GARA > Idatzia > Euskal Herria

IGOR ESNAOLA | GUARDIA ZIBILAK ATXILOTU ETA TORTURATUA

«Aitor akabatuko zutela sinetsita nengoen»

Apirilaren 12an atxilotu zituen Igor eta Aitor Esnaola anaiak Guardia Zibilak. Anaia torturatzen zuten bitartean bere oihu eta garrasiak entzunez igaro zituen inkomunikazio egunak Igorrek. Hiru egunen bueltan aske utzi zuten, baina «ordainetan» eurekin kolaboratzeko agindua jaso zuen. Zita ere ezarri zion Guardia Zibilak. Ez zen azaldu, eta antzeko egoeran dagoen orori salatzeko deia egin dio Esnaolak.

p020_f02.jpg

Gari MUJIKA | DONOSTIA

Hiru aste eskas igaro dira atxilotu zintuztenetik, baina, atzera begira, nola gogoratzen duzu atxiloketa?

Goizeko hiruretan etorri ziren. Hasieran tinbrea, gero atea... Jasone, nire bikotea, atera zen. Atea ireki bezain pronto sartu ziren guardia zibil mordoa, kolpean. Eskaileretan gora eraman ninduten segituan. Jasone umeak zeudela esanez hasi zitzaien, oso txikiak baitira biak. Bera eta bi umeak gela batean sartu zituzten eta dena arakatzen hasi ziren. Sartu eta belauniko jarri ninduten, eskuburdinekin. Miaketak 09.30ak inguru arte iraun zuen. Dena arakatu zuten, baserrian bezala, goitik behera.

Baserrian, esaterako, genituen erreminta denak eraman zituzten. Den-dena eraman zuten. Ez zuten bihurkin bakar bat bera ere utzi, eta erreminta ikaragarri mordoa zegoen. Gaztandegitik ere 110 bat gazta eraman zituzten, «quesos... boom!» esanez barrezka ari ziren bitartean.

Gainera, ama ospitalera eraman zuten antsietate krisiak jota.

Bai, nik gerora jakin dut. Anbulantzian eraman zuten Tolosara. Aita, berriz, hamalau orduz gela batean sartuta izan zuten.

Miaketa bukatzean, zuzenean Madrila?

Ez. Patrolean sartu eta Gasteiza eraman ninduten, zentroan sartu ginen. Ez dakit ertzainen basea zen, baina ertzainak ikusten nituen. Auzitegiko medikuarengana eraman ninduten. Denbora guztian eskuburdinak atzeraka nituenez, kargatua nuen bizkarraldea eta aurreraka jartzea ez ote zen posible galdetu nion. Gero, kotxe kamuflatu batean sartu ninduten, eta, hor, hanka azpitik lotuak jarri zizkidaten eskuburdinak, oraindik eta okerrago.

Ordura arteko tratua nolakoa izan zen?

Beno, hainbestekoa. Galdera mordo bat etengabean. Gasteiza bidean kasik ez zidaten deus egin. Madrilerako bidean bai. Galdera pila bat eginez hasi ziren, gogor. Frantziara noiz joan nintzen eta horrelakoekin... Beraiek hasten ziren esanez: «¿Dónde estuviste en Francia? En Es... Es...». Ta nik, en Estrasburgo. Erori egin nintzela eta onartu beharra nuela. Eta ni nire baitan pentsatuz hori ez zela posible, akatsen bat egongo zela. Eta beraiek, aldiz, esaten zidaten Guardia Zibilak sekula ez zuela okerrik egiten eta hobe nuela onartzen hastea. Galderak etengabeak ziren.

Jasone unibertsitatean hasi zenean, turismo egin zuenez, frantsesa ikasteko udaran Capbretonera joan zen. Eta horrekin ere, Capbretonen zein zen nire kontaktua esateko... Norbaitekin egoten nintzela eta esateko. Gero, hurrengo urtean Uztaritzen izan zen Jasone, eta hangoarekin ere berriz tematuta. Ni erabat harritua ea nola zekiten hori guztia.

Ordurako jakitun izango zinen anaia ere atxilotua zegoela.

Ez, ez... Madrila eguerdi aldera edo iritsi ginen. Beno, hori pentsatzen nuen bidaia luzea izan zelako eta zein ordu izango zen kalkulatzen saiatzen nintzelako. Etxean guardia zibil batek esan zidan Madrila eramango nindutela, baina beno, hori entzun bai, baina sinetsi ezer ez...

Gauean, galdeketak egiten hasi zirenean, berandu, geroago konturatu nintzen anaia ere bertan zutela, bere oihuak entzuten bainituen. Bertan esan zidaten mila kilo lehergai atzeman omen zituztela. Eta nik hori ez zela posible. Anaiak ihes egin zuela, eta ea non zegoen eta horrekin jo eta fuego. Baina oihuak entzuten nituen, eta ni pentsatzen «hori Aitor dek ba...».

Eta zer-nolakoa izan zen Madrilera iristea?

Hara iritsi eta zuzenean zeldara eraman ninduten. Bost-hamar minutu bakean utzi eta segituan gela batera eraman eta galdeketekin hasi ziren. Noiztik nenbilen Erakundean, zeinen bidez... Eta nik ezetz, ez nekiela zertaz zihoan kontu hori. Eta beraiek gezurretan nenbilela etengabe esanez.

Hasierako galdeketa egin zidatenean, gela koxkor batean sartu ninduten eta ez dakit ziur, baina hogei bat guardia zibil izango ziren bertan. Denak atzean, builaka, galderak batera eginez. Gero ordubete bat zeldan utzi ninduten, bakarrik. Eta gero berriro beste galdeketa gela batera, ezberdin batera. Han ere guardia zibil pila sartu ziren, eta han ia gogorrago hasi ziren.

Ea ba al nekien bertan torturak nolakoak ziren eta horrelako galderekin hasi ziren. «Tienes tanto pelo que no se te puede meter ni una aguja», esaten zidan batek atzetik burua igurtziz. Gero xiringatxo batekin haizea botatzen zidaten atzetik, hori dena begiak estalita nituela mozorro batekin. Gero «sentadillak» egitera behartu ninduten, gehiago ezin nuen arte. Iseka moduan. Batzuk ero moduan jartzen ziren, eta jarraian nitaz barrezka. «Eusko gudariak» abesten jartzen ninduten, hurrena «Pintxo, pintxo», gero Espainiako himnoa tarareatzen... Eta, bitartean, etengabeko galdeketak...

Ez dakit zenbat denbora izan ninduten bertan. Poltsa eta halako tortura metodoak nolakoak ziren ba ote nekien galdetzen zidaten, uste nuena baino okerragoa izango zela esanez. Jon Anza ea ezagutzen nuen galdetu zidaten, zer pasatu zitzaion ba ote nekien. Handik pasatakoa zela esan nahian bezala... «Ah, bai, hemendik pasatakoa al da?», galdetu nien, eta, orduan, ero moduan denak batera oihuka hasi zitzaizkidan.

Gero handik atera eta pareta baten kontra jarri ninduten, beti antifazarekin eta burua makurtuta. Galdeketa asko izan ziren, pila bat... Anaia presionatzeko erabiltzen nindutela usaintzen hasi nintzen. Eta orduan hasi nintzen nire anaia entzuten, lehenago egon nintzen gela berdinetik. Garrasiak eta oihuak entzuten ziren etengabe, beldurgarria.

Eta anaia horrela entzutean zer pentsatu zenuen?

Hura ni baino tratu txarragoa pasatzen ari zela agerikoa zen. Eta gauean izugarria zen, ikara ematen zuen. Gainera nahita egiten zuten. Atea ixten zutenean ez zen asko entzuten, baina atea nahita irekita uzten zidaten anaiaren garrasiak entzuteko... Buf, hura ikaragarria zen. Izugarria, izugarria... Noizbehinka leihatila ireki eta begiratzen zidaten, eta berriz ere korrika joaten ziren gelara eta berriz ere «jesukriston garrasiak» entzuten ziren. Horrela etengabean.

Gaua pasa eta goizean berriz ere...

Berriz. Gerokoaz nahasmen nahikoa daukat. Medikuarengana bi aldiz eramaten ninduten, baina orduz geroztik kasik bakean utzi ninduten. Txarrena lehendabiziko gau hartakoa izan zen. Anaiari ordea bai, entzuten nion orduan, eta baita gero ere. Eta hor txarrena pentsatzen hasi nintzen. Aldian behin «kriston herio oihuak» entzuten ziren, exagerazioa... Korrika alde batera, korrika bestera.. Anaiarekin akabatu zutela pentsatzen hasi nintzen.

Nik, gainera, banekien ostegunean beste pertsona bat eraman zutela alboko zeldara, baina ez nekien nor zen. Eta zeldan nengoenean, eta guardia zibilen pausuak entzuten nituenean, tristea da, baina «ea niregana ez datozen» pentsatzen nuen. Eta alboko atea irekitzen zenean, banekien nire bila ez zetozela. Eta hori pentsatze, sentitze hutsak ere gaizki sentiarazten ninduen, berekoikeriaz pentsatzeagatik.

Zeren eta anaiaren oihuak, garrasiak entzuten nituenean, berarekin akabatuko zutela sinetsita, egurra banatzeko eskatzea ere pentsatzen nuen guardia zibilei. Han txarrena pentsatu nuen... Aitorrekin akabatuko zutela, eta egurra banatzeko eskatu nahi nien. Aitorrekin egoerak eskuetatik ihes egin ziela pentsatu nuen, eta uste dut oso oker ez nintzela ibili.

Eta noiz jakin zenuen aske geldituko zinela?

Ez dakit zehazki, han denbora ez baita deus, niri eternala egiten zitzaidan dena... Gaua izango zela pentsatzen dut. Bi guardia zibil etorri zitzaizkidan. Bi ikusten nituen bakarrik, baina gehiago izango ziren atzean. Hor bat «el poli bueno» eta bestea gaiztoarena egiten hasi ziren. «Onak» esaten zidan sinesten ninduela eta nire alde ahal zuena egingo zuela, lehenbailehen epailearen aurretik igarotzeko. Akaso marroiren bat jan beharko nuela, baino urtebete kartzelan eta kitto.

Hurrengo egunean, baina, gehienez jota ostiralean pasako nintzela epailearen aurretik, eta horrela Guardia Zibilaren deklarazioa nola egin behar nuen irakasten hasten ziren. Ez nuen sinesten, baina, ostiralean, zain nengoen ea noiz eramango ninduten.

Eta ostiral arratsaldean etorri zitzaizkidan berriz. «Que me iban a dar una buena noticia: vas a quedar libre», esan zidaten. Baina horretarako, nire alde egin zutenez, nik, ordainetan «que les tendría que vender producto» esan zidaten. Ta nik ea zer zen hori... Ba hemengo, Euskal Herriko kontuen gainean informatu beharko nituela, batez ere AHTaren ingurukoak, zer jende zebilen protestetan... Kolaborazio eskaria egin zidaten.

Eta ostiralean, ateratzerakoan, zita bat jarri zidaten, astearterako, apirilak 19rako. Lintzirinen jarri zidaten. Goizean lanera ez banioan 10.00etan, eta, lana banuen, 15.00etan.

Eta zer egin zenuen guardia zibilek jarritako zita horrekin?

Hasieran ez nuen adorerik izan kontatzeko. Gero, etxean lo egin eta gero, hurrengo egunean, garbi neukan salatu beharra zegoela. Eta abokatuari segituan esan nion. Orduan, Donostiako epaitegira joan ginen salaketa jartzera.

Epaileari esan genion zitak nola jarri zizkidaten eta bertara joateko eskatu genion bere begiekin ikus zezan. Baita Madrilgo autobus geltokiko bideoak eskatzeko ere, bertan azalduko direlako bi guardia zibil horiek. Analisiak egiteko ere eskatu genion, ariketa fisikoak egin izana ikertu egin daitekeelako, azterketa fisikoa eta analisiak eginez. Baina ez zigun kasu zipitzik ere egin.

Bi guardia zibil horiek esaten zidaten nire egoeraren berri eta zitaren kontua beraiek eta beraien jefe batek bakarrik zekitela. Kuarteletik ere horrela atera ninduten, disimuluan bezala, inork ez ikusteko bezala bertatik ateratzen. Ez dakit horrela funtzionatzen ote duten, inori konturik eman gabe.

Eta non utzi zizuten aske, kuartelean bertan?

Ez, autobus geltokira eraman ninduten. Etxetik eraman baino lehenago, Jasonek 50 euro sartu zizkidan patrikan, eta harekin nahikoa nuen, baina beraiek txartelaren dirua erosi eta gelditzen ginenean itzultzea nahi zuten. Beraiek esaten zidaten ez zela komenigarria ikustea eta disimuluan aritu ziren. Txartela erosi eta etxera deitu nuela ikusi zutenean, aldamenean zeuden, baina hortik aurrera ez nituen ikusi.

Eta eskerrak, han azaldu zen abokatua. Bera Auzitegi Nazionalean zegoen, Aitziber Plazaola entregatu egin zutelako; fiskalak bazekin aske gelditu nintzela, baina abokatuari ez zion deus esan.

Eta orain zer moduz zaude?

Argi daukat anaia presionatzeko erabili nindutela. Eta igarotakoa hor dago oraindik... Buf... gauean edozein ordutan esnatzen naiz. Tratamendu bat jarri didate. Kasualitatea izango da, baina bart -elkarrizketa apirilaren 29an egin zen- 03.00ak puntuan jaiki nintzen, etxean sartu ziren ordu berean. Gainera, AHTko lanekin dabiltza alboan eta edozein zaratarekin esnatzen naiz. Eta behin esnatuta, begirik bildu gabe.

Anaiarekin jada egon zara, ezta? Zer izan da hori zuretzako?

Baneukan gogoa, beharra, berarekin egon eta ikusteko. Eta beno, uste baino hobeto topatu nuen. Hori bai, sendo ikusten nuen buruz, oso, oso ondo, bere mailan, beti izan den bezala. Baina gogorra da. Ez genuen bost egun haietaz hitz egin. Poltsa ea jarri zidaten galdetu zidan soilik. Eta nik «ez haiz kamutsa», esan nion. «Ta hi?», galdetu zidan. Baina gaiez aldatu genuen segidan, baserriko kontuez hitz eginez.

Eta orain, zitara azaldu ez eta berriro etorriko diren beldur al zara?

Beldur hori hor dago. Bakoitzak beti bere burua zaindu nahi du, baina argi nuen hori salatu beharra neukala.

Eta egoera berdinean dagoen orori salatzeko esango nioke. Hori ez gordetzeko barruan ezta erotuta ere. Nik horrela ikusten dut behintzat. Kontatu nuenean, niretzako liberazio bat izan zen, sekulako lasaitua, ezin bainuen hori nire baitan eraman. Eta garrantzitsuena gainera, zera da: hori barruan gordez gero, eta horrekin lehenbailehen ez bada mozten, beti eurak izango dira irabazle, euren menpe egongo baitzara. Beraz, salatu egin behar da beti.

 

pausuak

«Zeldan nengoenean eta guardia zibilen pausuak entzuten nituenean, tristea da, baina `ea niregana ez datozen' pentsatzen nuen»

salaketa

«Ez baduzu salatzen beti eurak izango dira irabazle, euren menpe egongo baitzara»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo