GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntza Ministerioak lanpostu murrizketa iragarri duela salatu du Seaskak

Hego Euskal Herriko diru laguntzak desagerturik, Iparraldean ezarririko erakundeen ateak jotzen hasi da Seaska. Alta, aste honetan Hezkuntza Ministerio frantsesarekin izandako bileratik albiste txarra ekarri dute, izan ere, irakasle lanpostuen murrizketa iragarri die Parisek.

GARA |

Hego Euskal Herriko diru laguntzak desagerturik, Iparraldean ezarritako egituren ateak jotzen hasi da Seaska. «Lehenik eta behin, hemengo instituzioen ardura baita Ipar Euskal Herrian euskara bizi dadin bitartekoak ezartzea», adierazi zuen Seaskako lehendakari Paxkal Indok, atzo Ortzaizeko ikastola berrituaren inaugurazioan.

Ekitaldi horretan Paxkal Indok adierazi zuenez, «gure egoera are gehiago tenkatzeko, ikasturte hastapeneko prefetaren ordenantza heldu da». «Baina prefeta zaharrak badoaz, eta ikastola berriak heldu dira. Hala ere, Parisetik haize hotza heldu zaigu berriz ere», gehitu zuen Indok.

Aste honetan bertan, Hezkuntza Ministerio frantsesarekin izandako bilerak albiste onak baino, txarrak ekarri ditu. Seaskako lehendakariak aditzera eman zuenez, Hezkuntza Ministerioak irakasle lanpostuen murrizketa iragarri die. «Postu bat eta erdi gutxienez kendu nahi omen digute», zehaztu zuen Paxkal Indok. Iragarpen horren aurrean, «garapen betean garelarik, gure beharrak inoiz baino handiagoak direlarik, jadanik postuak eskas ditugularik, postuak kenduko dizkigute?», salatu zuen Indok.

Izan ere, gogorarazi zuenez, «berrogei urtez borrokatu gira jakin gabe sobera zeri buruz ari ginen. Egun frogatua dugu, gure borrokak baduela zentzurik, ikastolak baitira gaurko haurrak biharko eragile euskaldunak izanen direla segurta dezaketen bakarrak».

Halaber, egun, bide onean direla badakite, horregatik, ezerk ere ez dituela geldituko argi erakutsi nahi izan zuten atzokoan. «Euskararen aldeko parioak ez du atzerapausorik onartzen, ezta onartuko ere».

Ortzaizen ikastola berria

Ortzaizeko ikastola berriaren irekiera ospatu zuen atzo Seaskak. Lurralde honetan lehen ikastola 1982an Baigorrin sortu zen, bost ikaslerekin. Urteak igaro dira, eta aurtengo ikasturtean ehun ikasletik gora biltzen ditu Ortzaizeko ikastolak. 2.500 metro karratuko eremu berria estreinatu zuten.

Ortzaizeko ikastola «burasoen nahikari handi bati esker sortu eta nahikari horri esker ere garatu dela» zehaztu zuen Seaskako lehendakariak. 815.000 euroko kostua izan duen eraikuntzaren finantziazioan gurasoek, Seaskak -Herri Urratsen bidez-, Garazi-Baigorri herriarteko sindikatuak eta Ońatiko Txantxiku ikastolak, besteak beste, lagundu dute.

Azken berrogei urteetan bezala, Ortzaizeko ikastolaren hauspoa gurasoek izaten jarraituko dutela adierazi zuen Indok. «Gure hizkuntzaren salbatzea denen esku baita, eta hori hemen hasten da», esanez bukatu zuen.

«haize hotza»

Aste honetan Seaska Hezkuntza Ministerio frantsesarekin bildu da, eta Paxkal Indo Seaskako lehendakariak aditzera eman zuenez, Parisetik «haize hotza» heldu zaie berriro ere.

atzerapausorik ez

Seaskak gogorarazi zuenez, berrogei urtez borrokatu dira euskararen alde, eta bide onean direla dakiten heinean, «atzerapausorik» ez dutela onartuko argitu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo