GARA > Idatzia > Mundua

Bosniako serbiarren borroka «justua eta sakratua» izan zela dio Karadzicek

Bosnia-Herzegovinako gerratean serbiarrek musulmanen aurka buruturiko erasoaldia «justua eta sakratua izan zela» esan zuen atzo Hagako Auzitegian Radovan Karadzicek. Haren ustez, serbiarrek musulmanen erasoari aurre baino ez zioten egin.

p029_f01_199x116.jpg

GARA

Bosniako serbiarrek egin zuten borroka «justua eta sakratua» izan zela nabarmendu zuen atzo Radovan Karadzic Jugoslavia-ohirako Nazioarteko Auzitegi Penala (ICTY siglak, ingelesez) beraren kontra egiten ari den epaiketaren hasieran. «Ez naiz munstro bat eta ez dago nire kontrako frogarik», gaineratu zuen Bosniako serbiarren buruzagi politikoa izandakoak.

Urrian egitekoa bazen ere, atzo ekin zioten berriro Karadzicen aurkako epaiketari, Hagan. Bertan, Bosniako serbiarrek ez zutela inoiz Jugoslaviatik banatu nahi izan, eta «musulmanekin bizitzen prest» zeudela esan zuen. «Baina ez genuen nahi bizi beraien menpe eta oinarrizko eskubideak bermatzen ez zituen errejimen batean», gaineratu zuen.

Serbiako Alderdi Demokratikoko buru (SDS) izandakoak argitu zuen epaiketan ez zuela bere burua defendatzeko hitz egiten, «nire aberritxo handiaren alde egiteko baizik».

Beste behin, Hagako akusatuen aulkian izatearen errua «nazioarteko konspirazio bati» egotzi zion. Bere bertsioaren arabera, inoiz ez zuen izan Bosnia Jugoslaviatik banatzearen aldeko jarrera, eta leporatzen dizkioten musulmanen sarraskiak gerrate zibil baten erdian jorraturiko «defentsa legitimoa» izan zela errepikatu zuen.

«Kaosa ekidin nahi genuen, ordena ezarri; baina kaosa guregana etorri zenean, ezinezkoa izan zen kontrolpean mantentzea», esan zuen.

Genozidioa eta gerra-krimenak

1992tik 1995era Bosnia-Herzegovinako gerran jazotako genozidio eta gerra krimenengatik hamaika akusaziori egin beharko die aurre Karadzicek. Leporatzen dizkioten genozidioak honakoak dira: 1995ean Srebrenican 7.000 gizon eta gazte musulmanen sarraskia; eta Sarajevoren setioa, gerrak iraun bitartean 10.000 hildako eragin zituena.

Bere burua defenditzeko asmoarekin, Karadzicek adierazi zuen ICTYko fiskal ohi Carla del Pontek onartu zuela, 1995ean, Bosnia-Herzegovinako gerra amaitzeko sinatu zen Daytongo Hitzarmenean, AEBek immunitatea agindu ziotela.

Alija izetbegovic

1970ean Bosniako lehen presidente izan zen Alija Izetbegovicek herrialdeak «lege islamikoak dituen Estatu islamikoa» izan behar zuela eta beste komunitateekin bakean bizitzea posible ez zela esan zuela nabarmendu zuen Karadzicek. «Bera zen hemen egon behar zuena», bota zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo