GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Espanyol bisitatuko du

Beste aldaera bat helburu berbererako

Athleticek Espanyolen zelaian itxiko du urtarrileko egutegi zaila, aurreko hiletan arrakastaz lehiatutako partiden antzekoa jokatzeko asmoarekin. Aurkariaren premiak zuri-gorrien alde joka lezake.

p038_f01.jpg

ESPANYOL - ATHLETIC

Amaia U. LASAGABASTER

Joan den asteko estropezua ahaztu -edo gehienez ere Riazorren gertatutakoak sortutako amorruaz baliatu-, eta orain arteko ibilbideak sortu dien agertokiari tinko eusteko beste ahalegin bat egingo du Athleticek Cornella-El Prat zelai berrian.

Helburua ez da aldatu, beraz, zortzi egunotan. Bai, berriz, aurkariaren garrantzia eta egoera. Nolanahi ere, zuri-gorriei bide berberari ekiteko beste aldaera bat eskainiko die. Aldagaia erabat berria ere ez da, hala ere, gaurko neurketak badu-eta antzekotasunik aurreko hilotan Athleticek arrakastaz jokatu dituen beste hainbat partidarekin. Racing, Zaragoza edota Almeriarekin gertatu bezala, aurkariaren egoera ez da inolako arazoa. Larritasunez hitz egitea gehiegizkoa da agian, baina jaitsierako postuekiko hiru puntuko aldea besterik ez duenez, argi dago Espanyolek beharrezkoa duela garaipena. Eta Athleticek horri etekina atera nahiko dio, Gabon aurretik etxetik kanpo erakutsitako jokoaren lasaitasun eta sendotasuna hartzea.

Garaipena lortuz gero, zuri-gorrien egoera nabarmen hobetuko litzateke; gainera, sailkapenaren goiko aldeko hainbat taldek -Deportivok eta Sevillak batez ere- neurketa zailak jokatuko dituzte asteburuan.

Hori ez da, dirudienez, Joaquin Caparrosen buruhausterik handiena, entrenatzaileari asteburu bakoitzeko partida bakarrik axola omen zaio, horien emaitzek sailkapenean izan ditzaketen ondorioei begiratu gabe; denboraldiaren azken tartera heldu arte, behintzat.

Iaz, Athletic jaitsierako postuetatik irteteko borrokan zegoela, helburua Europako postuetan amaitzea zela adierazi zuen; egun, berriz, ez du horrelako «titularrik» nahi. «Taldearen helburu bakarra Espanyolen aurka sekulako partida jokatzea da eta hiru puntuak biltzea. Zuei [kazetariei] entrenatzaileak titularren bat ematea gustatzen zaizue, baina zertarako balio du nik Europaz hitz egiteak bihar ez bagara zelairatzen beharrezko dugun anbizio eta jarrerarekin?».

Jarrera egokia zuri-gorriek azken bi partidetan izan dutena da, baina ñabardura bat gaineratu du: «Atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan kontzentrazio mailari eustea. Erregulartasuna eta oreka partida osoan zehar mantendu behar ditugu».

Aldaketa gutxi

Caparrosek, bestalde, aldaketa bi besterik ez ditu egingo hamaikakoan Amorebieta osatu baita. Ustekaberik ez badago, Ustaritz eta Gurpegik -Iturraspek ere aukerak dituen arren- ordezkatuko dituzte San Jose eta Javi Martinez zigortuak.

Berririk adierazgarrienak deialdiarekin dute zerikusia, bigarren taldeko Mikel Santamaria lehen aldiz bidaiatuko baita bere nagusiekin. Azken asteotako arazo fisikoak gainditu eta gero, bestalde, Xabi Castillo jokoan jarri du entrenatzaileak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo