GARA > Idatzia > Mundua

Kronika | Gernika itsasuntzitik

Gose greba

Laster izango da eguerdia. Bero sapa hemen, Atenasekoa ez dut ezta imajinatu ere egin nahi. Han diren gure kideak gose grebari ekitekotan dira. Hamabietan. Leba handiko kontua, gose greba. Historiak erakutsi diguna da badakigula noiz hasten diren; ez, ostera, noiz eta zertan amaitzen diren. Bart horrexetaz jardun genuen. Afalostean. Horretara, Gernika ontzia etorkizunean zer izatea nahi genukeen, horixe bilakatu zen tarte batez burdinazko hau. Ateneoa.

 

Edorta JIMENEZ Idazlea

Hemengo edari zuria ur-botilatik edalontzira eta hortik eztarrira dzanga, historian izen diren gose greba bi ekarri nituen gogora. Heriotzaraino eraman zirenak. Erresuma Batuen mendeko Irlandan, Bobby Sands harena; Espainiako Erresuman, Juan Jose Crespo Galende Keparena. Lehenengoari aldarea jarri, kantuak sortu, olerkiak idatzi eta ez dakit filmik ere ez ote dioten egin. Bigarrenari, berriz, oraintsu egin diote omenaldia, ia oharkabean igaro dena bera. Patu bera biek, nork atzean nor izan zuen, horrexek eragin zuen bataren eta bestearen erabateko militantziaren ostekoa. Ikasgai ederra. Eta ikasgaietan garrantzizkoena, Estatu izeneko enpresek bihotzik ez dutela, atzo kontzientziarik ez dutela esan nuela gogoan.

Gure kideen gose greba ez ei da horraino eroango, ezta hurrik eman ere. Ados, bego! Baina «ei» diot, eta «omen» esan nezake, horrela hobeto uler baledi. Ulertzea baita gakoa. Egoera honetara zerk ekarri gaituen ulertzea, adibidez. Ei eta omen; ba ote, ez ote, ekimen honetara abiatu ginenez geroztik zalantzan bizi izan gara. Zalantzan segitzen dugu. Hemengo Portu Agintaritzak eskatu digun azken papera bazkalostean izango ei dugu prest. Ea ba harrezkero itsasoratzerik badaukagun.

Etorkizun, ikuskizun. Horrelaxe dio esamoldeak. Ikusiko dugu ba. Berdin esan dezakegu irailean Nazio Batuen Erakundean "Palestina-Israel Auziaz" ebatziko denaz. Ikusteko dagoela erakunde txit agurgarri horrek Palestinar Estatua sortzearen alde ebazten duen ala ez. Ba etorkizun horrek ekarri gaitu egoera honetara. NBEk ebatzi beharrekoari begira Israel Estatua izeneko horrek ez baitzeukan guri zuzen-zuzen eta iskilu fisikoez tiro egiterik. Beste batzuek egin digute haren ordez tiro.

Gazarantz ekimen honek ezertan arrakastarik izan badu, delako Enpresak nazioartean dituen aliatuak zein diren argitara ekartzearen aldetik izan du. Politikaren arloan, alegia. Europar Batasuna haren tesien alde engaia- turik da, zer esanik ez AEBak. Azken hori lehendik ere jakin duguna da, ez ostera EBrena. Engaiamendua norainokoa den nik neuk behintzat ez dut jakin norainokoa den. Ez zuen ba Espainiako Erresuma izeneko Nazioarteko Enpresaren Kanpo Arazoe- tako bulegoak esan palestinar herriaren eskubideen aldekoa dela delako enpresa hori, eta Gazara ez abiatzeko, hangoa konpontzeko beste bide batzuk badirela eta? Hara non lotu diren eskubideak. Europar hiritar arrunton eskubideak, baita parlamentari eta beste kargu politikoenak ere, hutsaren hurrengo direla argi eta garbi erakutsi digute Enpresek. Ez da huskeria, ez. Huskeria ez den hori, zein izen eman ez dakit, berori da Ekimen hau amaitu ostean kudeatu behar dena. Irailean New Yorken jokoan izango denari begira kudeatu ere. Horretarako, lehenik eta behin, palestinarrek eurek proposamen sendoa eta bakarra egin beharko dute. Batera agertu ezean ez dute ezer erdietsiko.

Atzoko Gernika Ateneoan ekimen honek irailekoari begira izan lezakeen eraginaz jardun genuen, besteak beste. Palestinaren aldeko Gazarantz honek indarrak batzearen alde egin ote duenetz da bart bezala goizeon nire galdera. Erantzunik ez oraingoz. Israel Estatua izeneko Nazioarteko Enpresaren tesiaren alde nork egingo duen, Gazarantz ekimenak erakutsi digu. Euren buruei Estatu eta Nazio, eta Nazio Estatu, horrelako izenak ematen dizkieten enpresariei presio egin behar diegu, Palestina askearen alde ez bada ere palestinar herriari bere estatutxoa eman dakion behinik behin.

Nahikoa pontifikatu dut gaurkoz. Ordu bata. Atenaseko kideek gose grebari ekin diote. Ixtera noa. Egunak ekarri ahal dizkigun berrien zain eta ontziko zereginez arduratzeko tenorea. Arkumea erostea proposatu da. Itsasotik haizetxoa dator, beroaren leungarri. Ardo zuririk ez daukagu. Zuek bai eta, topa egizue azturuak geure alde izan ditzagun. Hau Grezia da eta, aztikerietan sinistu behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo