GARA > Idatzia > > Ekonomia

CAFen azpikontratatuta lanean ari zen langile bat hil da garabi batek bultzatuta

Antonio Urkola Tolosa 45 urteko langile andoaindarra hil zen atzo CAF enpresaren Beasaingo lantegian, azpikontratatuta, garabi baten matxura konpontzeko lanean ari zenean. Enpresa batzordeak urteak daramatza garabietarako sarbidea arriskutsua dela salatzen.
p023_f01_148x116.jpg

GARA |

Antonio Urkola Tolosa 45 urteko langile andoaindarra, hil zen atzo lan istripu batean. Langileak Tolosa Talleres Mecanicos Añi SL enpresarentzat egiten zuen lan, eta honek, azpikontrata baten bidez, CAF enpresarentzat. Beasainen CAFek duen lantokian gertatu zen lan istripua 07.45 aldera. Anbulantzia bat bertaratu eta hainbat erizain langilea suspertzen saiatu ziren, baina bertan hil zen langilea.

CAFeko enpresa batzordeak jakinarazi zuenez, langilea matxuraturiko garabi bat konpontzera joan eta horretarako «garabira igotzen ari zela, martxan zegoen beste garabi batek jo zuen». Prebentzio alorreko ordezkariek adierazi zuten aspaldi ari direla «sarbide hauen diseinu arriskutsua» salatzen, Lan Osasuneko batzorde nagusi zein azpibatzordeetan, eta, beraz, beren hitzetan, «enpresa da heriotza honen erantzule nagusia».

Heriotza hau salatzeko eta familiari dolumina eta elkartasuna erakusteko enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea hasi zuen atzo gaur goizeko hamarrak arte. Horrez gain, elkarretaratzera deitu dute gaur 09.00etan lantegiko atean bertan. Irungo CAF enpresako 300 langileek ere lanuztea egin zuten atzo. Bestalde, LAB sindikatuak, beste hainbat eragile sozialekin batera elkarretaratzea deitu du gaur 20.00etarako Andoaingo Zumea plazan, «Aski da! Eredu ekonomikoa aldatzera goaz», lelopean.

LABek gogor salatu zuen «historia errepikatu» egin dela. «Beste behin ere azpikontrataturiko langile bat hil da lan istripuan, eta beharrezkoa da nabarmentzea prekarietateak eta azpikontratazioak lan eskubideen galera dakartela, eta hori lan istripu-haztegia dela», adierazi zuen. Zentzu honetan, LABek aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa aldarrikatu zuen, langileen osasun eta bizitzari lehentasuna emango dion aldaketa. Patronalarekin jolasean aritzeari utziko dion Lan Sail bat eskatu zuen, baita «arazoaren muinean eragingo duten neurriak» ere, prekarietate, azpikontratazio, lan erritmo altu edo kostuen murrizketan, besteak beste.

CCOO sindikatuak lan arriskuetarako prebentzio legea hitzez hitz bete dadila aldarrikatu zuen eta «duela bi hilabete enpresa komiteak txosten batean garabietarako sarbideen desegokitasuna» salatu zuela adierazi zuen. UGTk kontrol handiagoa eskatu zuen «hainbat enpresak beren zerbitzuak eskaintzen dituzten lan eremuetan».

Atzoko heriotzarekin gutxienez 15 dira aurten Euskal Herrian lan istripuetan hildako langileak.

GARABIEN SARBIDEA

Garabi baten sarbidean zela hil zen langilea. Enpresa batzordeko prebentzio ordezkariek urteak daramatzate sarbide horien egoera desegokia salatzen. Orain bi hilabete aurkeztu zuten sarbide horien arriskuari buruzko txostena.

ALDAKETA

LABek aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoa aldarrikatu ditu, «langileen osasun eta bizitzari lehentasuna» emango dion aldaketa. Arazoaren muinean eragingo duten neurriak behar direla nabarmendu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo