GARA > Idatzia > Kultura

udate

Euskarak ez du oporrik hartzen

Eguzkiak eta herri festek oporrei begira jartzen gaituzten sasoi honetan, anitz dira egun libreak euskarari eskaintzen dizkioten lagunak. Aranaztarrak ikasleen esperoan egoten dira udaro, harreman ederra sortzen delako, hainbestekoa, non barnetegira etorritako batzuk bertan geratu diren bizitzen. Bortzirietako herri honetako eta AEK-ko beste ekimen batzuetako esperientziak jaso ditugu hemen.

p046_f02_186x84.jpg

Maider IANTZI- Odei IRIGOIEN |

Kokapena bera da Arantzako barnetegiaren berezitasun nagusia. Bai hamabost egunez bizileku duten Aterpe ostatua, bai herria «zoragarriak» direla diote parte-hartzaile guztiek. Fernando irakasleak herritarren laguntza nabarmendu du: «Urte asko daramatzagu hemen barnetegiak egiten. Herritarrek badakite zertara etortzen garen eta guk ere bai nora gatozen. Ehuneko ehun euskalduna da Arantza eta hori oso inportantea da». Ingurua ere ederra da eta txangoak egiten dituzte. Lesakako bestetan dabiltza egunotan, Zugarramurdira eta Bertizera joateko asmoa dute... Euskaldunak topatzen dituzte doazen lekuetan eta hagitz kontent daude.

Fernandorekin batera, Iban eta Amaia ari dira 26 ikasleri euskara erakusten, gehienak nafarrak. Adin guztietako gizon-emakumeak dira, badira 60 urteren bueltan dabiltzanak eta 23 urtekoak ere bai. Batzuek hemen ematen dituzte opor egunak eta txapela kentzeko modukoa da hori Fernandoren iritziz, ez delako ez erraza, ez merkea. «Astelehenean etorri ginen eta jada batzuek aurrerapausoa eman dutela ikusten dugu, jariotasun handiz aritzen dira. Nik uste helburua lortzen dutela, mintzatzea. Gehienak herri erdaldunetan bizi dira eta hitz egiteko aukera gutxi daukatenez, euskaltegian bertan lortu ezin dutena lortzen dute».

Sekulako giroa izaten dute eta irakaslea beldur da zer gertatuko den azken egunean: «Harremanak oso estuak izaten dira, eta batzuek agian ez dute elkar ikusiko denbora luzean. Ez dakit ez ote den malkorik egongo».

Laurence zuberotarra hagitz ongi pasatzen ari da Arantzan. «Euskara ikasteko, erabiltzeko eta konfiantza hartzeko etorri naiz, eta espero dut aurreratzea. Lehenengo aldia dut eta uste dut errepikatu egingo dudala», agertu du. Maritxu, aldiz, bizkaitarra da, erromotarra. «Algortako AEKn ikasten ari naiz eta euskaraz bizi nahi dut. Hau leku ona da euskaraz bizitzeko. Gero ere, barnetegi honetatik aterata, euskaraz hitz egiten segitzeko asmoa dut. Lagun batzuek badakite, beste batzuk ikasten ari gara eta aukera badaukat mintzatzeko».

Koldo Iruñetik etorri da eta pozarren dago bera ere. «Giroa oso ona da; irakasleak munduan diren hoberenak; dena ongi!», adierazi du irri artean, lagunak ondoan zarata batean dituela. Ikasleekin gaudela, herritar bat, Ana, pasatu da eta hura ere gelditu da gurekin solasean. Tabernaria da eta egunero etortzen zaizkio AEK-koak pintxo eta pote batzuk hartzera. «Egia erran, euren zain egoten gara herritarrok, sekulako animazioa sortzen dutelako udan. Lehenbiziko egunetan, Altxorraren Bila eta halako jolasak egiten dituzte gurekin solasean hasteko eta elkar ezagutzeko. Bertze urteetako jendea ere izaten da eta hagitz ongi ibiltzen gara eurekin. Guk ere jende pila bat ezagutzen dugu horrela», adierazi du. Kontatu digunez, hainbatetan gertatu da barnetegira etorritako jendea bertan gelditzea bizitzen, norbait ezagututa. Anaren lagun bat barnetegiko mutil batekin ezkondu zen. Halako kasu dezente omen daude, eta, jakina, gelditu direnek bertakoek bezala egiten dute euskaraz

Bertze modu batera, Donostiako Amara auzoan ere aspalditik dabiltza euskara irakasten; Arcco ondoko egoitza dotorean 16-17 urte, 80ko hamarkadaz geroztik Isabel II.aren hiribidean, eta lehenago Madrid hiribidean. Aurea irakasleak eman digu udako ikastaro trinkoen berri. «Egunean lau orduko ikastaroak antolatzen ditugu maila guztietan, aukera behintzat ematen dugu, nahiz eta gero taldea ez den maila guztietan osatzen. Bost egun izaten dira astean eta hogei egun hilabetean. Beste irakasle batekin batera, bi talde ditut, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako edo EGAko beste bat».

