GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herria, Hego Euskal Herria; hain gertu eta hain arrotz

Euskal Herria, bat eta bakarra, eraiki nahi dutenentzat, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko «muga» administratiboa eta politikoa gainditzeko premia begi bistakoa izan da betidanik. Alta, helburu hori bere egiten ez duten hainbat eragilek ere lurraldeen arteko harremana estutzeko beharra gero eta argiago aitortzen dute. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoak Hegoaldetik zer behar duten abiapuntu hartuta, esparru askotariko ekintzaileek horretaz eztabaidatu dute berrikitan Baionan.

p012_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA

Udako ikastaroak baliatuz Gaindegiarekin elkarlanean UEUk antolatutako mahai-ingurua euskara hutsean igaro zen. Euskal herrialdeen arteko harremanak egun nola bideratzen diren, nola hobetu daitezkeen eta zeintzuk diren elkarlana aitzina eramateko oztopo nagusiak azaldu zituzten, Eguzki Urteaga soziologo lapurtarraren eskutik.

Hizlariek txanda hartu baino lehen, halere, azken urteotan izandako aldaketak nabarmendu zituzten eztabaidaren muina argitze aldera. Hala, Ipar zein Hegoaren harremana indartzeko beharra eremu politiko, instituzional, ekonomiko, sozial zein kulturalean gero eta hedatuago baldin badago, ideia abertzaleek egindako bideari esker izan da; baina Ipar Euskal Herriko eta, oro har, gertuko esparru administratiboko agintariak (Departamendua, Akitania...) harreman horren egokitasun praktikoaz jabetu izateagatik ere bada. Europar Batasunetik bultzatutako aukerek ere, zerikusi handia izan dute pertzepzio horretan. Aldaketa horiek, garrantzi handiko faktorea bizkortu dute, egiazko lankidetza gauzatzeko herritarren zein entitateen borondatea, alegia.

Borondatea ez da aski

Baina «borondatea ez da beti aski izaten», Jean-Mixel Larrasquet ESTIA Ingeniari eskolako irakasleak agertu zuen bezala. Bere ikastetxeak izaera juridikoa izaki, harremanak badituzte, esaterako, Mondragon Unibertsitatearekin, baina Ipar Euskal Herrian unibertsitate propioa ez izateak, hezkuntza mailako lotura ofizialak ia ezinezko bilakatzen ditu, «dena Paueko kudeaketa gunetik igaro behar baita». Gainera, proiektu bateratuak gauzatzeko, bi aldeetako unibertsitateen ereduak eta jarduteko moduak ezberdinak izateak berez dakarren zailtasunari, bai Iparraldeko zein Hegoaldeko irakasle eta erabakitzaileen elkarlanerako kontzientzia eskasa gehitu behar zaio.

Alor ekonomikoan ere oztopoak ez dira gutxi. Peio Olhagarai Merkataritza eta Industria Ganberako (MIG) arduradunak eragile ekonomikoen artean elkarrezagutza oso urria dela nabarmendu zuen. Eta bere erakundeak zerbait badaki horretaz, hogeita hamar bat urte bai baitira MIG Gipuzkoako entitateekin lanean ari dela.

Hala eta guztiz ere, egindako urratsen garrantzia -Bihartean egituraren eta hainbat cluster-en sorrera, adibidez- ukaezina da. Nolanahi ere, elkarlanerako eragozpen nagusietakoa Ipar Euskal Herriko «txikitasuna» litzateke. «Izan ere, ezin dugu ahantzi Euskal Herriko jarduera ekonomiko guztiaren %10 baino gehiago ez garela. Horrek esan nahi du Hegoaldeko enpresentzat Iparraldea ez dela merkatua. Iparraldera begiratzen dutelarik, Frantzia edo Europa ikusten dute, ez Iparraldea», adierazi zuen.

Mixel Etxebest industria gizon eta Mauleko auzapez denak ere, «hegoaldeko enpresariek, baina baita iparraldean ditugun apurrek ere, lurrari atxikimendu gutxi» erakusten diotela eta beren jarduera batez ere parametro kapitalistetatik bideratzen dutela zioen.

Balizko merkatuez jardun zuen Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak ere. Bi eremuen artean harremanak «era naturalagoan» planteatu behar direla nabarmenduta, nekazaritza alorrean Ipar Euskal Herriarentzat Hegoak daukan potentzialtasuna goraipatu zuen, batez ere, «hemen sustatzen dugun laborantza eredu iraunkorra gero eta gehiago eredutzat hartzen ari baitira Hegoaldekoak, bai nekazaritzaren esparruan baita kontsumitzaileen artean ere».

1998an Ipar Euskal Herrian sindikatu nazionala izateko premiaz jabetuta, LAB sortzeko abiatu zuten «abenturaren» nondik norakoak zein geroztik egindako bidea labur azaldu zituen Amaia Fontangek. Legeria eta errealitate sozioekonomikoak arrunt ezberdinak izan arren, eguneroko lanean, batzen dituzten helburuak gauzatzeko egiten dute lan. Euskal esparru sozioekonomikoa sortzeko xede estrategikoaz gain, zenbait proposamen baditu sindikatu abertzaleak, horien artean, egun dagoenaz harago, «mugaz gaindiko langileen egiazko estatus berezia» plantan ematea, trebakuntzarako egitura sortzea edota enpresetan euskara sustatzea.

Jose Luis Aizpuru Euskal Irratiak elkarteko buruak ere, euskal esparru komunikatibo baten premia aldarrikatzearekin batera, euskal komunikazio agentzia bat sortzea planteatu zuen, besteren artean. Hego Euskal Herriko komunikabide sare osoari oro har, baina publikoari bereziki, Iparraldearekiko «diskriminazioa positiboa eta pedagogia» egiteko eskatu zien.

Hizkuntzaren «oztopoa»

Hizkuntzaren oztopoa, behin eta berriz aipatu zuten. Hego Euskal Herrian orain hamarkada batzuk frantsesaren ordez ingelesaren irakaskuntza bultzatu izanaren ondorioz, oso gutxik hitz egiten dute egun frantsesa. Ipar Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoa ezaguna izaki, egoera horrek harremanak asko zailtzen dituela ados ziren guztiak. Egun utopikoa bada ere, euskaldunon hizkuntza propioaren hedapena irtenbide ezin hobetzat jo zuten.

Elkarren arteko ezagutza, hizkuntza, mentalitate aldaketa, hartu-emanen egituraketa iraunkorra... «Mugaz gaindiko» lankidetzak oraindik bide luze eta malkartsua duela agerian geratu zen.

Ipar Euskal Herriak Hegotik zer espero dezakeen zen eztabaidaren izenburua. Kantak dioena irudikatuz, «txikia izanik ere, asko maite zaitut nik» egia bilakatzen hastea izan daiteke modua, «hain gertu eta hain arrotz» dikotomia behingoz apurtzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo