GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Binakako Txapelketa

Gipuzkoako ordezkaririk onena izateko ohorea, jokoan

Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Gonzalez-Laskurain bikoteak arituko dira Labriten.

Imanol CARRILLO

Aurreko hiru jardunaldiak Binakako Txapelketako aperitiboak besterik ez zirela argi utzi nahiko dute gaur, Iruñeko Labrit pilotalekuan (18.30, Tele5), Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Gonzalez-Laskurain bikoteek.

Lehenengo bi pilotariak sailkapeneko seigarren tokian dira, garaipen batekin eta bi porrotekin, baina gaur irabaziz gero, eta tantoen batez bestekoen arabera, Gonzalez eta Laskurain gainditzeko aukera ederra izan dezakete (hirugarren dira, bi garaipen eta porrot batekin).

Aurreko urteetan ikusi ahal izan denez, ligaxkan ahalik eta garaipen gehien lortzea ezinbestekoa da hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzeko.

Neurketa ikusgarriagoa bihurtzen da aurreko horri gehitzen bazaio txapelketan dauden gipuzkoar bakarrak Mendizabal II.a eta Laskurain direla, bi atzelariek ahal duten guztia emango baitute Gipuzkoako ordezkaririk onenak izateko.

Aurreko koadroetan, aldiz, egun egon daitekeen lehiarik interesgarriena ikusteko aukera izango dute ikusleek. Izan ere, hainbeste entzuten den Irujo-Olaizola II.a alde batera utziz, azken hilabeteetan oso indartsu jotzen ari den Gonzalez izango da protagonistetako bat.

Aurtengo Lau eta Erdiko irabazle, Azkaineko aurrelariaren ezkerrak beldurra sortu du pilotariengan. Aurrean Olaizola II.a izango du areriorik nabarmenena. Goizuetarrak bere esperientzia eta maila atera zituen aurreko asteburuan Irujoren eta Beroizen aurkako neurketan emaitza txukuntzeko asmoz, baina berandu (22-20 galdu zuten). Gaurkoan, aldiz, hasieratik lanak garaiz egiten saiatuko da, Mendizabalekin batera iaz egindako lan bikaina (finalera iritsi ziren) pikutara ez botatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo