GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Paxkal Ezkurrak beretzat hartu du finala jokatzeko falta zen txartela

EZKURRA II 40

OZAFARIN 32

J.L. | DONOSTIA

Paxkal Ezkurrak lortu zuen atzo, Donibane Garazin, martxoaren 8an Baionako Modernen jokatuko den finalerako falta zen txartela. Urruñarrak Waltari izango du aurrez aurre. Beraz, iazko finalista berak izango dira aurten ere.

Lapurtarra zen irabazteko faboritoa, eta aurreikuspenak bete egin zituen, baxenabartarra baino hobea izan baitzen. Hala ere, lan asko egin behar izan zuen, batez ere neurketaren lehen zatian.

Hemezortzigarren kintzera bitarte, lehia handia izan zen, bi pilotariek dena zuten jokokoan, irabazten zuenak finala jokatuko zuen, eta galtzen zuena kanpoan geratu. Lehen zati honetan parean aritu ziren bi pilotariak, itxura ona eman zuten, baina hortik aitzinera Bankakoa nekea sumatzen hasi zen, eta horrelakoetan Paxkalek ez du barkatzen. Atzo ere ez.

18-18na adostuta egon ostean, lapurtarra aitzineratzen hasi zen. 16-8ko partziala lortu zuen, eta horri buelta ematea ezinezkoa egin zitzaion Ozafraini, nahiz eta ahalegindu zen, baina aurten ere finala jokatzeko aukerarik gabe geratu behar izan du.

Ligaxkako azkeneko jardunaldi honetan beste partida bat ere bazen, baina honek ez zuen inongo garrantzirik, Waltarik finalerako txartela segurtatuta zuelako, eta Kurutxarik ez zuelako sailkatzeko inongo aukerarik. Kubatarrak 40 eta 29 irabazi zuen, 48 minututan pilotan aritu ostean. Waltarik 16 kintze sartu zituen botetik, eta 10 Kurutxarik. Markagailua honela joan zen: 101-10, 18-18, 18-23, 23-23, 24-28, 28-28 eta 40-29.

Beraz, finalerdietako ligaxka amaituta, honela geratzen da sailkapena. Waltarik 3 puntu; 2 Ezkurrak; 1 Ozafrainek eta bat ere ez Kurutxarik. Finala, martxoaren 8an jokatuko da hemendik bi astetara, eta Baionako Modernen arituko dira Waltari, iazko txapelduna, eta Paxkal Ezkurra, iazko txapeldunordea.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo