GARA > Idatzia > Kultura

Hamar urteren ostean, «Bar Puerto»ra azkenekoz itzuli dira Uribe eta Izagirre

p043_f03_088x052.jpg

A. BILBAO | BILBO

Galtzear den bizimodu baten testigantza jaso eta etengabeko eraldaketa bizi duen herria bideoan jaso zuten orain hamar bat urte Josu Izagirre zinegileak eta Kirmen Uribe idazleak, honen amonaren etxea eraistekoak zirela-eta.

Kezka sozial hartatik «Bar puerto» jaio zen gero, ondarroarren lanari Mikel Urdangarinen musika gehituta -Gaztelupek disko batean jaso zituen kantuak-. Eta iaz, ikuskizunak hamar urte betetzen zituela-eta, Bilboko Bidebarrieta liburutegian -poesia astea zela-eta- azken aldiz eman eta grabatu egin zuten, orain Elkarren liburu DVD batean argitaratu duten emankizuna -zaleek eskatuta-.

«`Bar Puerto' bertan ageri diren testigantzek osatzen dute -dio Uribek-, artista atzean utzita». «Bazterreko ahotsak» azpititulu duen lanak, Uribek idatzitako diario asmatu batek harilkatzen ditu Omar Sampoo, Josu Urresti, Eli Ituarte, Emilio eta Agustin Lopez, Maximinon Fontan, Marian Etxabe eta Unai Badiolaren testigantzak (arrantzaleak, etorkinak -galiziarrak lehen, afrikarrak orain-, heroina garai latzak eta hiesa... XX. mendearen kronikatxoa) -argazkiak, ederrak, Oier Ituartek egin ditu-, tarteka olerkitxoak edo Urdangarinen kantuak direla. Epilogoa Juan Carlos Perez musikariak idatzia da, eta euskarazko testuak ingelesez eta gaztelaniaz ere emanak dira liburuan.

Ondarroa erdigune da lanean, «baina istorio globala kontatzen du, Eskozian edo New Yorken izan zitekeenaren antzekoa, eta han ere hunkitzeko gai dena».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo