GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguraldiak hobera egin artean ez diote berriz ekingo bi mendizaleak bilatzeari

Igandetik desagertuta dauden Iruñeko bi mendizaleak bilatzeko lanak bertan behera uztea erabaki zuten atzo arratsaldean. Laskungo zirkuan lau egunez aritu dira bila, baina elur jausi arriskua handia denez, eguraldiak hobera egin arte ez diete berriro bilaketa lanei ekingo.

GARA |

Armando Nieto eta Alfonso Gonzalez Hiru Erregeen Mahaia mendi ingurura joateko asmoz, Pirinioetara abiatu ziren. Baina, ordutik desagertuta daude. Horiek bilatzeko lanetan aritu dira, baina atzo 15.00ak aldera bilaketa lanak eguraldiak hobera egin arte bertan behera uztea erabaki zuten.

Azken egunotan, tenperaturek zertxobait gora egin dute eta, ondorioz, mendietan pilatutako elurrak sendotasuna galdu du. Gainera, hurrengo egunetarako eguraldi iragarpenen arabera, haize boladak areagotu egingo dira. Hori dela eta, elur-jausiak izateko arriskua handia da, beraz, erreskate taldeek ezingo dute salbamendu lanetan jarraitu.

Bilatze lanetan hogei bat lagunek osatutako taldea aritu da, hamabost bat jendarme, Estatu frantseseko Mendi Salbamenduko Suhiltzaile Taldeko kideak eta boluntario talde bat, hainbat mendi adituk osatzen dutena. Hiru zakur eta helikoptero bat ere erabili dituzte. Atzo goizeko bederatzietan hasi ziren hirugarren egunez inguruak miatzen, Gonzalezen eta Nietoren senide eta lagunak ere aritu ziren bi mendizaleen bila, baina ezin izan zituzten aurkitu.

Atzo jakinarazi zutenez, orain arte Laskungo zirkuan aritu dira erreskate lanetan. Izan ere, astelehenean, aipatutako leku honetatik gertu aurkitu zuten Armando Nietok eta Alfonso Gon- zalezek mendira abiatzeko erabili zuten autoa.

Bestalde, asteartean aditzera eman zuten erreskate zerbitzuek Laskungo zirkuan elur-jausi batean arrastoak aurkitu zituztela. Laurogei metroko elur pilaketa dagoen eremu horretan gizaki oinen hainbat seinale topatu zituzten. Horregatik, bi mendizale iruindarrak elur pila horren azpian egon litezkeelakoan hori miatzen aritu dira.

Mendizale petoak

Arrosadia auzoko bi mendizaleak goizean goiz abiatu ziren igandean mendi buelta egiteko asmoz, izan ere, iluntzerako Iruñera bueltatzea aurreikusita zuten. Denborak aurrera egin ahala eta etxera bueltatzen ez zirela ikusita, mendizaleen senideek igande gau partean Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetara dei egin zuten.

Armando Nieto eta Alfonso Gonzalez mendizale eskarmentudunak direla jakinarazi zuten eta sarritan egiten zituzten mendietara irteerak. Azken hamar urteetan Nafarroako Mendi Federazioko kide izan dira, nahiz eta aurten ez dute euren lizentzia berritu. Mendiaz gain, bizikletan ibiltzea eta atletismoa ere gustuko dituztela adierazi zuten senideek.

hipotesiA

Asteartean elur-jausi batean gizaki oinen hainbat marka aurkitu zituzten eta bi mendizaleak elur pila horren azpian egon daitezkeelakoan bertan bila aritu dira egunotan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo