GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Txurruka Maiztegi eta Ikoitz Arrese Otegi Ikasle Abertzaleetako bozeramaileak

«Zatiketarako hezkuntza plana»

 

Euskal Autonomia Erkidegoko legealdi honetan erabat agerikoa izan da Euskal Herriaren asimilaziorako PPk eta PSEk darabilten itun autoritario eta espainolista. Itun horri jarraiki, lotsagarriak izan dira Isabel Celaak zuzendutako Hezkuntza Sailak azken ikasturtean adostutako neurriak. Iragan astean Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen curriculum dekretu berria, non «Euskal Herria» terminoa balioz hustu nahi izan duten, ikasleak euskaldunduko ez dituen hirueledun hezkuntza lege berria edota, orain, korrika eta presaka adostu duten «Bakerako Hezkuntza Plana» deritzona dira aipagarrienak.

Azken plan honek sortu du zalaparta azken egunetan. Ez da gutxiagorako, bederen. Ikasle eta abertzaleok, aplikatu nahi izan den moduagatik, baita jasotzen dituen edukiengatik ere, aipatutako dokumentuarekiko desadostasuna adierazi nahi dugu.

Lehenik eta behin, ikasturte honetan zehar Hezkuntza Sailak hezkuntza komunitateari egindako jaramon eza salatu nahi dugu. Onartu dituzten dekretu eta plan guztiak inposaketaren bitartez ezarriak izan dira. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikasle, hezitzaile, guraso, hezkuntzako langile eta herritar ezberdinen hitza aintzat hartu barik adostuak izan dira. Azken adibidea, «Bakerako Hezkuntza Plana».

Bestetik, aipatu nahiko genuke ezin uka daitekeela Euskal Herriak gatazka politiko bat bizi duela. Hezkuntzak jendarte eraldaketan duen garrantziaz jabetuta, ezinbestean jendartean dauden arazo ezberdinak eskoletan landu behar direla uste izan dugu beti ikasle eta abertzaleok. Beraz, proposatu den plan berri honen helburua Euskal Herrian bizi dugun errealitatea aldatzea bada, nahitaez, errealitate hau bere osotasunean landu beharko litzatekeela deritzogu. Dokumentu honek, aldiz, euskal jendarteak bizi duen zatiketa sakonduko du, kohesioa eta bizikidetza bultzatu ordez.

Plan honek, esan bezala, herri honek bizi duen gatazka politikoa modu integralean lantzen ez duenez, alde bakarreko kaltetuak aitortzen ditu soilik. Eta jakin badakigu Euskal Herriko ikasgeletan gatazka politikoaren ondorioz sortutako nahiz jendarte eredu honen ondorioz sortutako indarkeria pairatzen dutenen hamaika adibide daudela. Ikasleok hainbat bortizkeria adierazpen pairatzen ditugu eta, zoritxarrez, nonahi topa dezakegu, egun, patriarkatuaren ondorioz eraildako amarik, estatu botereak torturatutako klasekide baten seniderik, lan istripu bat izan ostean elbarri gelditutako anai-arrebarik, frankismoaren krudelkeria jasan zuen lagunen baten seniderik, hilabete bukaerara heltzeko arazo ekonomiko larriak pairatzen dituen familiarik, erbestean bizitzera kondenatua dagoenik, egunkariren bateko langile izateagatik aita edo ama preso duen lagunik, bizitza aske bat eraikitzeko eskubidea ukatzen zaion gazterik eta abar luze bat. Horiek guztiak eta aipatu genitzakeen beste hamaika adibide dira Euskal Herrian sistema honen bortizkeria espresio ezberdinak jasaten dituzten pertsonak.

Hori horrela izanik, jendarte eredu honek kaltetutako guztien errealitatea aztertu, hausnartu eta landu beharrean, indarkeria espresio ezberdinak modu injustu batean mailakatzen dira, modu alderdikoi batean lehenengo eta bigarren mailako kaltetuak ezberdinduz. Ikasleoi bizi dugun errealitatearen ikuspuntu partzial eta interesatua erakusten zaigu, beraz.

Gainera, azken hilabeteotan, agerian gelditu da Celaa sailburuak euskal irakaskuntzari leporatzen zion ustezko doktrinamendua ekidin beharrean, bere politikaren mesederako erabiltzen duela. Ikasle eta abertzaleok jendartean dauden gatazka edota indarkeria espresio ezberdinen inguruan iritzi aske eta kritiko bat garatu eta izateko eskubidea dugula aldarrikatu nahi dugu. Horretarako, gai hauek guztiak modu zabal, integral eta parte-hartzaile batean landu behar ditugu eskoletan, eta ez Hezkuntza Sailak erakusten digun bezala, dekretu eta inposaketa bidez.

Doktrinamendurik gabeko hezkuntza euskaldun baten alde dauden eragile politiko nahiz sozialei beren interes partidistak edo propioak alde batera utz ditzatela eta ardura politikoz jokatzeko eskatu nahi genieke ikasleok. Bide horretan, pasa den asteartean Euskal Herriko gehiengo sindikalak egindako adierazpenak txalotu nahi ditugu.

Beraz, dei egin nahi diegu euskal ikasle eta herritarrei horrelako inposaketen aurrean gure desadostasuna adierazi eta borrokatzeko. Garaia da euskal hezkuntzaren aldeko indar metaketaren alde lan egiteko. Euskal hezkuntzak batzen gaituelako Euskal Herriak merezi duen hezkuntza sistema nazionalaren alde indarrak biltzeko unea da. Marraztu dezagun denon artean geroa. Lotu borrokara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo