Lehen partida
Gaixotasun larria sendatuta, kantxara itzuli da Beobide
Ia bi urte pilotalekuetatik kanpo egon ostean, atzelari bizkaitarrak debuta egin du Beotibarren. Asegarceko taldekideek txapela ere oparitu diote itzuleragatik.
GARA | TOLOSA
Gaixotasun larri bat zuela-eta, ia bi urte kantxetatik kanpo egon ostean, Hodei Beobide pilotalekura itzuli zen atzo. Tolosako Beotibarren, Diazekin batera, Bellosoren eta Urrizelkiren aurka aritu zen. Ez zuen emaitza onik lortu -12-18 galdu baitzuen-, baina, une txarrak atzean utzita, berriro ere pilotan aritzea seinale ona da zalantzarik gabe.
Oso harrera ona egin zioten pilotazaleek Tolosan Ubideako pilotariari. Bizkaitarrak, gainera, honako esaldia bordatuta zuen txapela jaso zuen taldekideen eskutik: «Bizitzako txapelketa gogorrenari aurre egiteagatik - Txapeldun».
Partidari dagokionez, atzelaria ondo ibili zen neurketaren lehen zatian, momentu batzuetan pilotari ondo emateko zailtasunak izan arren. Norgehiagokaren bigarren zatian, berriz, urduritasunagatik eta nekeagatik atzera egin zuen.
Bestelakoa izango da ziur asko Raimundo Camarero «Rai» pilotariaren aldartea. Quintanar de la Sierrakoari Asegarcerekin zuen kontratua iragan otsailaren bukaeran amaitu zitzaion. Ondorioz, enpresaren web orriak aipatzen duenez, «ez dago jada Asegarceko pilotari taldean». Burgosekoak 1997ko ekainaren 28an egin zuen debuta Errioxako Lardero herrian eta lortutako garaipen garrantzitsuen artean, nabarmentzekoa da 1999ko Bigarren Mailako Banakako Txapelketa.
Lehen Maila
Lehen Mailako Binakako Txapelketako asteburu ikusgarria iraganda, finala lortzeko azken jardunaldiari begira daude dagoeneko pilotariak. Irujo-Goñi III.arekin nortzuk arituko diren erabakiko da datorren igandean Bengoetxea VI.a-Beloki eta Olaizola II.a-Mendizabal II.a bikoteen arteko neurketan. Partida honetarako material aukeraketa ostegunean egingo da Donostian, 11.30ean. Larunbatean Labriten jokatuko den Berasaluze VIII.a-Begino eta Irujo-Goñi III.aren aurkakorako aukeraketa, aldiz, bihar egingo dute Iruñean, 11.30ean.