Gazte gehiago

Neguan etortzen ez den jende gazte gehiago izaten dute, 17-18 urteko neska-mutilak, Batxilergoa egiten ari direnak eta kurtsoan ezin diotenak euskarari denborarik eskaini. Lehen-lehenengo urratsean, zerokoan, bai hurbiltzen da atzerritarra. «Aurten ez dugu hainbeste, baina iaz australiarra, estatubatuarra, katalana, ingelesa izan genituen. Aurten, bertakoak ditugu gehiago, eta hegoamerikarrak, hemen bizi direnak. Kanadar bat ere badugu. Nonbait euskararekin badu kontaktua eta oporraldia aprobetxatu du goizean bere euskara hobetzeko, bere herrialdean ez duelako aukerarik mintzamena lantzeko. Gaur egun, Internet bidez euskara ikastaroak egin daitezke, baina ez da gauza bera, norekin hitz egin falta izaten da, bertakoen hizkera entzutea, aurrez aurreko jarduna, telebistak edo ordenagailuak ematen ez duena».

Aureak erran digunez, anitz dira lana dela-eta etortzen direnak, baina gustuz ere bai, edo seme-alaba txikiak dituztelako eta eurekin aritzeko euskara hobetu nahi dutelako... Eta udaran, gaztetxoak gurasoek bidaltzen dituztelako. HABEk atera zituen euskara titulazioek -EGA baino maila beheragokoak- ere jendea erakarri dutela uste du irakasleak. «Ez dute hain zaila edo hain urrutikoa ikusten, eta horien bila etortzen direnak ere badira, `ea lehenengoa ateratzen dudan!'». Klase trinko hauetan ere harreman ederrak sortzen dira. «Gonbidatuko zaitut kafe batera?», galdetu eta korrika joan dira eskola eta eskola arteko tartean.

Gorbeiatik Pirinioetara euskaraz

Gorbeian hasi eta Pirinioetako Hiru Erregeen Mahairaino, egunean hogeita bost bat kilometro eginez, hemezortzi lagun eta hiru antolatzailek hirurehun kilometro egingo dituzte hamabost egunean. «Orain dela hamaika urte, Lizardi Mintza Taldeak izan zuen ideia hau, eta AEKren esku utzi zuten gero», adierazi digu Asier Arroita Lafuente arduradunak.

«Euskaldunak mendizaleak gara, baina uda garaian jendeak arazoak zituen mendira joateko lagun euskaldunak topatzeko. Orduan, Lizardik antolatu zuen lehendabizikoz, udara beste era batera pasatzeko asmotan, mendia eta euskara uztartuz». Klaserik emateko astirik eta indarrik izango ez duten arren, mintzapraktiketarako aukera paregabea eskaintzen die euskara ikasleei. Gainera, ez dago haiei soilik zuzendua, aurten bi euskaldun zaharrek ere eman baitute izena «ideia gustatu zaielako», taldea majo aberastuz.

Elenka Gomez Muñoz gurutzetarra ikaslea da eta mendizalea dela aitortu digu. Aurten hartu du lehenbiziko aldiz parte, errepikatzen ari den besterik badagoen arren. Ederto pasatzen ari omen da, eta ideia ona dela uste du mintzapraktikak egiteaz gain Euskal Herria ezagutzeko.

Ibiltzeko aukera soilik ez du eskaintzen barnetegi honek, bertako ikasleek txorien kantuen inguruko tailer batean edo landare eta zuhaitzei buruzko ikastaro batean ere parte hartuko baitute, Lakabe Nafarroako herri okupatuan bi egun pasatzeaz gain. Bertan herriaren autogestio eredua eta asanblada bidezko antolakuntza gertutik ezagutuko dituzte, eta laztan ikastaro bat ere egingo dute, kantu afari batekin batera. Bertako biztanleak herria euskalduntzeko programa batean murgilduta daude, eta elkarren artean esperientziak trukatzeko aukera eskainiko die ibiltarien bisitak.

Urteak daramatzate familientzako barnetegiak eskaintzen, eta hala ere, parte-hartzaile zein antolatzaileen hitzetan, horien arrakasta ez dator gainbehera. Ana Castro Martin Foruko barnetegiko irakaslea da eta lan horretan bost urtean ibilia bada ere, lehendabiziko urtea du familientzako barnetegietan behargin. Hamabi egunetan sei ikasle eta zortzi haur izango dituzte bertan Araitzek eta biek. Goizeko eta arratsaldeko klaseen arduradunak dira beraiek, baina beste hainbat ekintza ere egiten dira bertan.

Gurasoak klasean egoten dira lau orduz goizean eta ordu eta erdiz arratsaldean. Bien bitartean, haurrek begiraleekin ematen dute denbora eta ekintza eta irteera askotarikoak egiten dituzte: igerilekura zein hondartzara irteerak, antzerki tailerrak, mozorrotzea... Bazkaltzeko guztiak elkartzen dira, eta egunerokoan etxean gerta daitekeen egoera hau euskaraz bizitzen dute: «Komunikazioa dago bertan, `jan ezazu hau, hori ez dut nahi', eta momentu hori ematen dugu guztiok elkarrekin». Arratsaldeko ikastorduen ostean, berriz ere elkartzen dira guztiak. «Atzo bertan Altxorraren Bila egin genuen herrian zehar, eta gaur arratsalderako jinkana antolatu dugu, eta bertan bakoitza bere semearekin edo alabarekin jartzen dira».

Aurten, Foruko parte-hartzaileen artean, badira bigarrenez eta baita hirugarrenez ere esperientzia errepikatzen ari direnak. Gurasoek ez ezik, haurrek ere galdetu izan dute «bueltatuko al gara? bueltatuko al gara?», parte-hartzaileengan izaten duten harrera onaren seinale.

Beharrak hala eskatuta ekin zioten familientzako barnetegiek beren ibilbideari. Etxe ugaritan sortzen den egoera da guraso erdaldunek B edota D ereduan seme-alabak matrikulatu izana, baina ikastetxean ikasten eta erabiltzen den euskara horrek eten bat izaten du etxera bidean. Ondorioz, familiarteko komunikazioan hizkuntzen erabileran euskarari presentzia bat ematea eta ohiturak aldatzea da barnetegi hauen erronka nagusietarikoa. Elkarrekintzan, harremanak euskaraz bideratzeko espazio bat sortuz, betiko «txipa» aldatzeko aukera dute, eta batez ere gurasoek gozatzen dute aldaketa horretaz: «Hau eta bestea esan dit, eta gainera dena euskaraz!».

Quien se anime está a tiempo de participar en cursos y «barnetegis»

Cursos on-line, en bicicleta, con la familia o en Zuberoa para aprender el euskalki de allí... AEK ofrece una gran variedad de cursos e internados para la segunda quincena de julio y agosto. Por ejemplo, se puede apuntar en los internados de Arantza o Forua, en éste último con la posibilidad de preparar el exámen de EGA o de los niveles B1 y B2. En la localidad vizcaina, también se podrá aprender euskara cocinando, cantando versos o practicando deportes de aventuras. Los interesados pueden llamar al 902 36 22 94 y para acudir a los barnetegis de Ipar Euskal Herria al 05 59 25 76 09. Encontrarán más información en «www.aek.org».

Familiarteko komunikazioan euskarari lekua eginez

Urteak daramatzate familientzako barnetegiak eskaintzen, eta hala ere, parte-hartzaile zein antolatzaileen hitzetan, horien arrakasta ez dator gainbehera. Ana Castro Martin Foruko barnetegiko irakaslea da eta lan horretan bost urtean ibilia bada ere, lehendabiziko urtea du familientzako barnetegietan behargin. Hamabi egunetan sei ikasle eta zortzi haur izango dituzte bertan Araitzek eta biek. Goizeko eta arratsaldeko klaseen arduradunak dira beraiek, baina beste hainbat ekintza ere egiten dira bertan.

Gurasoak klasean egoten dira lau orduz goizean eta ordu eta erdiz arratsaldean. Bien bitartean, haurrek begiraleekin ematen dute denbora eta ekintza eta irteera askotarikoak egiten dituzte: igerilekura zein hondartzara irteerak, antzerki tailerrak, mozorrotzea... Bazkaltzeko guztiak elkartzen dira, eta egunerokoan etxean gerta daitekeen egoera hau euskaraz bizitzen dute: «Komunikazioa dago bertan, `jan ezazu hau, hori ez dut nahi', eta momentu hori ematen dugu guztiok elkarrekin». Arratsaldeko ikastorduen ostean, berriz ere elkartzen dira guztiak. «Atzo bertan Altxorraren Bila egin genuen herrian zehar, eta gaur arratsalderako jinkana antolatu dugu, eta bertan bakoitza bere semearekin edo alabarekin jartzen dira».

Aurten, Foruko parte-hartzaileen artean, badira bigarrenez eta baita hirugarrenez ere esperientzia errepikatzen ari direnak. Gurasoek ez ezik, haurrek ere galdetu izan dute «bueltatuko al gara? bueltatuko al gara?», parte-hartzaileengan izaten duten harrera onaren seinale.

Beharrak hala eskatuta ekin zioten familientzako barnetegiek beren ibilbideari. Etxe ugaritan sortzen den egoera da guraso erdaldunek B edota D ereduan seme-alabak matrikulatu izana, baina ikastetxean ikasten eta erabiltzen den euskara horrek eten bat izaten du etxera bidean. Ondorioz, familiarteko komunikazioan hizkuntzen erabileran euskarari presentzia bat ematea eta ohiturak aldatzea da barnetegi hauen erronka nagusietarikoa. Elkarrekintzan, harremanak euskaraz bideratzeko espazio bat sortuz, betiko «txipa» aldatzeko aukera dute, eta batez ere gurasoek gozatzen dute aldaketa horretaz: «Hau eta bestea esan dit, eta gainera dena euskaraz!» .
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo