egiten, kottaduak.

Behar ditugu, antza, estereotipoak, jendea klasifikatu eta sailkatzeko dugun joera txiki-txikitatik landua eta barneratua baitugu. «Nahigabean» geure egiten ditugun estereotipo eta aurreiritzietan erreparatzea da, beraz, premiazkoa. Izan ere, sailkatu beharraren beharraz gure jardunarekin berrindartzen ditugu hain trakets eta gogaikarriak zaizkigun uste asko. Horiek direlako gara garenak, eta halakoak garelako, berriz, irauten dute horiek; askatzerik ez duen katramilaren antzera.

Halabeharrez gara zainduak, txukunak, arduratsuak, etxeko lanetan aritzeko abilezia berezidunak, gidatzen traketsak... eta hainbat eta hainbat ezaugarri gehiagokoak. Inguruan uneoro topatzen dira, ordea, arau horretatik kanpo geratzen den adibide franko; klasifikazio zurrun horretan batean edo bestean zehatz-zehatz tokirik bilatzen ez dutenak, baina horrek ez du garrantzirik; jaiotzetik, zenbaitetan jaioko denaren izena pentsatzen hasterako ere sailkatuta baikaude: mutil ala neska, urdin edo arrosa, andereño edo futbolari...

Baina horixe, direlako gara, eta garelako dira eta izango dira, horrekin hausteko biderik jartzen ez den artean. Bitartean tapateko horiek barruan ondo eusten saiatu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo