Bidaiari eta eskifaia-kide guztiak hil dira Pakistango hegazkin istripuan
Inor ez zen bizirik atera atzo Islamabad Pakistango hiriburutik gertu izan zen hegazkin istripuan. Bidaiariak eta eskifaia-kideak batuta, 152 lagun zihoazen hegazkinean, eta gorpuei DNA probak egin beharko dizkiete hildakoak nortzuk diren zehazteko.
Nassir JAFFRY (AFP)
Pakistango linea-hegazkin bat amildu zen atzo Islamabad hiriburu inguruko hegietan, eguraldi txarrak eraginda. Hegazkinean zihoazen 152 lagunak hil ziren, agintariek adierazi dutenez.
Goizaldean Karatxitik abiatu zen Airblue konpainiako Airbus A321 hegazkinak, argitu ez diren arrazoiak direla-eta, hegaldi plana aldatu zuen eta, Islamabadeko aireportuan lurreratu ordez, Margalako mendikaterantz jo eta istripua izan zuen. Lainopean ziren bi muinoen arteko arroilan erabat suntsiturik gelditu zen.
«Hegazkina oso behetik zihoan. Geroxeago, izugarrizko zarata entzun zen», adierazi du hegien behealdean dagoen F-17 auzoko biztanle batek. Inguru horretan Pakistango aberats ugari bizi da.
«Gure etxeko nagusiek izugarrizko entzun dute Margalako mendietan. Iritsi naizenean, ke bola handi bat eta sua besterik ez dut ikusi dut. Horrez gain, hegazkin puska handiak hegien magaletik behera erortzen ziren», kontatu zuen Haji Taj Gul poliziak.
Istripua izandako tokian kea zen nagusi erreskate zerbitzuko kideak iritsi zirenean. Ordubete baino gehiago egin behar izan zuten oinez hurbilen zegoen errepidetik.
152 bidaiari eta langile zihoazen hegazkinean, konpainiak eta Abiazio Zibilak emandako datuen arabera. Horietatik bi estatubatuarrak ziren, AEBek Islamabaden duten enbaxadak adierazi zuenez.
«Guztiak hil dira» nabarmendu zuten Pakistango agintariek atzo arratsaldean. Gauzak horrela, azken 18 urteotan Asiako herrialde horretan izan den aire-istripurik larriena izan zen atzokoa.
«Inor ez da bizirik atera. Guztiak hil dira», esan zion Express TV telebistari Pakistango Barne ministro Rehman Malikek, «tragedia handia» izan zela gaineratuz.
Gorpuak oso egoera kaskarrean daude eta DNA probak egin beharko dizkiete hildakoak nortzuk diren argitzeko, Islamabadeko ospitale nagusiko buru Mahmood Jamalek adierazi zuenez. «Gorpu guztiak aurkitu ditugu», baieztatu zion France Presse agentziari hiriko poliziburu Bani Aminek.
«Gorpu zatiak baino ez dira geratu. Gorpu gehienak ez daude osorik, eta batzuk kiskalita daude», esan zuen Jamalek gorpuak biltzeko 300 bat zaku erabili zituztela gaineratuz.
Parisen, Airbus konpainiak istripua izan zuen hegazkinak hamar urte zituela esan zuen. Nahiko berria zela esan daiteke, horrelako hegazkin batek batez beste 30 edo 40 urte irauten baitu.